Zirkuitu sinplea

Lehendik ere ezaguna duzuen zirkuitu sinplearen elementu batzuk berriz aztertuz hasiko dugu zirkuituei buruz informazioa biltzeko saio hau.  
 
Egizue azalpen labur bat zirkuitu elektriko sinpleei buruz, eta argitu hainbat puntu. Hemen beheko galderek bidera dezakete azterketa hori. 
 
1. Zer elementu nagusiz osatzen da zirkuitu sinple bat?
 
2. Zer funtzio betetzen du elementu horietako bakoitzak? 
 
Korronte elektrikoa eta potentzial-diferentzia 
Beste unitatean ikasitakoa sakontzea izango da jarduera honetako saiakuntzaren helburua. Horretarako, lehenengo, osa itzazue taldeak; ondoren, egin ezazue muntaketa; proba ezazue egindako muntaketa horrek funtzionatzen duen, eta, azkenik, ikusi zer ondorio ateratzen dituzuen egindakoaren ondoren. 
 
Egin itzazue hemendik aurrera proposatzen dizkizuegun ariketak. 
 
1. ariketa 
Materiala 
• Pila (1.5 V) • Eroaleak (bi kable zati) 
• Bonbilla (4,5 V)  
 
Prozedura 
Eraiki ezazue zirkuitu sinple bat goian aipatutako elementu horiek irudian ageri den erara konektatuz.  
 
Azterketa 
Beha ezazue zer gertatu den zirkuitua osatu denean, egin ezazue azterketa eta, gurutze batez, markatu hemen beheko eta hurrengo orrialdeko esaldietatik zein diren erantzun egokiak. 
 
1. Bonbilla piztu egin da. Beraz, hau ondoriozta dezakegu: zirkuitu elektrikoa sortu dugu, eta karga elektrikoak pilaren polo batetik bestera igarotzen dira. 
 
2. Elektroiek, bonbillaren filamentua zeharkatzean, berotu egiten dute hura, goritu arte berotu ere, eta horregatik sortzen da argia. 
 
3. Zirkuitua osatu dugunean, ez da ezer berezirik gertatu. Gure azterketaren ondoren, hauek dira gure ondorioak: pila agortuta dago, edo karga elektrikoak ez dira polo batetik bestera igarotzen, zirkuituko materialak ez direlako eroaleak edo, eroaleak izanik ere, etenen bat dagoelako. 
4. Zirkuitua osatu dugunean, ez da bonbillarik piztu. Aurreko ataltxoan aipatutakorik gertatu ez denez, bonbillaren filamentua erreta (hautsita edo urtuta) dagoela erabaki dugu. 
 
5. Pilaren bi borneen arteko tentsioak (potentzial-diferentzia) sortzen du korronte elektrikoa. 
 
2. ariketa 
Zirkuitu horretan gertatzen denaz informazio gehiago lortzeko, eraikitako zirkuitu horretan neurketarako tresna bat txertatu behar duzue, hemen alboko argazkian ikus dezakezuen bezala.  
 
Delako neurgailu hori polimetroa da, eta, erabiltzen hasi aurretik (zer den jakiteko eta nola erabili behar den ikasteko), komeni da haren funtzionamenduaz ondo informatzea.  
 
Beste ezer baino lehen, beraz, jo ezazue Eraikitze-teknikak liburuxkara edo galde iezaiozue irakasleari.  
 
Prozedura 
Polimetroa hainbat neurketa egiteko erabil daiteke. Konekta ezazue voltimetro-neurketak egiteko eran, eta begiratu zein den neurketaren emaitza. 
 
3. ariketa  
Prozedura 
Beste zirkuitu bat egin behar duzue 3. ariketa honetan. Ariketa hau aurrenekoaren errepikapena izango da, baina oraingoan, bi pila elkarren jarraian, seriean, jarrita probatu behar duzue (baten alde positiboa bestearen negatiboarekin elkartuz). 
 
Azterketa 
Zirkuitua osatutakoan, zer gertatzen den behatu, eta gertatzen dena markatu hurrengo lerroetan (ikusi aukerak, eta aztertu ondo). 
 
1. Bonbilla ez da pizten. 
2. Bonbilla pizten da, baina lehen baino argi gutxiago egiten du. 
3. Bonbilla pizten da, eta lehen baino argi gehiago egiten du. 
 
Ondorioak 
Ikusi zer ondorio atera dezakezuen hori ikusita. Honako hauetakoren bat al da? Eta hala ez bada, zer esango zenukete? 
 
1. Bonbillaren filamentua gehiago goritzen da, eta argi gehiago ematen du. 
 
2. Bi pilen arteko potentzial-diferentzia handiagoa da, pila bakarrak sortua baino, eta horregatik argitzen da gehiago bonbilla. 
 
4. ariketa 
2. ariketan bezala, neurketak egiteko, polimetroa erabiliko dugu oraingoan ere.  
 
Prozedura 
Polimetroa voltimetro eran erabiliz, neurtu eta adierazi zenbat voltekoa den bi pilen artean dagoen potentzial-diferentzia.  
 
Azterketa 
Aurreko ariketako neurketarekin alderatu azken neurketa hori, eta aztertu zer gertatzen den bi pila jarritakoan. 
 
Ondorioak 
Ikus ezazue zer ondorio aterako zenituzketen ariketa honetan egindako saiakuntzaren eta azterketaren ondoren. Hemen behean ageri diren puntuetatik, zein egiazta ditzakezue? 
 
1. Bi pila seriean jarrita, tentsio edo potentzial-diferentzia handiagoa lortzen da batekin baino, eta horregatik argitzen du gehiago bonbillak. 
2. Pila bat baino gehiago seriean erabiltzen direnean, pila jarri berriaren potentzial-diferentzia lehendik zeuden pilei dagokienari gehitzen zaie. 
3. Potentzial-diferentzia lehen baino handiago delako, karga elektrikoa (korrontearen intentsitatea) handiagoa da zirkuituan, eta horregatik, bonbillak argi gehiago egiten du. 
4. Potentzial-diferentziak eragin zuzena du korrontearen intentsitatean. 
 
Hipotesiak adierazi 
Potentzial-diferentzia handitu egiten ote da pilak seriean jarriz gero? Zer gertatuko litzateke beste pila bat (3.a) jarriko bagenu seriean? Zer emaitza jasoko genituzke? Bonbillak argi bera emango al luke? Gehiago? Nolako neurria adieraziko luke voltimetroak?
Fitxategia: