Materialak eta operadore

Materialak eta operadore teknologikoak 
 
Unitate honetan ebatzi eta konpondu beharreko egoera problematikoa aukeratu duzu dagoeneko, baina eraiketa eta antolaketa lanetan hasi aurretik, zenbait ikerketa eta informazio-bilketa egin beharko dituzu. Ez ahaztu ahalik eta informazio gehien edukitzea mesedegarri izango duzula zure tresna eraikitzeko eta proposatutako arazoari erantzun egokia emateko.  
 
Erabiliko dituzun operadore teknologikoak eta materialak zein izango diren eta nola erabiliko dituzun aztertzen hasiko zara atal honetan. 
 
Energia 
Zer da energia? Gauza asko esan genitzake galdera horri erantzuteko, baina gehiegi sakontzen hasi gabe, energia lana egiteko gaitasuna edukitzea dela esan genezake. Beste era batera esanda, energia gure ingurunea eraldatzeko gaitasuna duen guztia dela esan genezake. 
 
Eta nondik dator energia? Lurrean metatuta dagoen energia guztia, azken finean, Eguzkitik etorritakoa da, eta, zorionez, energia-iturri hori ez da agortuko milioika urtean. Agian, arraro samarra irudituko zitzaizun energia guztia Eguzkitik etorria dela irakurtzea. Petrolioa ez al da gizakiok erabiltzen dugun energia-iturria? Eta zerikusirik ba al du petrolioak Eguzkiarekin? Zer erlazio dago erregai horren eta Eguzkiaren artean?  
 
Hori eta galdera gehiago sor daitezke energiaren gaiaren inguruan. Energia eta haren aldaketak ikertzea zientziaren atal garrantzitsua da, eta zuk zeuk ere jaso dezakezu horri buruzko informazioa, edo izango duzu ikertzeko aukera, natura-zientzia edota fisikako ikasgaietan, aurten eta hurrengo urteetan.  
 
Bada energiari loturik doan kontzeptu nagusi bat: energiaren eraldaketa. Energia eraldatu egiten dela ikusteko, nahikoa da zeure funtzionamenduari erreparatzea: zuk elikagaiak hartzen dituzu, eta elikagaietan metatuta dagoen energia erabiltzen duzu (eraldatu egiten delako) higitu, gauzak jaso, pentsatu... edo beste edozein lan egiteko.  
Informazio-liburuetan aztertuz gero, energia- iturri ugari daudela ikusiko duzu, baina oraingoz ez gara horrelako lanetan hasiko. Unitate honetan energia mota bakarra lantzeko asmoa dugu: energia elektrikoa eta horren aplikazioak. 
 
Gaur egun, elektrizitatea ezinbestekoa bilakatu da guretzat, eta bizitza oso deserosoa bihurtuko litzaiguke elektrizitaterik gabe geldituko bagina. Elektrizitatea zer den ongi ulertzeko, horri buruzko informazioa biltzea komeni da. Horrez gain, hemen duzu zure ezagutza zabaltzeko jarduera multzoa. 
 
Elektrostatika 
Elektrostatika edo elektrizitate estatikoa (higitzen ez dena) grekoek K.a. 600. urtean aurkitu zuten, Tales izeneko jakitunak anbarra (zuhaitzen erretxina fosildua) zapi batez igurtziz gero objektu txikiak erakartzen zituela ikusi zuenean, hain zuzen. 
• Egizu hemen behean proposatzen dizugun jarduera, eta adierazi ateratzen dituzun ondorioak. 
 
Prozedura 
Anbarra lortzerik ez badaukazu, erabili plastikozko bolaluma saiakuntza egiteko.  
 
Anbarra, bolaluma edo plastikozko dena delakoa, galtzetan edo jertsean igurtzi, eta inguratu paper pusketa txiki batzuetara, irudian ikusten den bezala. 
 
Azterketa 
Ikusi eta deskribatu zer gertatu den, eta idatzi gertatutakoa zure koadernoan. 
 
Ondorioak 
1570. urtearen inguruan, William Gilbert izeneko ingelesak zuk egin duzunaren antzeko ikerketak egin zituen. Ikerketa horien ondorioak biltzerakoan, materiaren beste propietate bat (objektu txikiak edo zatitxoak erakartzeko ahalmena) aurkitu zuela konturatu zen. 
Materiaren propietate horri izena jartzeko garaian, eta grekoz anbarrari elektron esaten zaionez, behatutako propietate eta efektuei elektrizitate izena eman zieten. 
 
Talesek eta Gilbertek aztertutako elektrizitate motari elektrizitate estatikoa esaten zaio, igurzten ditugun materialetan elektrizitatea metatu bai, baina ez delako mugitzen. 
 
Antzeko fenomeno bat ikus dezakezu beheko irudi horretan ere. Orrazi bat zapiz igurtzi ondoren, iturriko ur-zurrusta txiki batera inguratuz gero, ura desbideratu egiten da.  
 
Orain, aurreko saiakuntza amaitu ondoren, zuri dagokizu ondorioak ateratzea: 
 
Zer gertatzen da? Zergatik? Zer ondorio aterako zenuke? 
Fitxategia: