Helburuak
4 DBH 1.1 UNITATE DIDAKTIKOA “Eutsi, jira eta bira”
HELBURU DIDAKTIKOAK
1. Prozesu teknologikoaren faseak bereiztea eta proiektu erraz bat egitean teknologian erabiltzen den metodologia aplikatzea, batez ere arazoaren identifikazioan sakonduz eta ahalik eta aldagai gehienak erabiliz, zentzu konstruktiboa garatzeko.
2. Proiektu teknologikoak egitean, inguruko objektuak, sistemak eta soluzioak arakatuz, materialak, operadore motak eta fabrikazio tekniken arabera informazioa sintetizatzea, iturri desberdinetan oinarrituz eta irtenbide bakoitzaren balorazioa eginez. 3
. Ideiak eta proiektuak adierazteko irudikapen grafikoan oinarritzea eta zirriborroa lehen baliabide izatea, eta hori guztia egiteko oinarrizko diren tresnak (arkatza, konpasa, erregelak...) egoki erabiltzea.
4. Eraiketarako behar diren oinarrizko tresnak (kolak, zeloak, guraizeak, kuterrak...), teknikak (neurketa, marrazketa, mozketa, konformazioa, elkarketa, akabera, zulaketa...) eta neurgailuak (eskuaira, erregela, kartaboia, konpasa...) arauen arabera manipulatzea, erreminta bakoitzaren ezaugarriak identifikatuz eta segurtasun neurriak kontuan izanik.
5. Gure inguruan ditugun eraikuntzetako egituretan erabiltzen diren osagai garrantzitsuenak (zutabeak, habeak, eskuaira, tiragarriak, arkuak...), eta horien portaera eta material ohikoenak bereizten jakitea.
6. Lanerako oinarrizko materialen (papera, kartoia, kartoi mehea, haria...) ezaugarriak gogoan edukiz eraikuntza bakoitzerako egokiena aukeratzea, eraginkortasun irizpideak kontuan izanik (esfortzuak, ekonomia, fabrikazio prozesua, birziklatzeko aukerak eta ingurunean duten eragina ikusiz).
7. Operadore mekaniko sinpleak (polea, gurpila, biela, espeka) eraikitzea eta erabiltzea, inguruan ditugun material sinpleen bidez, ahalbidetzen dituzten mugimendu mota desberdinak eta beren arteko eraldaketak identifikatuz.
8. Teknologia gela eraikuntza lantegia dela gogoan izatea, lan bakoitzerako egokitutako guneak errespetatzea eta gune bakoitzeko lan prozedurak zuzen aplikatzea.
DBH 1.2 UNITATE DIDAKTIKOA “Zamak arintzen”
HELBURU DIDAKTIKOAK
1. Proiektuaren metodoaren faseak txosten tekniko batean zehaztasunez aurreikustea eta adieraztea, planifikazioan sakonduz eta lana banatzean taldekide bakoitzaren ardurak eta ekarpenen aniztasuna errespetatuz.
2. Soluzio teknikoak adierazi eta interpretatzea, krokisak eta zirriborroak zuzentasunez erabiliz, eta sortu beharreko tramankuluaren elementuen adierazpen grafikoa bista bidez marraztea, akotazioa eta sistema diedrikoaren oinarrizko araudia aplikatuz.
3. Ikasgela-lantegiko biltegian ohiko diren lanabesak erabiltzea (bihurkina, aliketa, zizaila, soldagailua...) dagokien erabilpen egokirako orientabideei jarraituz, batez ere segurtasun eta higiene arau nagusiak bereiziz eta ordenean lan egiteko konpromisoa hartuz.
4. Mugimenduen nahiz esfortzuen transmisiorako erabiltzen diren operadoreen (torlojoa, palanka, txirrika...) ezaugarriak eta funtzioak identifikatzea, eta ikasgela-lantegian eraiki eta funtzionamendua ikertzea.
5. Materialen oinarrizko ezaugarriak (eroankortasun termikoa, dilatazio termikoa, ezaugarri elektrikoak, ezaugarri magnetikoak...) identifikatzea eta proiektuan erabiliko diren materialen aukeraketan ezagutza hori aplikatzea, berrerabilpen posibilitateak eta erak balioetsiz.
6. Kostu orri bat egiteko faktoreak bereiztea, eta proiektua diseinatzerakoan kontuan izan eta txostenean erabiltzea (integratzea), produktu teknikoak eraiki eta merkaturatzeko.
7. Gizartearen historian eman diren zenbait irtenbide tekniko analizatuz, izan zuten eraginari buruzko ondorioak ateratzea eta baikortasun neurrigabearekiko kritiko azaltzea.
DBH 2.1 UNITATE DIDAKTIKOA “Jarri martxan”
HELBURU DIDAKTIKOAK
1. Arazoa ebazteko, proiektu-metodoaren faseak txosten tekniko batean zehaztasunez antolatzea, soluzioaren diseinuan sakonduz, eta inguruko objektuak eta sistema teknologikoak analizatuz irtenbide egokienari buruzko informazioa lortzeko.
2. Cavalieri perspektiba bitarteko grafiko gisa aplikatzea, eta sistema diedrikotik abiatuz komunikatzeko teknika moduan erabiltzea, espazioaren kontzeptuan sakontzeko.
3. Zirkuitu elektriko sinple bateko elementuen (sorgailua, hartzailea, kontrolagailuak…) funtzioak bereiztea, eta hauek egiteko oinarrizko lanabes eta teknikak (soldagailua, erregeleta, argiketariaren lanabesak, lotura elektrikoak…) zuzen erabiltzea.
4. Materialak sailkatzea, horien propietateak esperimentatuz (eroale/ez eroale, metaliko/ez metaliko, ferriko/ez ferriko…), eta egoki hautatzen jakitea, azken produktu teknologikoaren funtzionamendua bermatzeko.
5. Gizarteak maiz erabili dituen teknikak direla eta, elektrizitatearen eta elektromagnetismoaren oinarrizko fenomenoek gaur egun dituzten aplikazioak identifikatzea (pila, motorra, txirrina, dinamoa…), eta teknologia horrek sortu dituen arazoak eta irtenbidetzat proposatzen diren energia berriztatzaileak erabiltzearen ondorioak interpretatzea.
6. Lantegian lantzen diren fabrikazio tekniketan segurtasun eta higiene arau nagusiak errespetatzea, eta lan giro orekatua izaten ahalegintzeko elkarlanean aritzea.
7. Proiektu honi dagozkion eskaera orria, albarana eta faktura nola osatu behar diren aztertu eta aplikatzea, proiektu teknologiko batean arlo ekonomikoak duen garrantzia ikusteko eta azpimarratzeko.
DBH 2.2 UNITATE DIDAKTIKOA “Makina kontrolatuak”
HELBURU DIDAKTIKOAK
1. Proiektu teknologikoa egitean, fase teknikoen garapen egokiak eskatzen dituen baliabideak –diseinu ona egiteko informazioaren bereizketa eta antolaketa, lanaren antolaketa, fabrikazio tekniken ezagutza, erreminta egokien erabilera, prozesuaren kontrola, emaitzen ebaluazioa eta abar– bereiztea eta ebaluazioaren fasean sakonduz ondorioak ateratzea.
2. Perspektiba isometrikoa irtenbide eta ideia teknikoak zehazki adierazteko bitarteko grafiko moduan erabiltzea, komunikazio teknikorako sistema hori oso baliagarria izaten dela jabetzeko.
3. Objektu baten piezen arteko loturak (finkoak eta desmuntagarriak, torloju, gabila, iltze, kola eta beste batzuez egindakoak) behar bezala egiteko oinarrizko teknikak eta erremintak egoki erabiltzea, akabera ona duten eta zuzen funtzionatzen duten mekanismoak lortzeko.
4. Zirkuitu elektriko sinple baten eskema sinbologia normalizatuaren bidez proiektuetan irudikatzea, oinarrizko kontzeptuak (tentsioa, intentsitatea, erresistentzia) identifikatzea eta kontzeptu horien arteko erlazioak (Ohmen legea, serie eta paraleloko loturak eta horien elementu osagarriak) indukzioz arrazoitzea, muntaketan osagaiak aldatuz eta neurketen emaitzak alderatuz.
5. Aginte elementu berrien (konmutadorea, gurutzatze giltza, BPBN) funtzionamendua kontrolatzea, material egokiz eraikitzea eta zirkuitu elektrikoetan bakoitzaren eragina erabiltzea, aplikazio muntaketan ezinbesteko osagarri direla jabetzeko.
6. Elektromagnetismoan oinarritutako operadoreak (elektroimana, errelea) eraikitzea, eta inguruko sistema teknikoetan elementu horiek identifikatzea, horien aplikazio zabala baloratzeko.
7. Zenbait ereduren ezaugarriak bereiziz eta datuak bilduz, gutun komertzialak hiztegi egokiz idaztea, eraiketa proiektuaren berri besteei emateko, enpresen arteko komunikazioa simulatuz.
8. Material arruntak (zura, metala...) industria bidez nola lortzen diren eta teknologia hondakinen eragina murrizteko erabiltzen diren bitartekoak (birziklatzea, berrerabiltzea, murriztea) identifikatzea, eta nork bere hondakinak berrerabiltzeko proiektuaren diseinuan integratzeko konpromisoa hartzea.