Erresistentzia eta
Zirkuituaren erresistentzia eta korrontearen intentsitatea
Orain arte egin ditugun saiakuntzen bidez, ikusi dugu potentzial-diferentziak baldintzatu egiten duela korronte elektrikoaren intentsitatea, baina ez da intentsitate hori baldintzatzen duen faktore bakarra.
Bigarren faktore horren bila abiatuko gara jarduera honetan, zirkuitu baten korronte elektrikoaren intentsitatea mugatzen duen beste eragile bat aurkitzeko asmoz, eta, honezkero asmatuko zenuten bezala, faktore hori zirkuituaren erresistentzia elektrikoa deitzen da.
Erresistentziaren eragin hori frogatzeko, aurreko ariketako zirkuitu berdintsua erabiliko dugu, baina, oraingoan, orain arte aldatu ez dugun elementua aldatuz egingo dugu saiakuntza: erresistentzia aldatuz, hain zuzen.
• Adierazten dizuegun prozedura erabiliz, egin itzazue ariketa hauek, eta adieraz itzazue ateratako ondorioak.
1. ariketa
Prozedura
Eraiki itzazue hemen alboko irudietan ageri diren bi zirkuituak. Lehenengoan, erresistentzia bakarra (100 ?) erabili behar duzue, eta bigarrenean, berriz, baten lekuan bi, elkarren jarraian ipinita, seriean (horrela, zirkuitua zeharkatzen duten karga elektrikoek bi erresistentzietatik igaro beharko dute, eta batek eta besteak ezartzen dieten oztopoa jasan).
Azterketa
Beha ezazue arretaz eta ikusi nolako argia egiten duen bonbillak muntaketa bakoitzean: bonbillari distira aldatu zaion, bi erresistentzia erabili direnean bakarra zegoenean baino argi gehiago ala gutxiago egiten duen, eta abar.
Ondorioak
Aurreko jardueretan ikusi duzuenez, bonbillaren hariak argi gehiago ala gutxiago egitea, igarotzen den korrontearen intentsitatearen araberako zerbait da (zenbat eta korronte gehiago, orduan eta argi gehiago, eta alderantziz).
1. Potentzial-diferentzia izan ez denez, zer aldatu da aurreko bi zirkuitu horietan intentsitatea aldatzeko?
2. Aldatzen den elementu horren arabera, zirkuituko osagaien emaitzak ere aldatu egiten dira. Esango al zenukete zer gertatzen den zirkuituaren erresistentzia handitzen denean:
a) Bonbillaren distirarekin.
b) Korronte elektrikoaren intentsitatearekin.
3. Jabetu al zarete zer gertatzen den? Zirkuituaren erresistentzia handiagoa (edo txikiagoa) egiten denean, zer gertatzen zaion korronte elektrikoaren intentsitateari? Nola laburbilduko zenukete egindako azterketa, eta nolako ondorioak aterako zenituzkete?
2. ariketa
Jarduera honetako 1. ariketan ateratako ondorioak hobeki frogatzeko, neurketa batzuk egin ditzazuela proposatzen dizuegu. Horretarako, erresistentzia batzuk eta polimetroa (amperemetro eran) erabiliko dituzue.
Ariketa honetan, erresistentzia elektronikoak erabiltzea komeni zaizue, beren balioa (erresistentziarena) finkoa delako.
Prozedura
Egin ezazue hemen alboko argazkian ageri den zirkuitua, eta konektatu bertan erresistentzia bakar bat.
Egin gauza bera, baina bi erresistentzia jarriz oraingoan.
Errepikatu ariketa, hiru erresistentzia jarriz oraingoan.
Azterketa
Aurreko ariketak egin ondoren, eta jasotako datuekin, osa ezazue honako taula hau, eta aztertu ateratako emaitzak.
PILA ERRESISTENTZIA INTENTSITATEA
1 (4,5 V) 1 .......................A
1 (4,5 V) 2 .......................A
1 (4,5 V) 3 .......................A
Ondorioak
Goiko taulan bildutako datuak aztertuz, zer ondorio aterako zenukete? Zer gertatzen zaio zirkuituko korrontearen intentsitateari bertako erresistentzia handitzen denean?
Fitxategia: