Operadore teknologikoak

Operadore teknologikoei buruzko informazioa eskaintzeko jarduera da oraingo hau, baina hasieratik hasteko, historia apur batez emango diogu sarrera. Gizakiak hasiera-hasieratik erabili behar izan zituen zamak alde batetik bestera. Eta are okerrago dena, behetik gora: pareta bat egiteko, etxe bat eraikitzeko… Baina zamak garraiatzea edo altxatzea (ikusi 1. irudia) ez da gustuko lana inorentzat, eta gizakiak berehala asmatu zituen lan gutxiago egiteko trikimailuak. 
 
Hasiera bateko trikimailua, zama altxatu beharrean igotzea (soka batekin edo) izan zen, 2. irudian ikus dezakezuen bezala. 
 
Denboran zehar, gauzak igotzeko bide errazagoak asmatzen joan ziren gizakiak. Egiptoarrek, piramideak egiteko, edo gure arbasoek, trikuharrien gaineko harritzarra ipintzeko, aldapak egiten zituzten hondarrez edo lurrez. Zamak igotzeko, indarka aritzea eta behetik gora zuzenean egitea baino errazagoa da. 
 
Beraz, aldapa, arrapala edo plano inklinatua deitzen diogun trikimailu edo operadore teknologikoa erabiltzen zuten zamak igotzeko. Eraikitze-lanak bukatu ondoren, zamak igotzeko erabili zituzten arrapalak kendu, eta eraikina han geratzen zen, dotore asko. Hor alboko 3. irudian ikus dezakezue nolakoa zen arrapalaren erabilera. 
Ez pentsa, hala ere, antzinako egiptoarren eta gure arbaso zaharrenen garaian bakarrik erabiltzen zela arrapala. Gaur egun ere erruz erabiltzen da: esate baterako, ezinduen gurpil-aulkiak edo umeen kotxeak norabait igotzeko (hor alboko 4. irudian ikus dezakezue adibide bat), eta autoek ere horrelako aldapak igotzen dituzte espaloiak gurutzatu behar dituztenean.  
 
Dena dela, eta antigoaleko denboretara itzuliz, arrapalarena asmakizun ona izan bazen ere, harri astun haiek mugitzea ez zen gauza erraza, ez aldapetan ez toki lauan ere,  eta asko kostatzen zitzaien. Zerbait asmatu beharra zegoen! 
 
Egiptoarrek honako sistema hau asmatu zuten harritzar astun haiek garraiatzeko: azpian egur biribilak (enborrak) jarri eta haien gainean eraman zama. Horrela, errazago garraia zitzaketen harriak. Hemen alboko marrazkian ikus dezakezue nolakoa izan zitekeen garraio hori. 
 
Ikusten duzuenez, harri azpian jartzen ziren enborrak gurpil berezi batzuk besterik ez ziren, eta, benetan, beste operadore teknologiko bat dela esan dezakegu (hurrengo jarduera batean aztertuko dugu operadore hori: gurpila). 
 
Aurreko jarduerako informazioa jaso ondoren, handik atera daitezkeen zenbait ondorio ezagutzeko da aplikazio-jarduera hau. 
 
• Irakur ezazue arretaz aurreko jarduera, aztertu zer diren operadore teknologikoak, ikusi zein diren hor agertzen direnak eta atera ondorioak. Hemen beheko bi esaldiak osatzeak, teknologia aldetik, bi ondorio nagusi ateratzeko balioko dizue. 
 
1. Material bat (zama bat, esaterako) altura jakin batera igotzeko errazagoa da 
                                                    (bertikalki/ plano inklinatua erabiliz) igotzea. 
2. Aldapa batean gora igotzeko, nahiz toki lauan mugitzeko, zama bat
                                                    (arrastaka eramanez/enborrak edo gurpilak erabiliz) errazago garraiatzen da.
Fitxategia: