Profilak egituretan

 Ikerketa-jarduera honekin, profilek egituretan duten garrantzia ikus dezazuen nahi dugu. 
 
 • Hemen behean adierazten dizuegun prozedurari jarraituz, azter ezazue zer-nolako eragina duten profilek egituretan. Prozedura 
 
 Jar ezazue paper-orria edo kartoi mehea egurrezko bi prismaren edo liburu pila biren gainean. Orriaren edo kartoiaren gainean, erdialdean, ipin ezazue oso astuna ez den objektu bat. 
 
 Zer gertatzen zaio paper-orriari (edo kartoi meheari)?
 
 Nola lor genezake, egiturari ezer gehitu gabe, paperak objektuari eustea? 
 
 Hor goiko argazkiari begiratuta, asmatuko al zenukete?
 
 Har ezazue lehengo paper bera, tolestu (profilak egin) eta proba ezazue berriro. Zer gertatzen da?
 
 Zer ondorio atera ditzakezue saio honetatik?
 Aurreko saiakuntzan ikusi duzue lamina mehe batek pisu edo karga handiagoari euts diezaiokeela tolestu eta profilak osatuta; hau da, egitura sendoago bihurtzen dela tolestean. 
 
 Naturak ere gauza bera egiten du behin baino gehiagotan, eta nahikoa duzue arretaz behatzea, hori horrela dela ikusteko. Gariak, esate baterako,  galburuari eusteko, ez du hosto zabal eta meharra erabiltzen, tutu baten antzeko lastoa baizik (biribilean antolatutako profila). Erleek, berriz, hexagono forma erabiltzen dute beren abaraskak egiteko… 
 
 Naturak egiten duen era bertsuan egiten dugu gizakiok ere: egitura bat, material berarekin, sendoago bihurtu nahi dugunean eta pisu edo indar handiagoari eusteko baliagarria bilakatu nahi dugunean, forma bereziak ematen dizkiogu. 
 
 Forma berezi horiei profil deitzen zaie, eta era askotakoak izan badaitezke ere, ohiko diren batzuk erabiltzen dira gehienetan, estandar izenekoak, eite jakinekoak eta neurri normalizatuak dituztenak. Bestalde, egituretako profilak osatzeko, hainbat material erabil daitezke, baina altzairuzkoak eta aluminiozkoak dira ohikoenak.  
 
 Profilen katalogo batean edo teknologiari buruzko informazioa dakarren liburu batean aurki dezakezue ohiko profilei buruzko informazio gehiago.
Fitxategia: