Dinamoa

Esan dugu energia elektrikoa energia mekaniko bihurtzen duen operadorea dela motorra, baina ezagutzen al duzue energia mekanikoa energia elektriko bihurtzen duen gailurik? Ziur baietz. Ez al duzue inoiz lortu elektrizitatea -eta argia_, zuen hanken indarrez? Jarduera honen asmoa energia-aldaketa hori nola gertatzen den adieraztea da.  
 
Egin itzazua hemen proposatzen dizkizuegun ariketak, eta ea zein ondorio ateratzen dituzuen. 1. ariketa 
 
Izenda itzazue energia mekanikoa –hau da, higidurari loturik dagoen energia– energia elektriko bihurtzen duten gailuak.  
 
2. ariketa 
Aurreko ariketa batean, elektroimana aztertzen aritu zareten hartan, hariletik elektrizitatea pasarazi eta eragin magnetikoa lortu duzue, baina egin al daiteke alderantzizko bidea? 
 
Magnetismoa --> Elektrizitatea 
 
Galdera horri erantzuten saiatuko gara ariketa honetan, eta haril baten inguruan, eremu magnetikoa aldatuz, elektrizitatea lortzeko gai garen ikertuko dugu. 
 
Prozedura 
1. Alboko irudian ageri den eran, har ezazue haril elektriko bat, eta konekta iezaiozue polimetroa, potentzial-diferentzia neurtzeko moduan. 
 
2. Har ezazue harilaren nukleoan sar daitekeen imana, eta nukleoaren barrura sartu eta atera ezazue, behin eta berriro. 
 
Azterketa eta ondorioak 
1. Zer gertatzen da? Behaketa- eta azterketa-lanak egin ondoren, zer ondorio ateratzen dituzue? 
 
2. Saiakuntzako emaitzak ikusirik, baieztatuko al zenukete hemen beheko esaldi hau? H
aril batean eremu magnetikoa aldatzen dugunean, elektrizitatea sortzen da. 
 
Azterketa eta ondorioak (jarraipena) 
Aurreko ariketak ez gaitu ondorio okerrera eraman behar. Alegia, ez dugu pentsatu behar elektrizitatea sortzeko iman bat hartu eta harilaren barruan sartu eta atera ibili behar dugunik. Zentral elektrikoetan ez dira horrela jarduten, horren ordez badaude-eta beste bi prozedura, errazagoak eta emankorragoak: harila bera birarazi eremu magnetiko baten barnean, edo iman bat biraka ipini haril baten barnean. 
 
Horrelako sorgailu baten itxura nolakoa den ikusteko, nahikoa duzue motor txiki hondatu bat hartu, desmuntatu, eta bere barruko aldeari begiratu bat ematea. Hortxe ikusiko duzue harila, eta konturatuko zarete eremu magnetiko baten barruan dagoela.  
 
3. ariketa 
Prozedura 
1. Har itzazue bi motor eta, alboko irudian ageri den bezala, munta itzazue taula batean tinkaturik. Ipin itzazue bi motorretako ardatzetan poleatxoak, tinko lotuta. 
 
2. Bi motorretako poleak gomatxo baten bitartez lotu, batek biratzen duenean besteak ere bira dezan. 
 
3. Motorretako bat korronte elektrikoarekin (9 V, 12 V…) martxan ipini. Ikusi ea polea bidez lotuta dagoen bigarren motorrak ondo biratzen duen. 
 
4. Bigarren motorreko borneetara bonbillatxo bat (2,5 V-ekoa) konektatu. 
 

Azterketa eta ondorioak 
1. Bonbilla piztu egiten al da? 
2. Esplikatuko al zenukete zer gertatzen den hor? Begira arreta handiz nola eginda dagoen muntaketa eta zer gertatzen den motor bakoitzean. Nola aldatzen da energia lehenengo motorrean? Eta bigarrenean? 
3. Zer ondorio ateratzen dituzue saiakuntza egin, eta emaitzak aztertu ondoren?
 
 
 

Oharra: gertakizuna esplikatzeko, ideia hau barneratu: motorra tresna alderanzgarria da, elektrizitatearekin martxan jarriz gero, era bateko emaitzak ematen ditu (ardatza biraka hasten da), eta indar baten bidez motorraren ardatza biraka jartzen badugu, emaitza beste era batekoa izango da (elektrizitatea sortuko du, eta bonbilla pitz daiteke). 
 
 
4. ariketa 
Hor ondoko irudian ikus dezakezue 3. ariketan aipatutakoaren aplikazioa. Gai al zarete aplikazio hori nola gauzatzen den azaltzeko?
Fitxategia: