Beste hainbat operadore
Beste hainbat operadore mekaniko
Orain arte, bi operadore teknologiko nagusi (mekanikoak biak) ikusi ditugu: gurpila eta biradera. Bi operadore horien bitartez egindako muntaiarekin lortzen duguna adierazten erraza da: biraderari bueltak eraginez gero, gurpilak ere birak ematen ditu. Hala nahi izanez gero, alderantziz ere egin genezake: gurpilari birak eman eta biradera biraka jarri. Era laburrean, eskema honen bidez adieraziko genuke:
SARRERAKO HIGIDURA IRTEERAKO HIGIDURA
ZIRKULARRA ZIRKULARRA
Baina operadore bati beti ez diogu hori eskatzen. Zenbait kasutan, beste zerbait nahi izaten dugu. Esate baterako:
SARRERAKO HIGIDURA IRTEERAKO HIGIDURA
ZIRKULARRA LINEALA
Horrelako kasuetan, beste era bateko operadoreak behar izaten dira, gurpilak eta biraderak ez baitute balio kasu horietarako.
Operadore horien artean, biela, espeka, birabarkia eta gurpil eszentrikoa aztertuko ditugu. Lehen urrats moduan, hor behean dituzue operadore horien irudiak.
Jarduera honetan aurkeztu ditugun lau operadore teknologiko berri horiek zer diren, zertarako erabiltzen diren eta nola eraikitzen diren ikertuko dugu orain. Baina lan egiteko era ez da izango ohikoa: taldeka elkartuko zarete, eta talde bakoitzak operadore bat hautatu eta aztertuko du (proiektu txiki bat egingo du), eta ondoren, gainerako ikaskide guztiei erakutsi eta azaldu die operadore horren berri.
• Talde bakoitzak operadore horietako bat aukeratuko du (biela, espeka, birabarkia, gurpil eszentrikoa), eta aurreko muntaian (gurpila-biradera) oinarrituz, dagokion eraikuntza egingo du. Hurrengo jardueretan adierazita daude lau operadoreak egiteko baliagarriak izan daitezkeen informazioak, ikerketak eta aplikazio-lanak.
Fitxategia: