Gurpila

Gurpila da operadore mekaniko zaharrenetakoa. Aurreko jarduera batean ikusi dugu zein izan ziren gurpila eraikitzeko lehen hastapenak. Orain, gurpilak denboran zehar izan duen bilakaera ikusiko dugu. 
Forma biribila eta erdian ardatz bat daukan operadore teknologikoa da gurpila. Bere ardatzaren inguruan birak ematea da operadore horren funtsa.  
 
Gurpilak garrantzi handia izan du gizakiaren aurrerapenean, eta, egia esan, oso zaila da jakitea noiztik darabilen gizakiak operadore hori. Izan ere, gurpila oso zaharra da, eta zehazki ez da jakin, oraindik behintzat, noiz eta non sortua den. Gurpilaren erabilerari buruzko datu zaharrenak Kristo aurreko 4.000 urte ingurukoak dira, oraingoz. 
 
Gurpilak, beste operadore teknologiko gehienek bezala, aldaketak handiak izan ditu deboran; hor alboko irudietan ikus ditzakezue aldaketa horietako zenbait. 
 
Gurpilari buruzko informazioa jaso ondoren, heldu da zuek gurpil bat eraikitzeko garaia. 
 
• Zuen proiektu eta muntaietarako, oso garrantzitsua izango da gurpilak eraikitzen ikastea. Oraingoan, egizue 6 zentimetro inguruko diametroa duen gurpil bat. Ondoren datozen oharrak oso interesgarriak izan daitezke zuen lanerako. 
 
1. Konturatuko zineten ardatza gurpilen elementu garrantzitsua dela. Hori behar bezala finkatzeko, Eraikitze-teknikak liburuxkari begirada bat eman beharko diozue, eta han dauden ereduetatik ikasi. 
2. Esplika ezazue nola egingo zenuketen eskatu dizuegun gurpil hori eta zer material erabili beharko den horretarako. Egizue marrazki bat, eta beheko lerroetan, azaldu nola eraiki duzuen.  
3. Zertarako balio du gurpil batek? Galdera horrek erantzun ugari ditu, beharbada, baina informazio-iturrietara jotzen baduzue, erabilera horiek zein diren aztertu, eta zuen ustez garrantzitsuenak diren hiru adieraz ditzakezue hemen beheko lerroetan. 
Fitxategia: