Errelea II
Errelea I jardueran egindako eraikuntza eta ikerketen ondoren, errelea zer den ulertzeko zailtasunik ez duzue izango. Hala ere, jarduera honetan errele komertzial baten osagaien eta funtzionamenduaren azalpena eskainiko dizuegu.
Jarduera honetako informazioa irakurriz jabetuko zarete operadore horrek eta zuk egindako muntaketak oinarri berbera dutela.
Esan dezakegu, erraz ulertzeko moduan esanda, errelea elektroiman batez aktibatzen eta desaktibatzen den operadorea dela, eta haren osagaiak aztertzen baditugu, bi zati edo zirkuitu dituela ikusiko dugu:
1. Elektroimana dagoen zirkuitua.
2. Etengailuen kontaktuak dauden zirkuitua.
Errelearen funtzionamendua honela deskribatuko genuke, pausoz pauso:
A) Korronte txiki batek harila zeharkatzen duenean, eremu magnetiko bat sortzen du, eta horrek burdinazko gunea magnetizatzen du.
B) Gune imantatu horrek eskuaira-eran tolestatutako burdinazko xafla (begiratu alboko irudian) erakartzen du.
C) Pieza horrek etengailuen kontaktuak bultzatzen ditu, eta itxita zeudenak ireki eta irekita zeudenak itxi egiten ditu.
D) Harileko korrontea desagertzean, elektroimana desaktibatu egiten da eta, ondorioz, metalezko xafla eta kontaktuak hasierako posiziora itzultzen dira.
Erreleak etengailu gisa edo konmutadore gisa funtziona dezake. Hurrengo orrialdean izan dezakezue horren berri.
Errelea etengailu gisa erabiltzen dugu zirkuitua ireki edo ixteko bakarrik erabiltzen dugunean, eta, konmutadore funtzioan, aldiz, bi zirkuituen artean konmutatzeko erabiltzen denean (aurreko jarduerako muntaketan bezala); hau da, errelearen eraginez zirkuitu bat funtzionamenduan jartzen denean, bestea deskonektatu egiten badu.
Alboko grafikoan ikus ditzakezue erreleak irudikatzeko erabiltzen diren sinboloak.
Fitxategia: