Operadore eta egiturak

Operadore teknologikoak 
 
Dagoeneko aukeratu duzu zein izango den unitate honetan ebatzi eta konpondu beharko duzun arazoa; baina eraikitze- eta antolatze-lanetan hasi aurretik, zenbait ikerketa eta informazio-bilketa egin beharko dituzu, ahalik eta informazio gehien edukitzea mesedegarri izango baitzaizu zure tresna eraikitzeko eta proposatutako arazoari erantzun egokia emateko.  
 
Atal honetan, operadore teknologikoekin hasi behar duzu lehendabizi, eta zehazkiago esanda, egiturak aztertzen. 
 
Tresna teknologiko bakoitzean izan ohi da oinarrizko elementu bat (nahiz eta bat baino gehiago ere egon daitezkeen zenbaitetan), operadore teknologikoa deituko duguna, eta tresna horrek bete behar duen funtziorako ezinbestekoa izaten dena. Operadore teknologikoek gehienetan bakarrik funtzionatzen dute, eta elkarren artean konbinatu behar izaten dute funtzio zehatz baina zabala burutu ahal izateko, nahiz eta, beti, operadore bakoitzak funtzionamendu orokorraren barruan bere funtzio zehatza bete.  
 
Tresna teknologikoak eraikitzeko, ezinbestekoa da operadore teknologiko ezagunenak zein diren eta nola funtzionatzen duten ezagutzea, elementu horiekin osatuko baititugu gure eraikuntzak. Orokorrean, operadore teknologikoak elkarri lotuz lortuko dugu guk nahi dugun efektua, eta guk diseinatutako tresnak operadore horiek izango ditu oinarritzat. 
 
Lehen unitate honetan, egiturak, profilak, esfortzuak eta elementu horien aplikazioak aztertuko ditugu. 
 
Egiturak 
Aukeratu duzun proposamenak planteatzen duen arazoa ebazten hasten zarenean, egituren azterketa oso garrantzitsua izango zaizu. Egituren garrantzia zein den zehatz ezagutzea eta arazoari buruzko informazioa jasotzen hastea izango da jarduera honen helburua. 
 
• Eraikitzeko erabiltzen diren egiturei buruzko informazioa jasotzeko duzu, batik bat, jarduera hau. Hemen jarritako galderak egokiak izan daitezke azterketa egiteko. 
 
1. Pertsonok, animaliek eta landareek bezala, baditugu zeregin zehatzetara moldatutako egiturak. Begira iezaiozu aldameneko irudiari, eta ikusi nolakoak diren egitura horiek eta aztertu berorien zeregina. 
2. Egizu gauza bera, egituren azterketa, alegia, honako elementu hauetan: 
a) galburu batean.  
b) hortzetan.  
c) animalia baten gorputzean. 
d) arrautza batean. 
e) abaraska baten gelatxoak osatzean. 
3. Naturan berez dauden egitura guztiak egitura naturalak dira, baina zuk ezagutzen dituzun egitura guztiak naturalak al dira? 
 
4. Egitura naturalez gain, berezkoak ez diren egiturak ere badira. Etxeei, makinei eta beste hainbat objekturi edota horien zatiei eusten dieten egiturei, egitura artifizialak deitzen zaie. 
 
Ipiniko al zenuke zer desberdintasun dauden bi egitura mota horien artean?
 
6. Egituren funtzioa aztertzen saiatuko gara orain. Hor beheko taula horren antzeko batean aipa itzazu egitura eta nabarmentzen diren objektuak, eta objektu horien egiturek betetzen dituzten funtzioak.  
 
OBJEKTUA                 ZATIAK                  EGITURAREN FUNTZIOAK 
                       Burua                  Ertza zorrotz-zorrotza du, hobeto mozteko.
Aizkora           Kirtena                Kirtena luzea du, hobetu heldu ahal izateko eta norbera babesteko. 
 
7. Zein da, oro har, egitura baten funtzioa? 
Fitxategia: