Eskuaira eta arkua

 Ez dago esan beharrik gizakiok egiturak sendotzeko erabiltzen ditugun forma asko eta asko naturatik kopiatutakoak direla. Adibide moduan, begira iezaiozu hor alboko marrazkiari. Zuhaitz horien sustraiak sakontasun txikikoak dira, eta horregatik garatu dituzte enborraren beheko aldean, oinetan, euskarri moduko horiek, zuhaitzaren adaburuari sendoago eusteko.  
 
 Ikus dezakezun bezala, naturak erabiltzen duen metodo hori gizakiok eskuairak erabiltzen ditugunean egiten dugun erabileraren antzekoa da. 
 
 Orain arte, egiturako osagaiak (zutabeak, habeak…) sendotzeko eta trinkotzeko bi elementu aztertu ditugu: euskarriak eta eskuairak. Baina ez pentsatu bi elementu horiek bakarrik direla horretarako balio dutenak. Ondoren duzu beste bat ere, gauza berbera egiteko erabil daitekeena: arkua.  
 
 Orain datorren jarduera zati honek bide emango digu arku izeneko elementu hori zer den ikusi eta aztertzeko. 
 
 • Egizu hemen proposatzen dizugun jarduera, eta ikusi zein diren ateratzen dituzun ondorioak. 
 Ikerketarako gaia 
 Egiturak sendotzeko garaian erabiltzen ditugun elementuen artean arkua aipatu dugu, eta hauxe da azterketarako bide ematen digun galdera: zergatik erabiltzen dira arkuak eraikuntzetan?  
 
 Prozedura 
 1. Har ezazu paper edo kartoi mehe orri bat eta jar ezazu bi zutaberen gainean (ikusi alboan). 
 2. Jarri gainean pisu txiki bat eta ikusi zer gertatzen den. 
 3. Joan apurka-apurka pisu gehiago ipintzen eta horrela jarraitu xafla hondoratzen den arte. 
 4. Ikusi zein den xafla hondoratzeko behar izan dugun pisua. 
 5. Ipini xafla arkua egiten (ikusi hor agertzen den irudia), eta errepikatu aurreko pausoak apurka-apurka pisu gehiago ipiniz. 
 6. Ikusi zein diren emaitzak eta, datuak konparatuz, erabaki zein den egitura sendoena. 
 7. Ondorioak atera. Gogoratu edozein materialek egitura sendoagoak osatzen dituela arkuak eraikitzen ditugunean.  
 
 Zeharkako egiturak (horizontalak) sendotzeko balio duen elementua da, beraz, arkua.
Fitxategia: