Gorputz zilindrikoen bistak

 Hasi berria zara objektu baten bistak marrazten, baina lan horretan badira oraindik, agian, sumatu ez dituzun hainbat zailtasun. Horietako hiru aipatuko dizkizugu (gorputz zilindrikoak, plano inklinatuak eta ezkutuko planoak) eta gainditzeko laguntza eskaini. 
 
 Gorputz zilindrikoekin hasiko gara. Jo dezagun kola-barra baten bistak egin nahi dituzula: aurretikoa, goitikoa, ezkerretikoa, eta nahi izanez gero behetikoa. Goitikoak eta behetikoak ez dute zailtasunik, baina aurretikoa edo ezkerretikoa egiterakoan, oso normala da hemen alboko irudietan agertzen diren akatsak egitea.  
 
 Baina non dago akatsa? 
 
 Hemen agertzen dizkizugun pausoak banaka-banaka eta arreta osoz ematea oso interesgarria izango zaizu akats hori betiko baztertzeko. Lanean hasteko behar dituzun gauza bakarrak bi kartoi mehe txiki dira. 
 1. Ipin ezazu kartoi mehe txiki horietako bat kola-barraren beheko oinarrian. 
 2. Kartoi mehe hori eta kola-barraren oinarria elkar ukitzen ari dira hedadura guztian. 
 3. Ipin ezazu bigarren kartoi mehea kola- barraren goiko oinarrian. 
 4. Kartoi mehe hori eta kola-barraren goiko oinarria, biak, elkar ukitzen ari dira hedadura guztian. 
 5. Pentsatu kola-barrak eta bi kartoi meheek pieza bakar bat osatzen dutela eta marraztu horren bistak (ez ahaztu kartoi meheak eta oinarriak elkar ukitzen ari direla hedadura osoan). 
 6. Hemen alboan duzu irudia eta konturatuko zara zilindroaren alboko bistek laukizuzen baten irudia izan behar dutela. 
 
 Bistak egiterakoan, beraz, zilindro baten edo prisma baten alboko bistak berdinak izango dira bi kasuetan: laukizuzenak. 
 
 Horrek ez al du bi irudiak nahasteko arriskurik eragiten? 
 
 Nahasketarik ez izateko, bista horietan errotazio-ardatz bat jartzen da, bistak marrazten ari garen pieza zilindro bat den kasuetan. Baina hori hobeto ikusi nahi baduzu, hurrengo orrialdean dituzu marrazkiak. 
 
 Hemen alboko marrazkietan ikus dezakezu bai prismak bai zilindroak aurretiko bista berbera izan dezaketela. 
 
 Hor agertzen den laukizuzena sakoneraren neurrian atzera aldatzen bada, prisma bat sortuko du, baina laukizuzen horri 180°ko bira ematen badiogu, zilindro bat sortuko du. 
 
 Nola bereizi bi irudiak?  
 
 Zilindro bat dela adierazteko, ardatza marrazten zaio bistari (hor alboan ikus dezakezun eran). Ardatzak era berezian irudikatuta dagoelako adierazten du bere ardatz-izaera: lerroa ez da, izan ere, lerro jarraikia, zatikatua baizik, hau da: marra luzea, puntua, marra luzea, puntua… Zilindroaren arazoa bikoiztu egiten da zilindro hori solidoa izan beharrean beste objektu batean egindako zulo zilindrikoa denean, oraingoan ezkutuan geratzen baita. Ezkutuan dauden lerroak ere adierazi ohi dira bistetan, baina horretarako marrak bereziak dira: marra laburrez egindako lerroak.  
 
 Ez ahaztu errotazio-ardatzak ere marrazten direla bistetan, marra luzez eta puntuz eginda, lehen esan dugun bezala. 
 
 Hemen alboko marrazkian duzu adibide garbi bat: zulo zilindrikoa duen pieza eta ezkutuko lerroak erabili beharra bistetan. 
 
 Aurreko informazioa kontuan hartuz egitekoa duzu oraingo hau, haren osagarria baita. 
 
 • Hurrengo orrialdean bi objekturen irudiak dituzu, eta alboan objektu horien bistak (aurretikoa eta goitikoa) egiteko lekua. Saia zaitez bista horiek ahalik eta ondoen marrazten orain arte ikasitakoa aplikatuz.
Fitxategia: