Georg S. Ohm
Georg S. Ohm (1789-1854)
Badakigu, zirkuitu batean, elkarren artean erlazionaturik egoten direla potentzial- diferentzia, korrontearen intentsitatea eta zirkuituaren erresistentzia.
Erlazio hori bazela, eta nolakoa zen, gainera, aspalditxo asmatu edo ikusi zuen Georg S. Ohm izeneko alemaniar fisikariak; 1826. urtean, hain zuzen ere.
Berari zor diogu korronte elektrikoaren oinarrizko legeetako bat, Ohmen legea izenez ezagutzen dena, hain zuzen. Jarraian duzue lege horren berri.
Ohmen legea
Hona hemen Ohmen legea izenez ezagutzen den korronte elektrikoari buruzko oinarrizko legea: eroale baten muturren artean dagoen potentzial-diferentziaren eta eroaletik igarotzen den korrontearen intentsitatearen arteko zatidura beti konstantea da. Konstante horri erresistentzia deitzen zaio.
Matematikoki honela adierazten da: V / I = R
Eta hortik: I = V / R
Jarduera honetan jasotako informazioa erabil eta aplika dezazuen proposatzen dizuegu oraingo hau.
• Pentsa eta erantzun ezazue zer gertatuko den ondoren azaltzen dizkizuegun kasuetan.
1. Pilaren bi poloak eroale batez elkartzen baditugu, zuzenean, zirkuituan inongo erresistentziarik ez dela, nolakoa izango da korronte elektrikoaren intentsitatea? Handia ote da? Txikia ote? Mugagabea?
2. Zer gertatuko zaio pilari ia berehala?
3. Hor goian aipatutako kasuan, zirkuitulaburra gertatu dela esaten da. Alboko argazkian agertzen den egoera horretan, gertatzen al da horrelakorik?
4. Behin baino gehiagotan entzungo zenuten sutea gertatu dela zirkuitulabur baten ondorioz. Esplikatuko al zenukete nola gerta
daitekeen hori?
Fusibleak
Zirkuituak babesteko elementu bat erabiltzen da sarritan: fusiblea. Zirkuituan tartekatu ohi dugun elementuetako bat da fusiblea, eta nahiko erraz urtzen den material eroalez osatua dago.
Korronte elektrikoaren eraginez, hari mehe hori goritu eta urtu egiten da, korrontearen intentsitatea maila batetik gora igotzen denean.
Zirkuituko korrontearen intentsitatea gehiegi handitzen denean (zirkuitulaburretan, adibidez), kalteak sor daitezke zirkuitu horretako elementuetan.
Zirkuituan korrontearen intentsitatea gehiegi handitzen denean, bertako elementuei kalte egiteaz gain, su hartu edo erre ere egin daitezke, eta, ondorioz, txinpartek edo suak eragindako sutea ere gerta daiteke. Ahal den neurrian, arrisku hori baztertzeko jartzen dira fusibleak.
Fusibleak zirkuituetan dauden elementu ahulenak dira intentsitatea handitzen denean, eta urtu egiten dira berehala (eta korronte elektrikoa eten egiten dute) intentsitatea neurriz gora doanean. Era horretan, fusiblea urtu bai, baina zirkuituko gainerako elementuek ez dute matxurarik izaten.
Fitxategia: