Sorgailu elektrikoak

Elektrizitate-sorgailuen artean makina edo bitarteko erabilienetako bat turbina da. Baina erabilienetakoa izan arren, ez gara, oraingoz, hura aztertzen hasiko, eta haren ikerketa gerorako utziko dugu –elektromagnetismoa aztertzeko garairako–, orduan errazago ulertuko duzulakoan.  
 
Hasierako ikerketa hauetan, mementoz, pila erabiliko dugu, elektrizitate-sorgailu bezala, erabilpen errazekoa, arriskurik gabekoa eta merkea delako. 
 
Pilak, normalean, erosi egingo ditugu, baina interesgarria litzateke guk geuk pila bat egitea nolakoak diren jakin ahal izateko. Bi jarduera hauetan –honetan eta hurrengoan– horretan arituko gara: pila ezagutzen eta pila bat egiten. Has gaitezen pilari buruzko informazioa aurkitzen. 
Jo ezazu informazio-iturrietara, eta bil ezazu honako galdera hauei erantzun ahal izateko adina informazio. 
 
1) Nork eraiki zuen lehen aldiz pila bat? 
2) Noiz izan zen hori? 
3) Berdinak al dira asmatzaileak eraiki zuen pila hura eta gaur egun erabiltzen ditugunak? 
4) Zer ezberdintasun daude, zure ustez, bien artean? 
5) Zertan dute antza lehengo eta oraingo pilek? 
 
Sorgailu sinple baten eraikitzea: pila bat nola egin 
Bi ariketa proposatuko dizkizugu, eta ariketa bakoitzean pila bat egiteko aukera eskainiko.  
 
Lehenengoan, pilaren eraikitzea eta azterketa egiteko, pilaren asmatzaileak emandako pauso berak jarraitzen ahaleginduko gara. Bigarrenean, aldiz, pilaren eraikitzea oinarri berberetik abiatuta bada ere, pilak egiteko era erraz eta bitxia ikasteko aukera izango duzu. 
 
• Egin ezazu zuk zeuk pila bat hemen beheko bi ariketek erakusten dizuten erara, eta, ondoren, erantzun goiko galdera horiei. 
 
1. ariketa 
Jardueraren hasieran esan bezala, asmatzaileak emandako pauso berak emanez pila bat egin nahi dugu ariketa honetan. 
 
Materiala 
• Ur gazia 
• Zinkezko xafla (4 edo 5 zatitxo egiteko adina) 
• Kobrezko xafla (4 edo 5 zatitxo egiteko) edo   kobrezko txanponak 
• Paper xurgatzaile lodia • Bi hari eroale  
• Zinta itsaskorra 
 
Prozedura 
1. Pilaren oinarria zink- eta kobre-xaflak elkarren gainean pilatzean dago, bi materialezko xaflen artean ur gaziz bustitako paper xurgatzaile lodi zatiak dituztela, sandwich antzekoa eginez. Sandwichak zenbat eta geruza gehiago eduki, hainbat eta hobe. 
2. Hari eroalearen mutur zurituetako bat zinkezko xaflari erantsi zintaz, eta jar ezazu sandwicha mahai gainean, kablea azpian duela. 
3. Beste hari eroalearen muturra zuritu, eta erants iezaiozu zure pila voltaikoaren gainean geratu den kobre zatiari erants iezaiozu. 
4. Har itzazu bi kableen mutur askeak, eta eraman itzazu mihira. Nabari al duzu elektrizitateak sortzen duen kilikadura? 
 
2. ariketa 
Pila sinple bat egiteko beste modu bat proposatzen dizugu 2. ariketa honetan, limoi bat (edo gehiago) erabiliz. Pila mota han egiten ahalegindu nahi baduzu, honatx duzu ideia. 
 
Materiala 
• Limoia  
• Zinkezko xafla 
• Kobrezko xafla 
• Hari eroaleak 
 
Prozedura 
1. Sar itzazu kobrezko eta zinkezko zatiak limoian egindako bi zulotxo edo arrailduratan. 
2. Mihiaz bi xaflak batera ukitzen badituzu, elektrizitateak eragindako kilimak nabarituko dituzu bertan. Korrontea, metalen eta limoi- zukuaren azidoaren arteko erreakzio kimikoaren ondorioz sortzen da. 
3. Saiakuntza taldeka egin baduzue eta talde batek baino gehiagok egin limoizko pila, honako proba hau ere egin dezakezu: ipin itzazu zenbait limoi bata bestearen segidan, limoi bateko kobrezko xafla alboko limoiko zinkezko xaflarekin lotuz. Superpila bat ote da? 
4. Limoiz osatutako pila horren bi ertzetako xafletan hari eroaleak lotu eta 2 V-eko bonbilla batera konektatu. Istant batean bada ere, piztu al da bonbilla? 
5. Jo dezagun bonbilla ez dela piztu (edo saiakuntzarekin aurrera jarraitu nahi duzula). Irakaslearen laguntzaz, konektatu polimetroa egin berria duzun pila horren bi muturrei, eta ikusi ea orratza higitzen den ala ez. Higitzen bada, elektrizitatea eroaten ari den seinale. 
 
Korronte zuzena eta alternoa 
Ikasi duzu badirela hainbat sorgailu mota, eta sorgailu horiek eraldatzen duten energia-iturrien arabera sailka daitezkeela. Hala ere, sorgailuak sailkatzeko beste modu bat ere badago, irizpidetzat sorgailu bakoitzak sortzen duen korronte elektrikoa nolakoa den hartzen badugu kontuan: korronte zuzena sortzen duten sorgailuak eta korronte elektriko alternoa sortzen dutenak. Baina, zertan datza ezberdintasuna? 
Korronte elektriko zuzeneko sorgailuak –beti noranzko berean– borne positibotik borne negatiborantz, higitzen den korrontea sortzen du zirkuituan.  
 
Korronte zuzena sortzen duten sorgailu ohikoenak pilak eta bateriak dira. 
 
Korronte elektriko alternoko sorgailuak, aldiz, noranzkoa etengabe aldatzen duen korrontea sortzen du zirkuituan. Gehien erabiltzen den korronte alternoak segundo batean 50 aldiz aldatzen du noranzkoa.  
 
Guri sare nagusitik (tresnaren bat entxufatzean edo) etxera iristen zaigun korrontea alternoa da. Korronte alternoa sortzen duten sorgailu batzuk hauek dira: zentral hidraulikoak, termikoak, nuklearrak, harila (generadorea)… 
 
Korronte elektriko alternoa errazago sortzen da zuzena baino, eta horregatik da erabiliagoa. Aurrerago aurkituko duzu korronte elektriko alternoari buruzko informazio gehiago.
Fitxategia: