Elektroimana

Gaur egun, sarri erabili ohi dugu elektroimana, aplikazio ugari baitauzka: etxeko txirrina, atariko sarraila automatikoa, musika-bozgorailua, autoko sarraila elektrikoa… Elektroimanen oinarria eta funtzionamendua nolakoa den ikasten hasteko duzue jarduera hau, eta zuek elektroiman bat eraikitzea proposatzen dizuegu bertan. Zailtasun berezirik gabeko ariketa da, eta berehala moldatzeko moduan izango zarete. 
 
Eraiki ezazue elektroiman bat, hemen beheko 1. ariketan aipatzen diren urratsei jarraituz, eta egin itzazue jarraian (hurrengo orrialdeko 2. ariketan) proposatzen diren ikerketak ere, eta amaieran, jaso itzazue ondorioak. 
 
1. ariketa 
Ariketa honetan elektroiman bat egin dezazuela proposatzen dizuegu. 
 
Materiala 
 
• Burdina gozoko iltze edo torloju bat, elektroimanaren gune moduan erabiltzeko  
• Kartoi mehea edo plastikozko zinta 
• Hari edo eroale elektriko bat 
 
Oharra: elektroimana osatzeko erabiltzen den hariak isolatzailez estalia izan behar du –harilkatzeko haria deitzen dena, ahal bada–, edo plastikoz estalia bestela (hari bakarrekoa). Harilkatzeko haria balio ez duen motor edo transformagailu batetik atera 

dezakezue. 
 
Prozedura 
 
1. Bil ezazue iltzea edo torlojua kartoi mehean edo plastikozko zinta itsaskorrean. 
2. Bil ezazue haria torlojuaren inguruan, alboan ageri den eran, eta beti noranzko berean. Gutxienez, hirurehun bat bira ematea komeni da. Begiratu arretaz ondoko irudiei. 

3. Orain, aski duzue hariaren hasierako eta amaierako muturrak zuritzea (isolatzailea, esmaltea, plastikoa edo dena delakoa 
kendu), eta bakoitza pila baten polo batekin elkartzea, eta prest duzue zuen operadorea: elektroimana. 
4. Konexioa egin ondoren, ingura ezazue elektroiman hori iltzetxo edo txintxeta batzuetara, eta ikusiko duzue nola erakartzen dituen, iman batek bezalaxe.  
5. Pilatik askatzen baduzue, aldiz, erakartze indar edo magnetismo hori galdu egiten du. 
 
 
 
Aurreko ikerketan, elektroimana egin duzue, eta eraiki ondoren konturatuko zineten bezala, elektroimanaren erakartzeko indarra hari eroalean zehar igarotzen den korronte elektrikoaren ondorioz sortzen da. Beste era batera esanda: korronte elektrikoa indar magnetiko bilakatzen da, eta zuek kontrola dezakezue elektroiman horrek noiz erakarriko duen eta noiz ez.  
 
Elektroimanaren funtzionamendua aztertzen aritzea interesgarria izan daiteke, eta hainbat proba egin ditzakezue.  
 
Dena dela, kontuan izan hariak oso erresistentzia elektriko txikia duenez, korronte nahiko handia sortzen dela, eta, ondorioz, pila berehala gastatuko zaizuela, denbora luzez konektaturik edukitzen baduzue, behintzat. 
 
2. ariketa 
Saia zaitezte ondoren datozen esperimentuak egiten eta galderei erantzuten. 
 
Ikerketa eta azterketa 
1. Eskura ezazue iparrorratz bat, eta jarri elektroimanaren inguruan. Orratza mugitu egiten al da? 
2. Zer gertatzen da elektroimana konektatzen eta deskonektatzen baduzue? 
3. Eta pilako konexioak aldatzen badituzue, aldatzen al da orratzaren noranzkoa? 
4. Zergatik dela uste duzue? 
5. Iman normalekin, honezkero frogatu ahal izango duzuenez, zeinu bereko poloek elkarrengandik urruntzeko joera dute bata bestera hurbiltzean, eta zeinu ezberdinekoak badira aurrez aurre jartzen direnak, elkar erakartzen dute. Elektroimanei beste horrenbeste gertatzen ote zaie? Egin itzazue beharrezko iruditzen zaizkizuen probak eta ikusi zer gertatzen den. 
6. Zer ondorio aterako zenituzkete egindako saiakuntza horiek amaitu ondoren? 
7. Iman arruntak dituen bezala, bi polo ote ditu elektroimanak ere? 
 
Ondorioak 
Bi ariketa egin dituzue jarduera honetan, eta bi ariketa horiek zer erakutsi dizueten laburbiltzeko garaia litzateke oraingo hau. Zein ondorio aterako zenituzkete amaitu duzuen jarduera hau egin ondoren?
Fitxategia: