Materialaren propietate

Materialen propietate elektrikoak 
 
Hirugarren unitatean egin zenituen progak direla bitarteko, dagoeneko badakizu material batzuk elektrizitatea garraiatzeko gai direla eta beste batzuk, berriz, ez.  
Gogora ezazu elektrizitatea garraiatzeko gai diren materialei eroaleak deitzen zaiela eta gai ez direnei ez eroaleak edo isolatzaileak. 
 
Hala eta guztiz ere, substantzia eroale guztiek ez dute erraztasun berdinez eroaten elektrizitatea.  
 
Materialek beren barnetik elektrizitatea eroateari jartzen dioten oztopoari erresistentzia deritzo. Lehen esan duguna esan ordez, isolatzaileek erresistentzia handia dutela esan dezakegu, beraz; substantzia horiek ez baitute elektrizitatea pasatzen uzten. Beste batzuek, aldiz –kobreak, esaterako–, erresistentzia txikia edukiko dute, erraz eroaten baita elektrizitatea haien barnetik. 
 
Dena dela, kontuan eduki behar dena zera da: material guztiek dute erresistentzia pixka bat, nahiz eta eroale oso onak izan. 
 
Aurreko jarduerari lotuz, esan genezake zirkuitu sinple bat osatzeko nahikoa dela pila, material eroalea eta bonbilla bat edukitzea. 
 
Hala eta guztiz, zirkuituak ez dira, soil-soilik, ikerketa horretan egin dugun bezala pila bat erabiliz egiten. Zuk ongi dakizu gure etxeetako bonbillek ez dutela pilarik behar. Nola pizten dira, orduan, etxeko bonbillak eta gainerako gailu elektriko guztiak?  
 
Ondo dakizu bonbillak edo gailuak martxan jartzeko entxufatu egin behar direla.  
 
Begiratu arretaz eta ikusiko duzu entxufeak ere bi borne dituela, pilatik luzatutako bi hari eroaleak bezala. 
 
Pilaren kasuan bezala, antzeko funtzioa betetzen dute: entxufearen bidez iristen da korronte elektrikoa. Entxufetik datorren indarrak pila batek sortzen duen indarraren antzera jokatzen du: korronte elektrikoz hornitzen du gure zirkuitua. Izan ere, entxufeko bi zulotxoak zentral elektriko batekin lotuta daude eta handik dator korrontea. 
 
Eginkizun hau (korronte elektrikoz hornitzea) betetzen duten aparailu guztiei sorgailu deritze. Sorgailuek edozein energia mota energia elektriko bihurtzen dute eta mota askotakoak daude. Entxufearen kasuan, sorgailua zentral elektrikoa bera da. 
 
Sorgailuak 
• Egizu hemen proposatzen dizkizugun ariketak, aztertu gaia eta ikusi zein diren ateratzen dituzun ondorioak. 
 
1. ariketa 
Hemen behean, hainbat sorgailuri buruzko informazioa eskaintzen dizun taula bat duzu. Bertan, elkar itzazu sorgailu bakoitzaren ezaugarriak, hitzak lotuko dituen lerro baten bitartez. 
 
SORGAILUA               JATORRIA                  ENERGIA MOTA                  BITARTEKOA                  EMAITZA 
Eguzki-zentrala         Atomoa                     Kimikoa                            Turbina sorgailua           Elektrizitatea 
Sorgailu eolikoa        Itsasoa                       Zinetikoa                          Turbina sorgailua           Elektrizitatea 
Zentral hidraulikoa   Haizea                        Termikoa                           Pila                                Elektrizitatea 
Zentral termikoa       Eguzkia                      Fotoikoa                           Turbina sorgailua           Elektrizitatea 
Zentral nuklearra      Erregai fosilak            Zinetikoa                          Bateria                            Elektrizitatea 
Pila/Bateria               Ura                             Kimikoa                             Turbina sorgailua           Elektrizitatea 
Marea-zentrala         Pila/Bateria                 Nuklearra                          Zelula fotovoltaikoa       Elektrizitatea 
 
2. ariketa 
Egizu proposatzen dizugun azterketa, hor beheko eta hurrengo orrialdeko galderak lagungarri dituzula. Galderei erantzun eta azterketa egin ondoren, ikusi ea zein ondorio ateratzen dituzun. 
 
Azterketa 
1) Aurreko taulan agertzen diren sorgailu horietatik, zein dira, zure ustez, kutsadura gutxien sortzen dutenak? Sailkatu hurrenez hurren. 
2) Eta inguruari zuzenean edo paisaiari egiten dizkioten kalteagatik kalte handiena eragiten diotenak? Egin beste sailkapen bat irizpide hau kontuan hartuz. 
3) Gaur egun, sorgailu eolikoak gero eta gehiago erabiltzen dira. Horiei haize-errotak deitzen zaie askotan, baina kontuan izan izen hori ez dela oraingoa eta ez dagoela, zuzen-zuzenean behintzat, gaurko zentral eolikoekin loturik. Zer dakizu horretaz? 
4) Aurreko galderako gaiarekin jarraituz, hemen beheko argazkietan dituzu bi era zeharo ezberdineko haize-errotak. Horien funtzioa eta erabilera, antzina eta gaur egun, berdina izan al da beti? 
5) Antzina zertarako erabiltzen ziren haize- errotak?  
6) Eta gaur egun, zertarako erabiltzen dira? 
7) Eguzkitik datorren energia aprobetxatzeko modu asko daude. Antzina aprobetxatzen al zuten eguzki-energia? Nola? Gaur egun zertarako erabiltzen da nagusiki? 
8) Nolako sorgailuak erabiltzen dira Eguzkitik datorren energia elektrizitate bilakatzeko? 
9) Zertarako erabiltzen zen –eta erabiltzen da– Eguzkitik datorren energia? Hor alboko argazkiek ekartzen al dizute ezer burura?
 
Ondorioak
Aurreko galdera horiek guztiek aukera emango zizuten gai honi buruzko azterketa egiteko. Orain duzu garai egokia egindako lanen ondoren ea zer ondorio ateratzen dituzun ikusteko.
Fitxategia: