Gurpil eszentrikoa
Agian, ez zaizue ezaguna egingo aztertzen hasi behar duzuen operadore honen izena, baina, ziur aski, bere itxura ezaguna izango zaizue, jostailu edo makina mekaniko askok eduki ohi dute eta.
Baina zer da gurpil eszentriko bat?
Ardatza erdian eduki beharrean, handik aldenduta daraman operadorea da gurpil eszentrikoa. Hemen alboan ikus dezakezue bat.
Irudiari begiratuz ikus dezakezue zein den bere funtzionamendua: ardatzak birak ematen dituenean, momentu batzuetan gurpilaren zati laburrena (ardatzetik hurbilen dagoena) egongo da leku jakin batean eta luzeena (ardatzetik urrutien dagoena), berriz, beste momentu batzuetan. Gurpila une batzuetan beste batzuetan baino urrutirago helduko da.
Gurpil eszentrikoa ikusi eta nola funtzionatzen duen ulertzeko, zuek egingo duzue horrelako gurpil bat jarduera honetan.
• Begira iezaiozue arretaz alboko argazkiari, eta hor egindakoa ikusiz, antola eta eraiki ezazue irudian agertzen den muntaia (aurrez zirriborro bat egitea lagungarri izan daiteke). Erabil itzazue, ahal den neurrian, lehen egindako lanak (oinarriak, euskarriak…), eta zalantzarik izanez gero, jo ‘Eraikitze-teknikak’ liburuxkara.
Muntaia erabiliz, operadore teknologiko (gurpil eszentrikoa) honen berezitasunak aztertu behar dituzue jarduera honetan, eta laburpen bat egin, gainerako gelakideei agertzeko.
• Egizue hemen alboko muntaia, eta ikusi nolakoa den operadorearen portaera. Azter ezazue gurpil eszentrikoak biraderaren bira bakoitzeko duen mugimendua. Hemen beheko oharrak lagungarriak izango zaizkizue horretarako.
1. Eman iezaiozue bira laurden bat biraderari (1/4).
2. Ikusi gurpil eszentrikoan ardatzetik urrutien dagoen puntuak egiten duen bidea eta neurtu.
3. Eraman biradera bira erdiraino (1/2) eta ikusi non geratzen den oraingoan lehen aipatutako puntu hori. Egindako bidea neurtu.
4. Gauza bera egin biraren hiru laurdenak (3/4) egiten dituenean.
5. Eman bira osoa biraderari eta egin neurketak.
6. Hurrengo orrialdeko hutsune zuria erabiliz, eta marrazki baten bidez, saia zaitezte adierazten goiko ataletan aipatu ditugun lau egoera horiek (biradera 1/4, 1/2, 3/4 eta osorik biratzerakoan sortzen diren egoera horiek, alegia).
Ikus ezazue zein den gurpil eszentrikoak egiten duen mugimendua eta aztertu zein den mugimendu horren eragina.
Adieraz itzazue ateratako ondorioak, txukun-txukun, eta erabil ezazue marrazki egoki eta sinple bat gurpil eszentrikoaren mugimendua zehatz-mehatz adierazteko.
7. Azal itzazue bildutako datuak hemen beheko taula honetan:
BIRADERAREN MUGIMENDUA GURPIL ESZENTRIKOAREN PORTAERA
Bira laurdena (1/4)
Bira erdia (1/2)
Biraren hiru laurdenak (3/4)
Bira osoa
8. Aurreko taula aztertzean, ikus dezakegu biraderarekin egindako bira bakoitzean gurpil eszentrikoak oso mugimendu jakina egiten duela. Azalduko al zenukete nolakoa den mugimendu hori?
9. Egizue proba biraderari kontrako bidean biraraziz, eta ikusi nolakoa den orain birabarkiaren mugimendua. Zer eratakoa da orain higidura? Berdin al da biraderari alde batera ala bestera eragitea? 10. Aurreko jardueretan (eta honetan) ikusitakoa kontuan izanik, presta ezazue gelako beste kide guztiei egin beharreko aurkezpena: gurpil eszentriko bat zer den eta nola funtzionatzen duen adierazi behar diezue, argi eta garbi
Fitxategia: