Ebaluazioa

6.1 Ebaluatzeko irizpideak eta orientabideak Ostadar Proiektuan, ebaluazioaz hitz egitean, ebaluazio hezitzailea izan dugu gogoan; alegia, prozesuan zehar informazio bilketa egingo dela, gero erabakiak hartzeko lagungarria izan dakigun. Ebaluazioaren azken helburua ez baita soilik ikaslea kalifikatzea, lortu nahi ditugun hezkuntza helburuetatik abiatuta, ikasketa prozesuaren arrakasta edo porrotaren berri izan eta honen zergatiak argitzea baizik.
 
Ebaluazio jarraitu hori lortzeko, unitatearen jarduera ugari ditugu: 
 
· Prozesuaren hastapena edo aurre-ebaluazioa azterketa jardueren bidez lor genezake.
· Prozesuan zehar. Ikerketa eta aplikazio jarduerak erabiltzen ditugu. Hauek, bestalde, arazoak konpontzeko prozesuaren fase guztietan kokatzen dira, curriculumaren alderdi zehatz batzuk ebaluatzeko fase bakoitzak izan dezakeen egokitasunaren arabera.
· Azkena. Sintesi jardueren bidez helburu didaktikoa gainditu duen ala ez ikus genezake.
· Autoebaluazioa.
Unitate didaktiko bakoitzaren amaieran ondorengo instrumentua eskaintzen dugu, ikasle bakoitzak, gogoeta sakon baten bidez, bere burua, lantaldea eta lortutako proiektua eta bere prozesua ebalua ditzan. Besteak beste honako hauek:
· Prozesua
· Eraiketaren akabera
· Taldearen funtzionamendua
· Norberaren parte-hartzea
· Norberaren ekarpenak
· Erabilitako materiala
· Proiektuaren azalpena 
· ... 
· Helburu didaktikoa da erreferente nagusietariko bat, lehen esan dugun bezala.
· Arlo konstanteak: Baturazko ebaluazioa egiterakoan, bai hiru hilabeterakoan, bai urte bukaerakoan, hemen erabakitzen baita ikasleak hurrengo mailara igaro edo ez, beharrezkoa da arloko oinarrizko ikaspenak zein diren zehaztea, guk arlo konstanteak deritzogunak, alegia. 
Arlo honetarako erabiliko ditugunak honako hauek dira:
· Ulermena
· Adierazpena
· Planifikazioa eta ekoizpena
· Autonomia
 
6.2 Arloko konstanteak eta gaitasunak
 
 
6.3 Arloko konstanteak
 
Oinarrizko Curriculum Diseinuan Arloko Helburu Orokorretan agertzen diren gaitasunak garatzeko eta baloratzeko eskatzen da; baina dauden bezala adierazita, gure iritziz, nahiko zeregin zaila da hori irakaslearentzat, hainbat arrazoiengatik.
· Arlo bakoitzari dagozkion helburu orokorrak hamar edo gehiago dira. Ebaluatu behar liratekeen gaitasunak arlo guztietara hedatzea erabakitzen bada, gaitasun horien kopurua handiegia dateke.
· Ebaluazio emaitzen komunikazio soziala antolatzeko orduan, hauek idazteko modua, gure ustez, ez da oso eraginkorra. Gehienetan azalpen gehiegi ematen dute testu hauek, ez dute, ordea, nahiko informazioarik ematen.
· Gaitasunek arloaren helburu nagusiarekin edo xedearekin daukaten erlazioa ez da argi adierazten.
· Mota askotariko edukiei lotuta azaltzen dituzte gaitasunak, hori dela eta, testuak nahiko ilunak dira. Aipatzen den gaitasuna beste eduki mota bati lotuta ez ote dagoen ere zalantza sortzen da sarri.
 
Hori guztia dela eta, arloaren xedea (problema teknologiko errealak ebazteko gaitasuna garatzea) eta arloko konstanteak (ulermena, adierazpena, planifikazioa eta ekoizpena, autonomia) izeneko kontzeptuetan oinarritzen da gure proiektua. Arloaren xedea adierazi ondoren, hori lortzeko garatu beharreko maila goreneko gaitasun multzo egituratua definitu dugu. Gaitasun multzo horrek Arloko Helburu Orokorren funtzioa betetzen du proiektu honetan.
 
Gaitasun multzo horri arloko konstanteak deitzen diogu, unitate didaktiko batetik bestera aldatuz doazen helburu didaktikoak ez bezala , elementu horiek aldatu gabe mantenduko baitira curriculum guztian proposamen modura. Hortaz, arlo bakoitzaren xedea garatzeko gaitasun abstraktu gorenak dira arloko konstanteak. Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuaren ondorioz ikasleengan garatu beharreko gaitasunen mapa egiten eta gaitasun horien ebaluazioa antolatzen lagunduko die irakasleei diseinu honek, gure ustez.
Beraz, eragingarriago izan daitezen, Teknologia arloko Helburu Orokorrak ondoko arloko konstante hauetan zehazten dira gure proiektuan:
 
6.3.1  ULERMENA
 
Definitu, zenbatu, identifikatu, ezagutu, gogoan hartu, aukeratu, bilakatu (bihurtu), nabarmendu, laburbildu, sailkatu, alderatu, antzeman (estimatu), elkartu, interpretatu, demostratu, bereizi, induzitu, estrapolatu, birdefinitu, antolatu, osatu, aurresan, mugatu...
· Arazo teknologikoa identifikatu. Teknologiak (etimologiaz zer egin eta zergatik egin jakitea) honako xede hau du: sortzen diren arazoentzat irtenbide edo soluzio eraginkorrak garatzea eta prozesu horretarako era sistematiko eta ordenatua erabiltzea. Osagai metodologiko hau da, hain zuzen, beste osagaien artean bereziki nabarmentzen dena eta gure kasuan arloari zentzua ematen diona. Arazoen ebazpenerako prozesu teknologikoa izenez ezagutzen den sekuentzia honetan, problema edo arazo baten ebazpena helburu delarik, sormenez, jarduera ordenatuz eta sistematikoz egiten den lana eta prozesu horretan beharrezko diren trebetasunak jasotzen dira. Arlo honetan, horregatik, ikasketa eduki bezala planteatzen da arazoen soluziobiderako prozedurak ezagutzea, faseak identifikatzea eta interpretatzea. Begi bistakoa denez, ibilbide metodologiko honen abiapuntua arazoaren planteamenduak eta identifikazioak emango digute, zeren, arazo bat ebazteko, lehendabizi, arazoaz jabetu behar da, problema identifikatu egin behar da, egoeraren baldintzak eta mugak bereizi behar dira, arazo izaera zerk ezartzen dion nabarmendu behar da. Arazoaren soluziobidea aurkitzeko, beraz, ezinbestekoa da hasierako baldintza eta ezaugarriei buruzko informazio guztia ongi ulertzea, interpretatzea, konkretatzea eta definitzea, eta lehen fase hau ondo burutzeak, besterik gabe, prozesuaren etekin emankorra erdi ziurtatua uzten du.
· Informazioa biltzea. Arazoak identifikatu ondoren, horiek ebazteko behar den informazioa eskuratzeari ekin behar zaio; horregatik, jatorri eta euskarri desberdinetako informazioaz baliatzeko gaitasuna garatzea garrantzizko jomuga izango da teknologiaren arloan ere. Gaitasun honek beharrezkoa den informazioa bereizten eta aukeratzen jakitea eta jasotako edukiak interpretatzeko gai izatea eskatzen du. Laburbilduz, honako erreferentziazko ikuspegi hauekin loturiko gaitasunak lortzea izango du helburu: soluzioak zein funtzio bete behar duen identifikatu, antzeko egoeretan arazoa nola gainditu den ezagutu, irtenbidearen funtzionamendua zein printzipio zientifiko-tekniko edo logikotan oinarritzen den antzeman eta ezagutu (kontzeptu teknologikoen identifikazioa: historian zehar kultura teknologikoak eta zientziak eskaini dizkiguten oinarrizko kontzeptu eta eragile edo operadoreak ezagutzea), soluzioaren eraikuntzan erabiliko diren erremintak edo aplikazioak, fabrikazio edo garapen teknikak eta euskarrien ezaugarriak identifikatu, bereizi...
Informazio hori guztia, sarritan, sistematizatu gabe eta leku anitzetan barreiatuta aurkituko denez, informazio iturri egokienak hautatzen eta zeregina burutzeko baliagarriak diren edukiak ateratzen, interpretatzen, sintetizatzen, antolatzen eta aprobetxatzen ikasi beharko dute ikasleek. Besteak beste, honako informazio bide hauez baliatzeko gai izan behar dute: dokumentu idatziak (liburu, katalogo...), ahozko azalpenak (irakaslearenak, gai batean aditua den pertsonarenak, produktu baten ekoizlearenak...), ikus-entzunezko informazio teknologia berriak (diapositiba, bideo, CD, Internet...), objektu teknikoen eta sistemen analisia, ikustaldi antolatuak (museo, merkataritza etxeak, lantegiak...).
· Objektu teknikoen eta sistemen analisia. Informazioa biltzeko atalaren barnean koka bagenezake ere, aipamen berezia merezi du objektu teknikoen eta sistemen analisia metodoak; izan ere, arazoen ebazpena prozeduraren osagarri hartzen da eta ikasketa espezifikoa behar du. Objektu edo sistema baten analisiak giza ezagutzaren elementu anitzen berri eman diezaguke: ezagutza zientifikoak, operadore mekaniko eta elektrikoak, barne logika, fabrikazio edo erabilera prozedurak, materialen ezaugarriak, gizartean izan duen eragina, etab. eta horregatik ikuspegi desberdin zenbait (anatomikoa, funtzionala, teknikoa, ekonomikoa, soziala, e.a) kontsideratuz burutu beharko da azterketa hau. Prozedura sistematiko hau ezagutzea eta lortzen den informazioa identifikatzeko, sailkatzeko, antolatzeko, sintetizatzeko, erlazionatzeko eta kritikoki balioesteko gaitasuna lortzea izango da ikasketa honen helburua.
· Norberaren datuen hornitegia edo biltegia. Informazio biderik erabilerrazena eta bizkorrena norberak oroimenean gordetzen dituen datuena da. Horregatik, errealitate teknologikoa ulertzeko eta interpretatzeko unean, gure oroimenean ditugun datu horiek oso baliagarri gertatzen dira, eta beste horrenbeste esan dezakegu arazo baten ebazpenerako objektuak eta sistemak asmatzeko orduan izan dezaketen erabilgarritasunaz ere. Horregatik, behin eta berriro erabilgarri gertatzen diren datu eta gertakizun esanguratsuenak memorizatzeko gaitasuna garatzeari garrantzia ematen zaio arlo honetan.
 
6.3.2  ADIERAZPENA (DISEINUA ETA KOMUNIKAZIOA)
 
Komunikatu, definitu, marraztu, adierazi, deskribatu (ahoz, grafikoz, idatziz, artistikoki...), eztabaidatu, kontatu, interpretatu...
 
Arazo baten ebazpenerako garrantzizkoa den beste gaitasun bat norberaren ideien adierazpenarena da. Ikasleek beren ideiak hitzez (ahoz nahiz idatziz) eta beste irudikapen sistemen bidez era antolatu eta ulergarrian adierazteko gai izan behar dute. Bitarteko honekin, alde batetik, taldekideen arteko komunikazioa eta ideien ekarpena ahalbidetzen da, eta, bestetik, norberaren sormenaren, gaitasun espazialaren eta pentsamendu nahiz ideien garapena indartzen da. Esate baterako, marrazki bat egiten dugunean, errealitateko zerbait jaso edo gure ideia bati forma ematen diogunean, gure gaitasun espaziala garatzen dugu eta bitarteko hori oso baliozkoa da giza ezagutzaren eraikuntzan.
Teknologiak duen adierazpen ereduak eta horren izaera kolektiboak, ikusizko pentsaera sinbolikoa indartzen du. Irudiak aparteko arrakasta du komunikazio eskema hauetan, mundua ezagutzeko eta ikusteko paradigma berriak sortzen baititu. Eta irudi baten behaketak intuizioa eskatzen du, integrala eta bat-batekoa da. Egun ezinbestekoa da intuizioa eta ikusizko pentsaera berreskuratzea oinarrizko hezkuntzan. Ikuspegi didaktiko batetik, IKTek esku-hartze hau egoki ahalbidetzeko aukerak eskaintzen dituzte.
Adierazpen hauetan, bestalde, ezinbestekoa da zientziaren zehaztapen beharrak zaintzea, eta horregatik, marrazki normalizatuak egitea eta hiztegi tekniko zehatza erabiltzea oinarrizko baldintza izango da. 
 
Laburbilduz, ikasleek, batez ere, honako adierazpide hauek landu beharko lituzkete:
· Askotariko adierazpen sistemak erabili, ideiak eta proiektuak aurreikusteko, eta proiektuen adierazpiderako beharrezko baliabide gisa.
· Adierazpen horiek, besteentzat ere ulergarriak izan daitezen, norma edo arau batzuk zainduz egin behar direla onartu eta aplikatzea.
· Kontzeptu eta prozedura teknologiko eta teknikoak deskribatzea eta definitzea idatziz nahiz ahoz, hiztegi teknikoa erabiliz, eta ideiak era antolatuan eta ulergarrian aurkeztuz. Bereziki landuko diren dokumentuak proiektuen txosten teknikoak eta objektuen analisietan jasotako datuen laburpenak izango dira. 
 
6.3.3 PLANIFIKAZIOA ETA EKOIZPENA (ERAIKETA)
 
Planifikatu, neurtu, trazatu, mekanizatu, eraiki, probatu, ebaluatu, alderatu, erabili, manipulatu, exekutatu, irudikatu, antolatu, ondorioztatu, aplikatu...
Teknologiak, giza jarduera bat den aldetik, arazo eta beharrizan partikular eta kolektiboak ebaztea du helburu, eta horretarako, eskura dituen baliabideak erabiliz, sistema teknikoak eraikiko ditu. Ikasleek beren proiektuak eta jarduerak jorratzen dituztenean hainbat gaitasun lantzen ari dira; hala nola, sormenezko pentsamendua bultzatzen da, pentsamendua eta ekintza integratzen dira, beste arloetan lortutako ezagutzei funtzionaltasuna ematen zaie, arazo errealak gainditzeko estrategiak ikasten dira, talde lan solidarioa bultzatzen da eta abar. Proiektu tekniko bat gauzatu nahi denean, aurrez egindako planifikazioari jarraituz egiteak ondorio nabarmenak ditu, bai ekoizpenaren kalitatean, bai denboraren aurrerapenean, bai eta eskura ditugun baliabideak errentagarri bihurtzeko orduan ere.
Planifikazioa arazoaren ebazpen prozesuko fase guztietan beharrezko bada ere, proiektuaren eraiketari ekin behar diogunean gertatzen da ezinbesteko. Fase horri hasiera eman aurretik, eraiketa prozesua lan ekitaldi laburragoetan banatu beharko da, horien hurrenkera zehaztu, taldekideen arteko lan eta ardura banaketa egin, zein baliabide tekniko ziurtatu beharko den aurreikusi, zein erreminta eta material erabiliko diren erabaki, zein teknika, aplikazio eta euskarri diren egokienak finkatu, eta beste horrenbeste hainbat osagai lagungarriri dagokienez ere. Ikus daitekeenez, planifikazio gaitasunik gabe ez daiteke ekoizpen on bat bermatuko duen prozesurik abiatu.
Oinarrizko Teknologiaren esparruan, jarraituko den prozesua planifikatu ondoren, eraiketari ekingo zaio, eta honenbestez, asmatutako soluziobiderako objektua gauzatu ahal izango da, honako urrats hauei jarraituz:
· Materialak prestatu eta landu, piezak eginez eta muntaiak osatuz (neurketa, trazaketa, mekanizatzea, eragile mekaniko eta elektrikoen instalazioa...).
· Behar diren probak eta doiketak egin (egituren sendotasuna, atal mugikorretako loturak ondo dabiltzan, zatien funtzionamendu zuzena...), eta hasierako diseinuan aldaketak egin, planteamendu egokiagoak sortuz gero.
· Segurtasun eta higiene arauak zaindu.
· Idatziz jaso zein bitarteko erabili diren, zein izan diren egindako lanak, behar izan den denbora, nor arduratu den lan bakoitzaz, etab.
Informazio eta Komunikazio Teknologien inguruko esparruan, berriz, bizi dugun garai honetan, begi bistakoa da teknologiaren garapen bizkorra, eta hiritarrak oinarrizko baliabideez prestatu beharko dira prozesu horretan eragile aktibo izan nahi badute, aurrerago ikusi dugun bidetik objektu berrien sortzaile gisa, noski, baina baita baliabide erabiltzaile edo kontsumitzaile moduan ere. Zentzu horretan, gaurko gizartean duten presentzia nabarmenagatik, IKT eduki eta tresnei arreta berezia eskaini behar zaie. Objektu eta sistema tekniko hauek ulertzea eta autonomiaz erabiltzeko trebetasuna izatea Teknologiaren alor honetan garatu beharreko garrantzizko gaitasun moduan planteatzen da.
Horrenbestez, gaitasun batzuk jarduerak burutzeko aplikatzen ditugun pentsamoldeak diren bezala, beste batzuek ekintza eta pentsamolde horien aplikazioarekiko gogoeta bideratzen dute. Egin beharrekoa aldez aurretik hausnartzea, lanak antolatzea edo burutzerakoan testuingurua kontrolpean izatea ditugu, besteak beste, ahalmen mota horren adibideak. Informazioaren teknologiak horrelako gaitasunak lantzeko plataforma ezin hobea bihurtzen ari dira. Ikasleak informazioa honela tratatzea eraldaketa prozesu baten barruan burutzen duen zerbait dela esan genezake, ordenagailuak eskainitako aukera berrietan oinarrituta.
Esparru honetako ekoizpenaz ari garenean, informazioa bildu, konpilatu, sistematizatu eta, azken finean, erabiltzeko gaitasunaz hitz egiten ari gara. Izan ere, teknologia informatikoak azken muturreraino eraman du hori. Ordenagailua ez da bakarrik memoriza dezakeen makina, prozesaketa gaitasunak ere baditu. IKTak errealitatearen puska handiak manipulatzeko prest jarri gaituzte, eta, maiz, ez dugu ulertzen nola egiten dugun ere. Teknologiak bere azpiko egitura eta ereduak arakatzea, bere barne logika ikusgai egitea eskatzen du.
 
6.3.4 AUTONOMIA
 
Kooperatzea, jakin-mina agertzea, malgua izatea, segurtasunez jardutea, zeregina kontrolpean edukitzea, higienea zaintzea, ordenaz lan egitea, ingurunearekiko errespetua gordetzea, arauak betetzea...
Teknologiaren alorra ezagutza zientifiko multzo baten aplikazioen berri izatea edo tresna eta prozesu batzuk menderatzea baino zerbait gehiago da. Teknologia gizarte ingurune batean gauzatzen da eta helburu batzuen ildotik egin ere, eta zentzu honetan, zenbait balore ez-teknikori erantzuten dio. Teknologia egiteak zera esan nahi du: balore batzuk onartzea eta horien bidetik gizartea aldatzea.
Hezkuntza teknologikoan garrantzi handikoak dira, beraz, gizartean parte hartzaile aktibo eta kritiko izateko, ikasleak garatu behar dituen gaitasunak. Horien artean ondorengo hauek:
· Arazo teknologikoak ebazterakoan talde bateko kide gisa lan egitea. Horrek duen garrantzia balioestea eta lankidetza hori tolerantzia eta elkartasunezko jarrerekin ?kooperazioa, solidaritatea? garatzea.
· Elementu eta arazo teknologikoen aurrean ikertzeko gogoa eta jakin-mina adieraziko duen jokaera izatea.
· Ekoizpen teknologikoak gizartean, historian eta etorkizunean dituen inplikazioak balioetsiz, kritiko izatea.
· Malgutasunez jardutea, pentsaera zabalduz eta ikuspegi irekia eta induktiboa landuz. Izan ere, jarduera teknologikoak pentsaera naturalistagoa izateko aukera eman dezake. Tresna birtualak ez dira ohiko ideietara hurbiltzeko bide bat gehiago bakarrik. Sarritan, fenomeno askoren errepresentazioa ezinezkoa litzateke IKT baliabiderik gabe. Errealitatea era desberdinetan formulatzeko aukerak eskaintzen dituzte.
· Jardunbide arduratsua eta segurua izatea. Kasuan kasuko segurtasun eta higiene arauak errespetatzea.
· Jarrera baikorra eta sortzailea izatea arazoen aurrean, eta norberaren gaitasunean konfiantza izatea.
· Jarduera autonomoa erakustea, azken finean.