Proiektuaren diseinua eta zirriborroa

Aurreko ataletan egindako lanaren ondoren, eta zuen proiektua eraikitzen hasi aurretik, hainbat pauso eman behar dituzue. Eraikuntza-lanerako taldeek osatuta egon behar dute dagoeneko, eta taldekide bakoitzak zuen proiekturako diseinua egiten hasi behar du.  
 
Talde bakoitzak aukeratu duzue lehen arazo bati erantzuna emateko proiektua. Orain, proiektu hori gauzatzeko, eraiki beharreko egituraren diseinua egin behar duzue, eraiki nahi duzuen tresnaren (edo hori osatzeko ideiaren) berri adieraziko duena. 
 
Diseinu hori egiterakoan, garrantzi handia du proiektua eraikitzeko egiten duzuen marrazkiak. Egia esan, orain baino lehen egingo zenituzten marrazkiak –batzuk eskuz, beste batzuk erregela eta hainbat tresna erabiliz–, baina nola egin behar da diseinurako marrazkia? 
 
Diseinurako erabiltzen diren marrazkiak bereziak izan ohi dira, neurri batean. Horietatik errazenak zirriborroa edo bozetoa deituak dira. 
 
Baina, zer da zirriborroa? 
 
Zirriborroa edo bozetoa eraiki behar duzuen objektuaren lehen irudi grafikoa da, eskuz egina, arkatza eta borragoma bakarrik erabiliz egiten dena. 
 
Esan beharrik ez dago, lehenengo marrazkia izanik, behin-behinekoa dela zirriborro hori, gutxi gorabehera egindakoa, eta neurriak, jartzen badira ere, ez direla zehatzak izango, iritzira eginak baizik. 
 
Prest al zaudete zuen proiektuaren zirriborroa marrazteko? Badakigu, lehena izanik, ez dela oso zehatza izango, baina ahalegin zaitezte ondo egiten. Bakoitzak bere zirriborroa egin ondoren, taldean adostu zirriborro guztien artean zein izango den taldeko gisa aukeratuko duzuena. Zirriborro hori bukaerako txostenean sartu beharko duzue. 
 
Saia zaitezte zirriborro horretan ahalik eta informazio gehien sartzen: zer egitura mota erabiliko dituzuen (habeak, zutabeak, eskuairak, arkuak, euskarriak..), zer profil mota erabiltzeko asmoa duzuen, elementuek zer esfortzu mota jasango dituzten, etab. 
 
• Egizue zuen proiekturako zirriborroa, eta jar itzazue bertan eraikuntza egiteko ahalik eta informazio gehien. 
 
PROIEKTUAREN TXOSTEN TEKNIKOA 
Proiektuaren zirriborroa  
Fitxategia: