Aurkezpena

1. Aurkezpena 
 
Teknologia arloko curriculuma diseinatu eta garatzeko orduan, ikuspegi eta estrategia desberdin zenbait hartu izan dira abiapuntu eta antolakuntza eredu. Gure proposamenaren zehaztapenak aurkeztu aurretik, aipamen labur batez, ezagunenak gogora nahi genituzke, erreferentzia modura baliagarriak izan daitezkeelako.  
 
Honela, ezagutzera eman diren estrategien artean, batzuek lan mundurako prestakuntzari eman nahi izan diote garrantzia, eta horien ustez hezkuntza teknologikoaren egiteko nagusia ikasleak eskulanetan trebatzea izango litzateke.  
 
Beste zenbaitek, arlo honen egitekoa, batez ere, prestaketa teorikoan jartzearen beharra azpimarratu dute, eta gaiaren ardatza fisikaren inguruko ezagutza tekniko-zientifikoetan jarri behar dela aldarrikatzen dute.  
 
Badira, baita ere, arlo hau beste batzuen lagungarri edo osagarri modura antolatzearen alde agertzen direnak ere, eta horrela, adibidez, fisika edo biologia gaietako saiakerak eta aplikazioak egitera zuzentzea hautabide egokitzat jotzen dute.  
 
Planteamendu horiek diotenarekin kontrajarriz, gure proiektuan jaso nahi dugun ikuspegia hezitzaile-kulturala izendatuko genukeena da. Proposamen honen helburua: lan proiektuak burutuz, arazoak ebazteko gaitasunak garatzea. Teknologia arloaren orientabide honek ezagutza zientifikoak, teknikoak nahiz humanistikoak integratzen ditu, eta etapako helburuen zerbitzuan lantzen ditu ikuspegi hezitzaile eta kultural batean murgildurik. Teknologia, honenbestez, kulturaren oinarrizko alor moduan hartzen da, eta ikasleei honakoan lagundu beharko lieke: arazo praktikoei erantzuteko gaitasuna garatzen eta pertsonen autonomia eta kritika ahalmena areagotzen, ingurunearekiko etengabeko harremanean. 
 
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, arlo honen ezarpena berria bada ere, gurean eta inguruko herrialde garatuetan bada nahiko adostasun horren izaerari eta osagaiei buruz, eta osagai horien artean, honako hauek azpimarratzen dira: 
 
  • Gero eta teknifikatuagoa dagoen gizarte honetan, nahitaezkoa da inguratzen gaituen teknologiaren erabiltzaile eta parte-hartzaile eraginkorrak eta kritikoak izaten ikasteko arlo berezi baten ezarpena: teknologia arloarena. 
 
Teknologia oro gizarte testuinguru batean gauzatzen da, eta testuinguru hori sortzailez, erabiltzailez, interesatuz, eragina jasaten dutenez eta abarrez osatuta dago, eta hor balio ez teknikoek ere eragin nabarmena dute. Teknologiaren eta gizartearen arteko elkar eragina ukaezina da. Alde batetik, teknologia esanahi handiko eragilea izan da gizarte antolakuntzan eta pertsonen bizi baldintzetan, baina, aldi berean, gizarteko balioek eta arauek garapen teknologikoa baldintzatu dute. Teknologiaren curriculum planteamenduan ahaztu ezineko osagaia da, beraz, osagai soziala eta kulturala deitzen dugun hori. 
 
  • Teknologiaren beste osagai garrantzizko bat hitzezko eta grafiko bidezko adierazpideen inguruan biltzen da. Garapen teknologikoan sortzen diren irtenbideak ezagutzera emateko eta hori zehaztasunez egin ahal izateko, ezinbestekoak gertatzen dira adierazpide grafikoak eta hiztegi egokiz egingo diren azalpenak. Zentzu horretan, ohiko komunikazio teknikorako bitartekoekin batera, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia berriek ere, gaur egunean duten presentziagatik, arreta berezia merezi dute inolako zalantzarik gabe.   
 
  • Objektu teknikoak ulertzeko eta erabiltzeko nahiz horietan eragiteko, edozein aktibitate teknologikori ekin behar diogunean, teknologiaren historian hainbat urtean zehar pilatzen joan diren ezagutzak kontuan hartuz abiatzea da emaitza onak lortzeko biderik zuzenena. Ezagutza horietan, teknikariek egin dituzten esperientzien ondorioak eta printzipio zientifikoen aplikazioak jasotzen dira; eta nahiz objektu baten analisia egiteko unean nahiz arazo baten soluziobidea planteatzerakoan ezinbesteko baliabide diren horiek teknologia arloaren osagai zientifikoa deituko duguna osatuko dute.  
 
  • Aurreko puntuan ezagutza teorikoei edo lege zientifikoei buruzko osagaiaz jardun badugu, oraingo honetan ekintzarekin loturiko trebeziak eta teknikak azpimarratu behar ditugu, haiek beteko baitute arlo honen beste osagai bat. Trebezia horietan sartzen dira objektu konkretuak lantzeko eta aldatzeko edo eraikitzeko jarraitu behar diren prozedurak, bai eta baliabideen eta objektu teknikoen erabilpen egokia egiteko ahalmenak ere. 
 
  • Azkenik, osagai metodologikoaz hitz egin behar dugu, eta arazoen soluziobide teknikorako prozeduran egin beharreko lan ordenatu eta sistematikoa eta lan horretan eskatzen diren trebeziak jaso nahi dira bertan. Arazo konkretuak ebazteko estrategiekin batera objektu teknikoen funtzionamendua analizatzeko eta ulertzeko gaitasunak ere kontsideratzen dira osagai honetan. Estrategia horiek, gizakiak, arazo konkretuak gainditzeko, betidanik erabili izan dituen metodo eta prozedurak hartzen dituzte erreferentziatzat; eta horrela, arlo honetako hezkuntzaren ardatza ondokoek osatuko dute: arazoaren identifikazioarekin eta azterketarekin hasi eta arazo hori gaindituko duen objektuaren eraikuntza eta ebaluazio arteko prozesuarekin loturiko gaitasunek eta ezagutzek. Honenbestez, osagai hori da ikaslantegiko lan prozesuan beste guztiak antolatzen eta integratzen dituena, eta horregatik aparteko arretaz jaso behar dena.