Erresistentzia elektrikoak

Ikusi duzue materialek zer jarrera duten korronte elektrikoarekiko, eta probatu ere egin duzue aurreko unitatean; bi multzo nagusitan sailkatu dituzue materialak: eroaleak eta isolatzaileak. 
 
Baina erresistentzia elektrikoaren ikuspegitik, gauzak beste era batera azter daitezke. Material eroaleak, esaterako, oso erresistentzia elektriko gutxiko materialak dira, eta isolatzaileak, aldiz, erresistentzia elektriko oso handia dutenak.  
 
Ondorengo jardueretan, beraz, sailkapen hori (eroalea eta isolatzailea) gainditu, eta muturrekoak diren bi multzo horien artean koka daitezkeen material batzuen ezaugarriak eta erabilera ikasteko aukera izango duzue.  
 
Eroaleen eta isolatzaileen arteko material horiekin, zirkuitu elektrikoetarako osagaiak egin daitezke. Elementu horiei erresistentzia deituko diegu.  
 
Jarduera honetan proposatzen dizuegun saiakuntza egiteko, erresistentzia elektriko gisa askotan erabiltzen den material bat aukeratuko dugu: nikrom izenekoa. 
 
Hemen behean adierazi dizkizuegun urratsei jarraituz, eraiki ezazue proposatzen dizuegun muntaketa, eta azter ezazue egindako lana, ondoren jartzen dizkizuegun galderen laguntzaz. 
 
Prozedura 
1. Zerraz, egin iezazkiozue koska txiki batzuk zurezko ohol bati, marrazkian azaltzen diren modukoak. 
2. Prestatu berri duzuen egurtxo horren inguruan, biraka, jar ezazue nikrom-ezko haria, argazkietan ikusten den eran, eta lot itzazue hariaren bi puntak gabiletan. 
3. Lot iezaiozue gabila horietako bat pilaren polo bati, hari eroale baten bidez. 
4. Lot iezaiozue zirkuituan dagoen motorraren harietako bat pilaren beste poloari. 
5. Konekta ezazue motorretik aske geratu den motorraren bigarren kablea nikrom-ezko hariarekin.  
 
Hari horren gainean hainbat lekutan egin daiteke konexioa, eta kontaktu bakoitzarekin zer gertatzen den aztertzea litzateke ariketa honen helburu nagusia. 
 
Azterketa 
1. Konexioa non egiten duzuen kontuan hartuta, zirkuitu horren barruan geratzen den nikrom-ezko hari zatia luzeagoa edo laburragoa izango da. Zer gertatzen zaio motorraren abiadurari hari horren luzera handiagoa egiten den neurrian? 
2. Eta zer iruditzen zaizue, tartekatzen dugun erresistentzia handitu egiten dela hariaren luzerarekin? Edo alderantziz da? 
3. Nolakoa izango da motorren abiadura, zirkuitu horretan tartekatzen dugun nikrom-ezko haria laburragoa den neurrian? Eta zer gertatuko zaio erresistentziari? 
 
Ondorioak 
1. Zer ondorio atera daitezke aurreko saiakuntza hori egin ondoren? 
2. Esan al dezakegu nikrom-ez egin dugun erresistentzia hori erresistentzia aldakor moduan erabil daitekeela? Zertarako balio dezake? 
3. Esan al dezakegu erresistentzia horrek motorretik igaroko den korrontearen intentsitatea erregulatzeko balio duela?
Fitxategia: