Krokisa

Proiekzioen bidez objektuen bistak egiteko marrazketa-sistemari, sistema diedrikoa esaten zaio. Hurbiltzen hasiak zarete, beraz, marrazketako sistema diedrikora: dagoeneko badakizue zer diren objektu baten bistak edo proiekzioak, eta beste zenbait puntuz ere jardun duzue. 
 
Sistema honetan, arautegi nahiko zehatza dago finkaturik, honezkero konturatuko zineten bezala. Lan egiteko garaian ere, zehaztasun hori zuei kutsatu eta, segur aski, proposatu dizkizuegun lehenengo proiekzio horiek marrazterakoan, eskuaira, kartaboia, erregela, konpasa eta delineatzeko tresneria erabiliko zenituzten.  
 
Hori dena oso ondo dago, baina grafikoak egin beharra edozein une eta tokitan suertatuko zaigu, eta askotan ez dugu ez tresnarik ez astirik izango xehetasun guztiak dituzten marrazki teknikoak egiteko. Horregatik, halako egoeretan, krokisaz baliatzea izaten da komenigarriena. 
 
Krokis bat nola egiten den erakusten saiatuko gara jarduera honetan. 
 
Krokisa eskuz egindako marrazki bat da, eta bertan –nahiz eskuz egin marrazkia, eta tresnarik gabe– objektuaren forma eta neurriak zehaztasun handiz adierazten dira: proportzioak zaindu, akotazioak erabili neurriak adierazteko eta objektu hori fabrikatzeko behar den informazioa aipatu.  
 
Hemen segidan duzue aurreko bi marrazkiek irudikatzen duten muntaketaren krokisa.  
 
Jarraian datozen jardueretan zehaztuko dugu gehiago krokisari buruz esandakoa, eta krokisaren erabileran trebatuko zarete, baina nola egiten da krokis bat eskuz eta zehaztasuna handiz? 
 
Marrazki batek proportzioei euts diezaien, orain arte, behintzat, eskala erabili izan dugu baliabide gisa. Baina askotan ez da posible izaten. 
 
Marrazki proportzionatua lortzeko, badaude trikimailuak, eta hemen beheko marrazkian ikus dezakezue gehien erabili ohi denetako bat: arkatzaren laguntzaz, neurriak gutxi gorabehera har ditzakegu, honako adibide honetan bezala.
Fitxategia: