Eletromagnetismoaren

Eletromagnetismoaren aplikazioa: motorra 
 
Energia elektrikoa energia mekaniko bihurtzeko gai den operadorea da motor elektrikoa. Motorrak aspalditik ezagutuko dituzue zuek, baina ba al dakizue nola funtzionatzen duten? Eta zer elementu bereiz daitezkeen haren barnean?  
 
Galdera horiek eta antzeko beste batzuk argitzeko duzue jarduera hau. 
 
Elektromagnetismoari buruz ikasitakoaren aplikazio moduan, motor bat nola egin daitekeen erakutsi nahiko genuke jarduera honetan. Korronte elektriko zuzeneko motorra izango da, eta haren funtzionamendua azaltzen saiatuko gara. Kontzeptuen aldetik ez da oso erraza motorrak nola funtzionatzen duen ulertzea, baina azalpen honen ondoren, hainbat gauza argiago ikusiko dituzuelakoan gaude. 
 
Hemen beheko argazkian duzue motor elektriko sinple baten irudia, elementu oso arruntekin eraikia eta zuek ere egin dezakezuna. 
 
Beheko azalpenak irakurri ondoren, ikus ezazue nola aplika daitekeen elektromagnetismoa teknologiaren arlora, eta, bide batez, eraiki ezazue motor elektriko sinplea. 
Azterketa eta prozedura 
1. Begiratu arretaz alboko argazkiari. Irudi horretan, alde batetik, iman finkoak ditugu, egurrezko oinarrian finkatuak. Bestetik, higi daitekeen haril biribila dugu. 
 
2. Gogoratu, lehen ikusi baituzue hori beste jarduera batean, harilak beste edozein imanek bezala jokatzen duela korrontera konektatzen dugunean. Beraz, iman tinkoen barruan beste iman biribil bat dugu, baina berezitasun batekin: pilaren poloak aldatuz gero, haril horretan sortzen diren polo magnetikoak ere aldatu egiten dira. 
 
3. Harilaren eta pilaren artean, operadore berezia ipini dugu, irudian ikus dezakezuenez. Harila pilara konektatzeko erabiltzen den operadore edo sistema hori dela bide, harilaren mutur bat positiboari lotzen zaio bira erdi batean, eta negatiboari beste erdian. Hori dela eta, bira erdi bakoitzean, harilean sortzen diren polo magnetikoak aldatuz joango dira. 
 
4. Hori horrela izanik, iman finkoen eta harilaren artean elkarreraginak izango ditugu. Iman finkoen eta harilaren poloak aurrez aurre daudenean, iman finkoak bere aldera erakarriko du harila, baldin eta bien poloak desberdinak badira, eta, alderantziz, urrutiratu egingo du bien poloak zeinu berekoak direnean. 
 
5. Aurreko atalean aipatutako elkarreraginak direla eta, harila biraka hasiko da. 
 
6. Hemen emandako azalpenekin aski izan al duzue motor elektrikoaren funtzionamendua ulertzeko? Seguru asko ez da hala izan, eta oraindik ere zalantza handiak izango dituzue horri buruz, baina ez kezkatu; lasai hartu gauza! 
 
7. Hori ulertzeko beste urrats bat egin nahiko bazenute, hona hemen aholku bat debalde: saia zaitezte motor elektriko bat eraikitzen. Eraikuntza-prozesua aurrera daramazuen heinean, argiago ikusiko duzue motorraren funtzionamendua. 
Fitxategia: