Esfortzuen eragina

Esfortzuak zer diren ulertu eta nolako eragina duten aztertzeko, hiru saiakuntza proposatzen dizkizuegu jarduera honetan. 
 
• Markatutako bideari jarraituz, egin itzazue hemen eta hurrengo orrialdean proposatzen dizkizuegun hiru saiakuntzak. 
 
1. saiakuntza 
Lehenengo saiakuntzarako, zabalera desberdinetako (2 cm, 4 cm, 6 cm) paperezko hiru tira eta probak egiteko hainbat pisu behar dituzue: 250 g-koa, 500 g-koa, 1 kg-koa, 2 kg-koa… 
 
Prozedura 
1. Begira iezaiozue arretaz hemen alboko irudiari, eta eskegi pisuak hor ikusten den bezala, eta egin saiakuntza. 
 
Ondorioak 
Galdera hauek lagungarriak izan daitezke saiakuntza egin ondoren ondorioak ateratzeko. 
 
1. Zenbat pisu jasaten du tira bakoitzak? Zeinek eusten diote pisu gehienari, zabalenek ala estuenek? Denek berdin eusten al diete? Zergatik ote da hori, zuen ustez? 
 
2. Paperezkoak izan ordez kartoi mehezkoak balira, pisu gehiagori ala gutxiagori eutsiko liekete?  
 
3. Zer esfortzu mota da kartoi meheak jasan behar duena? 
 
4. Zer ondorio ateratzen dituzue saiakuntza hau egin eta galdera hauei erantzun ondoren? 
 
2. saiakuntza 
Esfortzuak bikoteka ager daitezkeela frogatu nahi dugu saiakuntza honetan. 
 
Prozedura 
1. Beha iezaiozue alboko irudian agertzen den objektuari (CD euskailua) 
 
Azterketa 
1. Zer gertatzen da objektu horren erdialdean tolesteko indarra egiten dugunean? 
2. Erdialdearen goialdean eta behealdean gauza bera gertatzen al da?  
3. Zer esfortzu mota litzateke goialdean eragiten ari garena? Eta behealdean? 
 
3. saiakuntza 
Saiakuntza honetan, trakzio-esfortzua nolakoa den aztertu nahi dugu. Orrialde honetan eta hurrengoan adierazitako bideari jarraituko diozue, eta hortik atera ditzakezuen ondorioak oso baliagarriak izango zaizkizue. 
 
Prozedura 
1. Har ezazue torloju edo kabila bat, eta lotu egur batean. 
2. Lotu torlojuan goma elastikoa, eta indar egin, luza dadin. 
3. Neurtu noraino iristen den (apurtu gabe) goma elastiko horren elongazioa. 
4. Egin gauza bera malguki bat erabiliz. Ikusi noraino luzatzen den apurtu gabe. 
5. Egin gauza bera hari edo sokatxo batekin. Neurtu noraino luzatzen den haria. 
 
Azterketa 
1. Zein da gehien luzatzen dena (apurtu gabe), goma elastikoa, malgukia ala haria? 
2. Zuen ustez, zein da material horietatik elastikoena?
3. Zer esfortzu mota jasan dute gomak edo hariak? 
4. Esfortzuak jasateko garaian, ba al dute eraginik materialen ezaugarriek?
5. Materialek ba al dute mugarik esfortzuak jasan ahal izateko?
6. Zer gertatzen da esfortzuak muga hori gainditzen badu?. 
7. Hor beheko esaldi hori irakurri ondoren, egia dioela esango al zenukete? 
 
Esfortzu batek ezin du inoiz materialaren elastikotasun-muga gainditu; hala balitz, material hori apurtuta edo betiko deformatuta geldituko litzateke. 
 
8. Definituko al zenukete zer den material bat apurtzea? 
 
9. Eta material baten elastikotasun-muga? 
 
Ondorioak 
Aurreko hori guztia ikusi ondoren, zein ondorio ateratzen dituzue?
Fitxategia: