Sistema diedrikoa

Irakasleak gitarra klasiko bat marrazteko eskatu izan balizu, ondorengo irudietan ageri diren bi irudi horietako baten antzeko zerbait egingo zenukeen. Arretaz begiratzen badiezu, konturatuko zara badaudela zenbait desberdintasun bi irudien artean. 
 
Eta desberdintasun horiek ez dira marrazkia egiteko eran bakarrik gertatzen, baita marrazkia ulertzeko eran ere. Bi marrazki horien arteko konparaketak erakutsiko digu bistak eta perspektiba marrazteko sistemen artean dagoen desberdintasun nagusia. Izan ere, bistetan objektuaren alde bakarra adierazten da eta perspektiban objektuaren alde bat baino gehiago. 
 
Marrazkiak ulertzeko bi era horiek ez dira orain sortuak, ezta teknologiako irakasleei edo liburuen egileei horrela bururatu zaielako egin den zerbait ere. Gauza oso aspalditik dator: ezagutzen ditugun marrazteko bi era horiek ezagunak dira aspaldidanik.  
 
Herri eta zibilizazio zaharrenek bistak izendatuko dugun marrazki mota erabili izan zuten. Denboran zehar, eta poliki-poliki, marrazkilariak perspektibaren nozioak garatuz joan ziren. 
 
Hemen alboan dituzu adibide batzuk. Hasierako zibilizazioetan (Egipton, esaterako) egiten ziren marrazkiak alde batetik begiratuta egindakoak ziren, bistak, zuek gehienetan egiten dituzuen bezala. Marrazki horietan gauzen alde bat besterik ez da ikusten. 
 
Gero, denboran zehar, marrazkiak beste era batera adierazteko bideak asmatu ziren, marrazkiak ulertzeko beste era bat asmatu zen. Marrazkiak egiteko era berri horretan, gauzen alde bakarra agertu beharrean, alde bat baino gehiago agertzen dira eta horrek irudiari bolumen itxura ematen dio. 
 
Bigarren unitate honetan marrazkiak ulertzeko lehenengo era erabiliko dugu batez ere –hau da, objektuen bistak nola marrazten diren ikasten jardungo dugu–, eta gerorakoutziko dugu perspektiba zer den ezagutu eta lantzea. 
 
Objektu bati begiratzeko milaka eta milaka puntu aukera genitzake. Begira bestela kubo bat nola agertzen den hainbat lekutatik begiratuta:  
 
Baina horietatik guztietatik, kuboa adierazteko erabiltzen den bista bat bakarra da, eta zein den asmatzeko, gogoratu Egipton marrazkiak egiten zituztenean alde bakarra ikusten (eta irudikatzen) zutela eta gogoratu zein izaten den kubo baten alde bakarra. 
 
• Ikus ezazu aurreko irudi horietatik guztietatik zein izango den kubo baten bista, eta egin itzazu, ondoren, beheko ariketak. 
 
1. ariketa. Pentsa ezazu edozein kuboren bistak egin beharrean, dado batenak egin behar dituzula. Zenbat bista izango ditu dado batek? Zergatik? 
 
2. ariketa. Marraz itzazu dado baten bista guztiak. Hurrengo orrialdean duzu marrazkiak egiteko lekua. 
 
Aurreko orrialdean dado baten bistak zein diren eta marrazki batean nola koka daitezkeen adierazteko eskatu dizugu. Hemen duzu hori egiteko lekua. 
 
3. ariketa. Hemen beheko marrazkian ikus ditzakezu objektu bati (autoa) sei tokitatik ateratako argazkiak. Argazki horiek sei bista nagusien antza handia dute eta bista kontzeptua ulertzeko lagungarriak izango zaizkizu. Hauxe da zure lana: argazkiak nondik eginda dauden identifikatzea eta argazki bakoitzak izena jartzeko hutsune bat duenez, hutsune horiek betetzea. 
 
 
               Aurretik                         Atzetik                        Ezkerretik 
               Eskuinetik                      Goitik                          Behetik 
 
Fitxategia: