Errelea I

Aurreko unitate didaktikoan, elektroiman bat eraiki zenuten, eta haren ezaugarriak aztertu. Oraingo honetan, elektroimanari zer erabilera eman diezaiokezuen ikusiko duzue. Horretarako, proiektu labur bat aurkezten dizuegu, eta horren bidez, errele bat zer den eta nola funtzionatzen duen ulertzeko bidean jarriko zaitugu. 
 
Osa ezazue argazkian ageri den zirkuitua, hemen beheko prozeduran adierazten dizuegun bideari jarraituz, eta aztertu, ondoren, funtzionamendua, proposatzen dizkizuegun galderei erantzunez. 
 
Prozedura 
1. Eraikitze-teknikak liburuaren azalpenetan aurkituko duzue muntaketa egiteko laguntza. 
2. Muntaketa honetan, lehendik ezagutzen dituzuen bi operadore elkartu dituzue: elektroimana, alde batetik, eta konmutadorea, bestetik. 
3. Elektroimana abian jartzeko, zirkuitu osoaren barruan zirkuitu txiki bat egin behar duzue. Bertan, etengailu baten bidez, korronte elektrikoa elektroimanetik pasaraz daiteke, edo pasaraztea galarazi. 
4. Zirkuituaren bigarren zatian, burdinazko xafla bat dugu. Xafla horrek bi posizio izan ditzake, eta horietako bakoitzean, zirkuitu bat ixten du (bonbillarena ala motorrarena).  
 
Konmutadore bat da, beraz, 9. jardueran ikusitakoaren arabera, konmutadoreak bi posizio har baititzake, eta horietako bakoitzean zirkuituetako bat itxi. 
 
Azterketa 
1. Marraz itzazue konmutadorea osatzen duten elementuak, eta adierazi nola funtzionatzen duten. 
2. Muntaketa egin eta pilak jarritakoan, elementuren bat hasi al da funtzionatzen? Zein? 
3. Egin duzuen muntaketa horretan, noiz konektatuko eta deskonektatuko da elektroimana? 
4. Elektroimana konektatzean (etengailua ixtean), zer egiten du latorrizko xafla mugikorrak? 
5. Motorra abian hasteko, nola egon behar du elektroimanak, konektatuta ala deskonektatuta? Zer egin behar da horretarako? 
6. Zer gertatzen zaio funtzionamenduan zegoen zirkuituari, etengailua sakatzen dugunean? Eta deskonektatuta zegoenari? 
7. Dagozkien sinboloak erabiliz, irudika itzazue konmutadorea eta kontrolatzen dituen bonbillaren eta motorraren zirkuituak, eta osa ezazue egindako muntaketa horren eskema.
Fitxategia: