Biela

Orain arte, bi operadore mekaniko ikusi ditugu (biradera eta gurpila), baina bi horiek ez dira, noski, gizakiak erabiltzen dituen operadore teknologiko bakarrak. Zuen lanetarako erabiliko dituzuen beste operadore batzuk aztertuko ditugu (mugimendua eraldatzen dutenak, guztiak ere).  Bielarekin hasiko gara. 
 
Txandakako mugimendu zuzena errotaziozko mugimendu bihurtzen duen edo errotazio-mugimendua txandakako mugimendu bihurtzen duen barrari deitzen zaio biela.  
 
Hemen alboko irudian ikus dezakezuen bezala, gurpilari lotuta joan ohi den hagatxo edo barra bat izaten da biela (betiere, material zurrunez egina: zura, burdina, plastikoa…). 
Horren funtzionamenduari buruz jarduera gehiago egingo baditugu ere, hemen alboko marrazkietan ikus dezakezue nola funtzionatzen duen bielak, eta zertarako erabil daitekeen. 
 
Orain arte, bielari buruzko informazioa bildu duzue jarduera honetan. Hurrengo pausoa biela bat eraikitzea izango da, baina gogoratu biela horrek ez duela izan behar boligrafo bat baino askoz handiagoa. 
 
• Alboko eskemari jarraituz, egizue biela bat zurezko barra edo hagatxo bat erabiliz. 
 
Biraderarekin eta gurpilarekin egindako muntaia osatu nahi dugu biela bat ipiniz. 
 
• Muntaia bat egin nahi dugu, eta gure helburua hauxe da: biraderari eragitean, gurpilak birak eman ditzala eta biela funtzionatzen has dadila. Hemen beheko oharrak lagungarriak izango zaizkizue. 
 
1. Biela gurpilari txertatu behar diogu, gurpilaren mugimendu birakariak biela aurrera eta atzera mugiaraz dezan. 
2. Hemen alboko bi muntaiei begiratzen badiezue, konturatuko zarete biela ezin dela edozein lekutan ipini. Eraikuntza egokia egiteko, Eraikitze-teknikak liburuxkan aurki dezakezue laguntza. 
3. Zein dira bi muntaia horien artean ikus ditzakezuen desberdintasunak? Komentatu zuen artean, eta idatzi zein baldintza behar den bielak funtziona dezan. 
 
Biela aztertu, eraiki eta muntatu ondoren, horren betekizuna eta funtzionamendua ulertzea da hurrengo pausoa, eta gainerako gelakideei hori nola den azaltzea. Horixe da jarduera honen helburua. 
 
• Har ezazue orain arte eginiko muntaia, eta azter ezazue, biraderaren bira bakoitzeko, bielak zer mugimendu duen. Hemen beheko oharrak lagungarriak izango zaizkizue horretarako. 
 
1. Eman bira laurdena (1/4) biraderari. 
2. Ikusi bielak egin duen bidea; errotulagailuz egindako marra baten bidez, adierazi noraino iritsi den, eta neurtu. 
3. Eman bira erdia (1/2) biraderari; adierazi, marra baten bidez, bielak egin duen bidea noraino iritsi den, eta neurtu. 
4. Gauza bera egin biraderak biraren hiru laurdenak egiten dituenean. 
5. Bukatu azterketa biraderari bira osoa emanez, eta neurketak egin. 
6. Bildutako datuak azal itzazue hemen beheko taula honetan: 
 
BIRADERAREN MUGIMENDUA BIELAREN POSIZIOA 
Bira laurdena (1/4)  
Bira erdia (1/2) 
Biraren hiru laurdenak (3/4)
Bira osoa 
 
7. Goiko taula aztertzean, ikus dezakegu, biraderarekin egindako bira bakoitzean, bielak oso mugimendu jakina egiten duela. Esplikatuko al zenukere nolakoa den mugimendu hori eta zer motatako higidura lortzen dugun?  
8. Egizue biradera kontrako bidean birarazteko proba, eta ikusi nolakoa den orain bielaren mugimendua. Zer eratakoa da orain higidura? 
9. Orain arte ikusitakoa kontuan izanik, presta ezazue gelako beste kide guztiei egin beharreko aurkezpena: argi eta garbi adierazi biela zer den eta nola funtzionatzen duen.
Fitxategia: