Bi polo eta bi noranzkoko
Bi polo eta bi noranzkoko kommutadorea
Beste operadore bat ezagutzera gonbidatzen zaitugu jarduera honetan. Ikusiko duzun bezala, gurutzatze-kommutadore batek egin dezakeen lan bera egingo luke bi polo eta bi noranzkoko kommutadore honek.
Azterketa egindakoan ikusiko dituzu bakoitzaren abantailak.
Oinarrian, operadore hau bi kommutadoreren elkarketa dela esan daiteke. Operadoreko bi kommutadore horiek parean jarrita daude (bikoitzak direla esan genezake), eta bat ixten denean, bestea ere itxi egiten da, biak batera mugitzen baitira.
• Egizu alboko irudian ikusten den bezalako kommutadorea, eta, ondoren, erabili operadore hori proposatzen dizkizugun ariketak egiteko.
1. ariketa
Egizu ondoren azaltzen den zirkuitua, eta aztertu funtzionamendua. Gertatzen dena hobeki ikusi eta ulertzeko, behatu nola biratzen duen motorrak, eta motorraren ardatzean ezarritako kartoi meheaz egindako koloretako geziek zein noranzko adierazten duten kasu bakoitzean.
Hemen behean duzu zirkuituaren eskema eta bertan ikus dezakezu nola funtzionatzen duen bi polo eta bi noranzkoko kommutadoreak, irudian baituzu marraztuta nola geratzen den operadore hau bere bi posizioetan.
Azterketa
1. Beha ezazu motorrak birak norantz ematen dituen kommutadorea lehenengo posizioan jarritakoan.
2. Egizu gauza bera kommutadorea bigarren posizioan dagoenean. Zer gertatzen zaio motorrari kommutadorearen posizioa aldatzen denean?
Ondorioak
1. Zein ondorio ateratzen dituzu ariketa egin eta azterketan proposatu dizkizugun puntuak egin ondoren?
2. Konpara itzazu bi polo eta bi noranzkoko kommutadoreen emaitzak eta gurutzatze- kommutadorearekin lortzen direnak.
2. ariketa
Konturatuko zinen, ziur aski, aurreko ariketako operadore horrekin aurrera eta atzera ibili behar duen edozein mekanismo mugikor kontrola dezakezula; motorrean zeharreko korrontearen noranzkoa aldarazi egiten duenez, batera edo bestera birarazi dezake motorra.
Lehen aipatu dizugun bezala, ordea, gurutzatze-kommutadoreak eginkizun bera egin dezake, eta, gainera, aproposagoa da horretarako.
Zertarako, orduan, bi polo eta bi noranzkoko kommutadorea?
Bi polo eta bi noranzkoko kommutadorearen taxuzko erabilpena ezagutzeko duzu bigarren ariketa hau.
Kommutadore mota hori beste elementu ezagun batzuekin elkartu behar dugu horretarako: mikroetengailu edo sakagailu itxiekin, hain zuzen ere.
Alboko argazkian agertzen diren erako mikroetengailuak indarrarekin aktibatzen dira. Hau da, sakatutakoan irekitzen dute zirkuitua eta indarrak eragiteari uzten zaionean, desaktibatu egiten dira berez, eta berriro hasierako posiziora itzultzen dira.
Sarrera honen ondoren, gai honi buruzko saiakuntza egin dezakezu ariketa honetan. Hemen behean duzu horretarako prozedura eta hurrengo orrialdean azterketarako galderak.
Prozedura
1. Bil ezazu mikroetengailu, etengailu laminadun eta presioaren eraginez funtzionatzen duten etengailuei buruzko informazioa.
Horretarako, jo ezazu eskura dituzun informazio iturrietara.
2. Egizu alboko eskeman adierazten den muntaia. Horretarako, erabil itzazu lehen eraikitako kommutadorea eta normalean itxita irauten duten bi etengailu.
Azterketa
1. Esango al zenuke nola funtzionatzen duen eskema horretan agertzen den zirkuituak?
2. Esplikatuko al zenuke zein den zirkuitu horren barruan sakagailu itxiek betetzen duten funtzioa?
3. Konturatu al zara zirkuituko kontroladore horien bidez lor dezakezula motorrak alde batera edo bestera bira egitea, eta mugitzen den higikaria puntu jakin batera (sakagailu itxia dagoen tokira) iristean geratzea?
4. Eta sumatu al duzu puntu horretara iritsi eta geratu ondoren, inongo eragozpenik gabe, beste alderantz abiaraz dezakezula, beste puntu jakin batera (beste sakagailua dagoen tokira) iristean berriro geratzeko?
Ondorioak
Ariketa honetan egin dituzun azterketekin, badituzu zenbait elementu operadore honek izan ditzakeen erabilpenak ezagutzen hasteko. Zuk, zure taldearekin, eraikitzea pentsatuta daukazun proiektuan, esate baterako, bete al dezake funtzioren bat? Zein?
Fitxategia: