Operadore teknologikoak

Informazioa biltzeko ataletan egin ohi dugun bezala, proiekturako erabili behar ditugun zenbait operadore aipatuko ditugu orain; palanka, polea eta torlojua horien artean. Horrez gain, mugimenduaren transmisioa, transmisio-erlazioa, abiaduraren txikitzea eta indarraren handitzea eta transmisio-sistemak ere aipatuko ditugu operadore teknologikoei eskaintzen diogun ataltxo honetan. 
 
Palanka 
Operadore teknologikoen azterketa hasteko, esperientzia batekin hasiko gara, eta palanka izeneko operadorea izango dugu aztergai. 
 
• Palanka batean eragina duten faktoreak bereiztea lortu behar duzue jarduera honetan. Ikerketa egiteko, eraiki ezazue ereduan ageri den bezalako balantza bat, eta oinarri batean finkatu. Azkenik, erantzun iezaiezue egindako galderei, eta osatu ipinitako taulak. 
 
Egin berria duzuen eraikuntza horretako balantzaren alde batean, jaso behar den pisua jarriko duzue: erresistentzia. Beste aldean, berriz, zuek egin behar duzue indarra. Egiten duzuen esfortzu horri potentzia deituko diogu.  
 
Arazo bat dugu: bi indar horiek neurtzea ez dela batere erraza gertatzen. Horregatik, zuen indarraren ordez, pisu bat jarriko duzue.  
 
Gauza horrela direla, egin itzazue saiakuntza ugari, proposatzen dizkizugun egoera hauek (eta zuk nahi dituzun beste hainbat) frogatzeko: 
 
• Pisu berdinak erabiliz, asmatu balantza hori noiz geratzen den orekan eta noiz ez. 
• Errepikatu saiakuntzak hainbat pisu erabiliz eta hainbat lekutan kokatuz. 
 
1. Egindako saiakuntza horiek direla oinarri, zer ondorio aterako zenukete? Erabilitako indar horiez gain, ba al dago kontuan izateko beste faktoreren bat? Zein? 
 
Saiakuntzekin aurrera jarraituz (hainbat pisu dituzuela eta ardatzarekiko distantziarekin jokatuz), balantzari orekan eustea lortu behar duzue.  
 
Oreka-egoera horiek lortzen dituzuenean, idatzi itzazue emaitzak taula honetan. 
Orain, ondorioak ateratzen saiatuko gara: taulako datuak aztertu, eta palankan gertatzen diren orekak esplikatzeko formula bat aurkitzea izango da ondorio horiek behar bezala laburbiltzeko bide egokia.  
 
Horretarako, gertakizun bakoitzean eragina duten faktoreak erlazionatu behar dituzue. 
 
Ea nola osatzen duzuen hemen behean proposatzen dizuegun formula hau: 
 
…………………………… x potentziaren besoa = erresistentzia x ……………………………
Fitxategia: