Materialak
Zuen inguruan, edonon, etxean, kalean, eskolan... zurezko nahiz metalezko objektu asko ikus ditzakezue, baita erabili ere. Baina inoiz pentsatu al duzue nondik lortzen diren edo zein den beren fabrikazio-prozesua? Informazio-jarduera honetan eman nahi dizuegu horren berri.
Azterketa egiteko garaian, bi atal nagusitan sailkatuko ditugu materialak, errazago aztertu ahal izateko: metalezko materialak, alde batetik, eta zurezkoak, bestetik.
1. Metalezko materialak
Metalezko materialak ugari izango dira zuen inguruan, metalak askotan erabiltzen baitira, bai egiturak eta eusle sendoak osatu nahi direnean, baita eroale moduan erabiltzerakoan ere. Metalezko materialen sailkapena egiteko garaian, bi talde edo mota nagusi bereiziko ditugu: lehenengo sailean, burdina eta burdin aleazioak ditugu, eta bigarrenean, burdinarik gabekoak.
A) Burdina eta burdin aleazioak
Burdina, bere horretan, osagai gehiagorik gabe, material biguna da, eta ez da oso egokia eraikuntzan erabiltzeko. Baina burdinari, burdingintzako prozesuan bertan, karbonoa gehitzen bazaio, hainbat ezaugarri dituzten burdin motak edo aleazioak lor ditzakegu.
Burdinarekin elkartzen den osagai nagusietako bat karbonoa denez, burdinaren aleazio horiei karbono-altzairuak deitzen zaie, edo altzairuak, besterik gabe.
Hurrengo orrialdean, altzairuen sailkapenerako taula duzue.
Altzairu herdoilgaitza
Burdinaz eta kromoz egindako aleazioak, berriz, altzairu herdoilgaitza izenez ezagutzen dira. Kromoaren eraginez materialaren azalean oxidozko geruza mehea sortzen zaio gainean metalari, eta azaleko herdoil mintz mehe horrek, gehiago herdoil dadin eragozten du.
Aleazio herdoilgaitz horietako batzuetan, burdinarekin, karbonoarekin eta kromoarekin batera, nikela izaten da osagaietakoa.
Burdinurtua
Zure inguruko objektuetan aurki dezakezuen beste aleazio bat burdinurtua da. Aleazio horretan, burdina, karbonoa eta silizioa nahasten dira, batez ere.
Hauskorra izan ohi da, baina azaleko geruza gogorra du.
Konpresio-indarrarekiko erresistentzia handia du, eta trakzioarekiko, aldiz, txikiagoa, proportzioan.
B) Burdinarik gabeko metalak eta aleazioak
Burdinarik ez daukaten metalen artean, aluminioa, kobrea eta letoia dira erabilienetako batzuk. Ikus dezagun zer ezaugarri dituzte metal horiek eta zer erabilera ematen zaien.
Aluminioa
Aluminio purua, beste elementu nahasgarririk gabe, biguna, malgua eta harikorra da; beroaren eta elektrizitatearen eroale ona, makinaz lantzeko erraza, eta herdoilgaitza. Kolore gris distiratsua du, zilarraren antzekoa.
Bere ezaugarri fisikoak direla eta, oso erabilgarria izan daiteke hainbat erabileratarako.
Dena dela, aluminioa, berez, biguna denez, gogortasuna emateko, beste zenbait metalekin nahasten da. Aleazioak egiten dira kobrea, kromoa, magnesioa, eztainua edo silizioa erantsiz aluminioari.
Kobrea
Kobrea metal malgua eta harikorra da, eta herdoilgaitza. Kolore marroi gorrixka berezia du.
Erabilera asko dituenez, garrantzi handiko metala da.
Esfortzuekiko erdi mailako erresistentzia du, eta eskuz nahiz makinaz lantzeko erraza da. Elektrizitatearen eroale oso ona da, eta beroaren eroale nahiko ona.
Letoia
Kobrea eta zinka erabiliz egindako aleazioa da letoia, eta osagai bakoitzetik daukan proportzioaren arabera, era bateko edo besteko ezaugarriak izango ditu. Nahiko herdoilgaitza da, eta elektrizitatearen eroale ona. Urre kolorekoa da. Alboko argazkian ikus daitezke letoiz egindako zenbait objektu.
2. Zurezko materialak
Eraikuntzan betidanik erabili izan den materialetako bat da zura. Zur mota guztiek ez dituzte ezaugarri berdinak: zuhaitz motaren araberakoak izan ohi dira. Eta, hain zuzen, ezaugarri edo propietate horien arabera sailka ditzakegu.
Sailkapenak mota askotakoak izan daitezke; lehen sailkapen batean, esaterako, gogortasuna har genezake sailkapena egiteko irizpide: zur gogorrak eta zur bigunak edukiko genituzke.
Era berean, zer zuhaitzetako zurak diren hartzen badugu kontuan, beste sailkapen bat ere egin genezake: neguan hostoak galtzen dituzten zuhaitzenak, koniferoenak, eta neguan hostoa galtzen ez duten beste hainbat zuhaitzenak.
A) Zur bigunak
Zur bigunen artean, pinua da erabiliena. Makinaz erraz ebaki eta landu daiteke.
Bere koloreari dagokionez, zuri horixkatik hasi eta gorrixka arterainokoak aurki ditzakegu. Material nahiko iraunkorra da, eta esfortzuak nahiko ondo jasaten ditu.
Zur bigunen artean aipa genitzakeen beste batzuk hauek dira: izeia, urkia, hurritza, laritza…
B) Zur gogorrak
Zur gogortzat hartzen direnen artean, honako hauek aipa genitzake: pagoa, intxaurra, haritza, gaztaina, lizarra, gerezia, hagina, kaoba, ezpela, ebanoa, zumarra…
C) Zurezko beste material batzuk
Zur naturalez gain, badira eraikuntzan asko erabiltzen diren beste zurezko material batzuk: ohol artifizialak, hain zuzen.
Ohol artifizialak zurezko materialak erabiliz osatzen dira, eta mota askotakoak izan badaitezke ere, honako hauek dira erabilienak:
Kontratxapatuak
Zenbait zurezko xafla elkarri erantsiz eta ohol edo xafla osatuz egiten dira kontratxapatuak. Beren egituragatik, beroaren eta hezetasunaren eraginez ez dira formaz aldatzen.
Aglomeratuak
Egur txirbilak kola sintetikoz elkartuz egiten dira aglomeratuak. Ohiko zura baino zama gehiago jasateko egokiak dira, baina ez dute balio esfortzu handiei eusteko. Zur naturalak baino merkeagoak dira, eta altzarietan erabiltzen dira, batez ere.
Okume txapa
Ginean eta Gabonen hazten den izen bereko (okume) zuhaitzetik ateratzen dira txapa horiek.
Zur hau arina da, eta xafla mehetan ebakitzeko egokia. Marketeriako lanetarako erabilgarria da, nahi dugun forma ematea ahalbidetzen duelako. Kontratxapatuak egiteko ere erabiltzen da.
Fitxategia: