Motorraren erabilera:
Motorraren erabilera: ur-ponpa
Itzul gaitezen azkenaldi honetan nahiko ahazturik daukagun hasierako proiektura. Aisialdirako etxea ahalik eta erosoen jarri nahi genuen, eta gure etxetxoa osatzeko hainbat ideia ikusi baditugu ere, oraindik gauzarik garrantzitsuena falta zaigu: ura.
Ura garraiatzea ez da gauza zaila aldapa behera ekarriz, baina aldapa gora eraman behar dugunean, arazoa sortzen zaigu. Hasieran esan dugunez, putzu batetik gorantz igo behar dugu ura gure aisialdiko etxeraino. Sarrerako jardueretan ikasi duzue zein ziren gure arbasoek horrelako lanetarako erabiltzen zituzten teknikak, baina gure asmoa ez da hori. Gaur egun, beste era batzuk erabiltzen dira horretarako, eta horrelako zerbait egin beharko genuke geuk ere: putzutik ura aterako duen ur-ponpa bat eraiki.
Hauxe da gure proposamena: likidoak igotzeko sistema bat –ur-ponpa– egitea proposatzen dizuegu ikerketa-jarduera honetan. Horretarako, ideia gehiago nahi badituzue, beha ezazue Eraikitze-teknikak koaderno osagarria.
• Eraiki ezazue ur-ponpa bat, hemengo eta hurrengo orrialdeko irudiei arretaz begiratuz eta ematen ditugun azalpenei jarraituz.
Prozedura
1. Hemen alboko argazkian ikus daitekeen bezala, presta ezazue argazkientzako filmaren ontzia ur-ponpa egiteko. Beheko aldean zulo bat egin beharko diozue, eta alboan plastikozko tutua sartu. Tutua ongi finkatzeko, irudian ageri den eran, boligrafo edo errotulagailu baten tapoia erabil dezakezue.
2. Latorrizko xafla bat erabiliz, ur-ponparen palak izango direnak eraiki.
3. Egin dituzuen pala horiek motorraren ardatzera lotzeko, honako bide hauetakoren bat erabil dezakezue:
• Latorrizko xafla ardatzari berari eztainuz soldatu.
• Irudian ikusten den eran, boligrafo-tapoi bat edo antzeko plastikozko ataltxo bat hartu, alde batean zulotxo bat egin motorraren ardatzean sartzeko, eta beste aldean apur bat ebaki. Epai edo ebaki horretan xafla sartu, eta kolaz finkatu (termourkorraz edo loctitez), bai ardatzean tinko egon dadin, baita palak sendo finkaturik gera daitezen ere.
• Palak plastikozko xaflaz (moztu eta beroarekin tolestuz) eraiki ditzakezue, eta ardatzean itsasgarri sendo batekin lotu.
4. Ur-ponparen atal nagusitzat har genezakeen argazkientzako filmaren ontziari ezarri diogun alboko tutuari plastikozko edo gomazko hodia ipini.
5. Ondoren, palak ardatzean erantsita dituen motorra argazkientzako filmaren ontziaren barruan jarri behar duzue. Sartu motorra presio pixka bat eginez, hor gera daitezkeen zirrituetatik urik ez irteteko moduan, ongi doituta gera dadin. Behar izanez gero, motorra zinta isolatzailez bilduz, diametroa handitu dezakezue. Filmaren ontziaren tapa erabil dezakezue itxitura sendoagoa egiteko.
Hemen beheko argazkiek erakutsiko dizuete nola egin dezakezuen lan hori.
Azterketa eta ondorioak
Ikusi ea funtzionatzen duen egindako ur-ponpak, eta idatzi zer ondorio aipatuko zenituzketen.
Fitxategia: