Ahokatze-metodoa

  Dagoeneko, zuen proiekturako lehen diseinua izango den zirriborroa egin duzue, eta bertan, egituren izenak eta beste hainbat datu ipini dituzue. Marrazterakoan sumatuko zenituzten, beharbada, hainbat gabezia edo zailtasun: proportzioak orekatzeko garaian edo tresnaren hiru dimentsioak agertzerakoan (perspektiba erabiltzerakoan), adibidez. 
  
  Hurrengo urratsa proiektuaren plano teknikoa egitea izango da, aurrez egin duzuen zirriborro hori hobetuko duen marrazki dotore eta informazioz betea osatzea. Ondoren datozen jarduerak, proiektuaren plano tekniko hori egiten trebatzeko dituzue. 
  
  Plano teknikoak ondo egiteko, unitatez unitate ikasten joango zareten hainbat gauza jakin behar dira, eta horietako lehenengoa ikusiz hasi behar duzue oraingoan: ahokatze-metodoa. 
  
  Oraintxe bertan ikusiko duzuen bezala, zuek egindako aurreko zirriborroari itxura pixka bat emateko marrazketa-teknika da ahokatze-metodoa. 
  
  Ahokatze-metodoa 
  Ahokatze-metodoa marrazkiak egiteko metodo bat da, eta bertan, marraztu behar den objektua (edo bere zatiren bat) justu-justu kabitzen den laukizuzen batean (2 dimentsiotako ahokatze-metodoa) edo kaxa batean (3 dimentsiotako ahokatze-metodoa) sartuta irudikatzen da.  
  
  Marrazteko erraza den (eta guk nahi dugun neurria duen) irudi ezagun bat laukizuzen edo kaxa baten barruan marrazteak abantaila handiak ditu proportzioak mantendu eta itxurazko marrazkiak egiteko. 
  
  Hemen alboan eta azpian ageri diren irudietan (txakurraren etxetxoa) dituzue marrazketarako metodo hau erabiltzen hasteko adibideak. 
  
  Jarduera honetan, ahokatze-metodoa zer den eta metodo horretaz nola balia daitekeen ikusi ahal izan duzue, baina nola erabiltzen den jakiteko erarik onena erabiltzea da, eta horixe egin behar duzue. 
  
  Hasteko, ahokatze-metodoa bi dimentsiotan nola erabili aztertuko duzue; hau da, marrazkiak laukizuzenen barruan ahokatzen. 
  
  • Egin itzazue zuek ondo ezagutzen dituzuen eta askotan erabiltzen dituzuen objektuen marrazkiak, bi dimentsiotako ahokatze-metodoa erabiliz.  
Fitxategia: