Perspektiba lineala

Perspektiba lineala, zentrala edo klasikoa 
 
Perspektiba lineala zer den aztertzen hasi aurretik, hemen duzue marrazketa modu horrekin nolabaiteko zerikusia duen txiste bat: 
 
“Behin bazihoazen aita-semeak auto batean, eta tunel luze eta zuzen batera hurbiltzen ari ziren. Bat-batean, ezer esan gabe, eta aitari erreakzionatzeko unerik eman gabe, tunelean sartzear zeudela, semeak bolanteari heldu eta bira bortitza eman zion. Autoa errepidetik atera zen eta ondoko zelaira desbideratu. 
 
Autotik irten zirenean, aitak ezin zuen sinetsi semeak eginikoa, eta, haserre, galdetu zion: 
—Baina, seme, erotu egin al zara? Ia akabatu ginen bertan. Zergatik egin duzu halako astakeria? 
—Aita, tunelean sartzea erraza zen, baina irtetea ezinezkoa. Ez al duzu ikusi zeinen txikia zen irteera?”. 
 
Kontakizunean ikus daitekeenez, semeak ez zuen oraindik oso ondo menderatzen perspektibaren ideia.  
 
Begiek gezurra esan ohi digute gauzen tamainaz. Tunelen sarrerak eta irteerak tamaina berdinekoak izan ohi dira, baina irteera urrutiago dagoenez, txikiagoa ikusten dugu.  
Fenomeno horri esker, hain zuzen, kokatzen ditugu objektuak espazioan. Jarduera honetan, fenomeno horri buruz, eta marrazketan hurbiltasuna eta urruntasuna adierazteko ematen diogun erabilerari buruz arituko gara .
 
Egizue hemen behean eta hurrengo orrialdean proposatzen dizuegun ikerketa-jarduera. 
 
Azterketa 
1. Hemen alboko argazkian, aipaturiko perspektiba-ikuspegi hori nabarmen agertzen da. Komentatu zenbait puntu fenomeno horretaz.  
2. Pentsa dezagun gure begiek gauza guztiak, urruti egon nahiz gertu, benetako tamainan ikusten dituztela (tunelaren sarrera eta irteera egiazko tamainan). Zer gertatuko litzateke?  
3. Lehengo egoeran baldin bagaude, gure begiek gauza guztiak benetako tamainan ikusiko balituzte, urruti egon nahiz gertu, gure ondoan legokeen norbaiti, agian, garrasika hitz egingo genioke, edo, alderantziz, urrutiago dagoenari ez entzuteko moduan hitz egin genioke, ez genukeelako jakingo hurbil ala urrun dagoen. 
 
Asma itzazue zuek era horretako beste egoera batzuk. 
Fitxategia: