Kommutadore baten
Kommutadore baten eraikuntza
Ikerketa jarduera honetan proposatzen dizkizugun ariketek, kommutadoreak zer diren eta zertarako erabil daitezkeen adierazteaz gain, horietako bat nola egin daitekeen erakutsiko dizute.
• Egitzazu hemen behean eta hurrengo orrialdean aurkezten dizkizugun ariketak.
1. ariketa
Eraiki ezazu alboko irudian ikusten den operadorearen antzekoa, eta, ondoren, azter ezazu tresna horren portaera.
Azterketa
1. Konpara ezazu irudiko kommutadorea aurreko unitate batean erabilitako etengailuarekin. Zertan da desberdina?
2. Egin duzun operadore hori kommutadore (kommutatu, trukatu) izenez ezagutzen da. Nola esplikatuko zenuke horren funtzionamendua? Zuzena al da esatea kommutadoreen bidez korronte elektrikoa bide batera (lehenengo linea, L1) ala bestera (bigarren linea, L2) zuzen dezakegula?
2. ariketa
Egizu alboko eskeman adierazten den muntaia, aurreko ariketan eraiki duzun operadorea erabiliz. Konmutadore horren bidez korronte elektrikoa bide batera (lehenengo linea, L1) ala bestera (bigarren linea, L2) zuzen dezakezu.
3. ariketa
Lehenengo ariketan egindako kommutadorea bezalako bi eginez gero, eta hemen alboko argazkian ageri den muntaia osatu, aurreko jarduera batean (7.ean, hain zuzen) planteatutako arazo bati erantzuna emateko gai izango zara.
Bi kommutadore horiek elkarrekin konbinatuz, logela bateko lanpara bi puntutatik piztea eta itzaltzea lor dezakezu.
Begira iezaiozu berriz ere hemen ondoko muntaiari, eta egizu zeuk ere proba (zeure operadorea eta beste ikaskide batena konektatuz egin dezakezu.
4. ariketa
3. ariketan egin duzun muntaiarekin, argia piztuta badago, edozein kommutadoreri eraginez lortuko duzu itzaltzea, eta argia itzalita dagoenean, kommutadore bati edo besteari ematea nahikoa da argia pizteko.
Ez pentsatu, hala ere, zuek egindako tresnen antzekoak direnik dendetan saltzen direnak: ez duzu itxura horretakorik aurkituko. Zuen teknologiako lantegian izango dira, agian, kommutadoreak, eta han izan dezakezue benetako kommutadoreak ezagutzeko aukera.
Laugarren ariketa honetan, dendetan salgai egon ohi diren erako kommutadoreak erabiliz, lehen egindako ariketatxoa errepika dezakezu. Hemen alboan duzu muntatu beharreko zirkuituaren eskema.
5. ariketa
Etengailuak bakarrik erabilita, ezinezkoa zen bi puntutik pizten eta itzaltzen zen argia jartzea. Bi kommutadore erabiliz, lortu duzu hori egitea. Baina bi puntu izan ordez kontrolerako hiru puntu nahiko bagenitu? Lortuko ote litzateke orain arte ezagutzen ditugun operadoreak erabiliz?
Ariketa honetarako, pentsa ezazu pasabide luze batean hiru sarrera (edo irteera) daudela, eta horietako bakoitzean pasabideko argia itzaltzeko eta pizteko operadoreak jarri behar dituzula. Aurreko ariketako arazo bera izango litzateke, baina bi lekutatik izan beharrean hirutatik piztu eta itzaltzeko.
Azpiko laukian irudika ditzakezu arazo horri erantzun egokia emateko bururatzen zaizkizun eskemak, ezagutzen dituzun operadoreak erabiliz edota zeuk asmatuz. Ikusi zein izan daitezkeen operadore horien guztien arteko konexioak, eta ea lortzen duzun bonbilla hori hiru puntutatik itzali edo pizteko moduan muntatzea.
Azterketa
1. Zein izan da zure saiakeren ondorioa? Lortu al duzu nahi zenuen zirkuitu hori egitea?
2. Lortu daitekeela uste al duzu? Beste operadore motaren bat beharko litzatekeela uste al duzu?
6. ariketa
Aurreko ariketa ez zen batere erraza! Ez badiozu irtenbiderik aurkitu, zaude lasai. Itxaron ezazu apur bat, ea operadore berriak ezagutzen zoazen neurrian planteatutako arazo horretarako ere soluziobidea aurkitzen duzun.
Bien bitartean, jarrai dezagun bi noranzkoko etengailu edo kommutadoreekin. 6. ariketa honetan beste zirkuitu bat antolatu eta osatu behar duzu: konekta itzazu kommutadoreak eta bonbilla alboko argazkian ageri diren bezala. Zirkuituarekin azterketak egin eta ondorioak atera.
7. ariketa
Eraiki dituzun bi zirkuituetan (3. eta 6. ariketak) egizu aldaketatxo hau: bonbillaren ordez jar ezazu motortxo bat, eta kommutadoreei eraginez konprobatu nola funtzionatzen duen zirkuitu bakoitzean.
Azterketa eta eskema
1. Egizu ariketa honetan behatutakoaren azalpena. Zer gertatzen da kommutadore bakoitzari eragiten diogunean? Zergatik izan daiteke hori?
2. Marraz ezazu zirkuitu honen eskema elementu bakoitza dagokion sinboloaz adieraziz.
Fitxategia: