Informazioa aurkitzen
Dagoeneko identifikatu eta deskribatu duzu zein izango den unitate honetan ebatzi behar duzun arazoa. Proiektua bideratzeko, diseinu egokia egitea izango da zuen hurrengo erronka, baina ezinbestekoa izango zaizu horretan hasi aurretik gaiari buruzko informazioa biltzea.
Informazioa aurkitzera gonbidatzen zaitugu, beraz, atal honetan, horrela zuen asmakizun eta proiektuetarako baliabide gehiago izango dituzuelakoan.
Informazio hori biltzen hasi baino lehen, dena dela, gogoratu aurreko unitate batean zirkuituak kontrolatzeko bi elementu ezagutu zenituela: sakagailua eta etengailua.
Bien arteko berdintasunak eta desberdintasunak gogoratu, baita elementu horiek seriean edo paraleloan konekta daitezkeela ere.
Sakagailuak eta etengailuak atal honetako ate gisako zerbait izango dira.
Jarduera honetan, edozein etxetan egin ohi den instalazio arrunt batek sortzen digun arazoa aurkezten dizugu. Zure lana oso erraza izango da: orain arte ikusi eta aztertu dituzun etengailuak edo sakagailuak aurkezten dizugun arazo horri erantzun egokia emateko gai diren ala ez ikustea.
• Adierazitako pausoei jarraituz, egizu saiakuntza, eta erabaki ea etengailu edo sakagailu arruntak nahikoa diren planteatzen dizugun arazoari erantzun egokia emateko.
Arazoaren aurkezpena
Logela batean bi argi pizgailu jarri nahi ditugu, eta horien bidez, bi puntutatik (ate eta ohe ondotik) gelako argia piztea eta itzaltzea nahi dugu.
Azterketa
1. Alboko eskemetako zirkuituetan bi etengailu ageri dira (seriean edo paraleloan jarrita). Horrela osatutako zirkuituek behar bezalako erantzuna ematen al diote guk aurkeztutako arazoari?
Saia zintezke zirkuitu horietako bi etengailuak batera eta bestera jarri eta aukera guztiak agortzen, baina eragingailu horiekin ezinezkoa izango zaizu gelan egin nahi duzunerako zirkuitu egoki bat lortzea.
Izan ere, horretarako badira beste osagarri batzuk, kanpotik begiratuta etengailu edo sakagailuen antzekoak direnak, baina barrutik zeharo desberdinak.
Mota horretako zirkuituak kontrolatzeko, elementu hauek dira egokiak, eta ez besteak.
Kontroladore horiei kommutadoreak edo kommutagailuak deitzen zaie, eta aurkezten dizugun erako arazo bati irtenbidea aurkitzeko ezinbestekoa duzu hauen funtzionamendua ezagutzea.
Fitxategia: