Perspektibaren oinarriak

Perspektibaren oinarriak aztertu 
 
Gizakia orain dela 500-600 urte hasi zen perspektiba aztertzen eta ezagutzen marrazketarako, eta Leonardo da Vinci maisu izan zen arlo horretan ere. Oso trikimailu bitxia erabili zuen, errealitatea ikusten dugun bezala koadroetan plasmatzeko: zenbaitetan, kristal gardena erabili zuen pintatzeko oihalaren ordez. Hau da, kristalean ikusten zena marrazten zuen. 
 
Azetato-papera eta errotulagailua erabiliz, antzeko zerbait egingo duzue zuek ere jarduera honetan, eta oraindik errazago egin nahi baduzue, erabil ezazue argazkien gainean landare-papera. 
 
Egin itzazue honako ariketa hauek, ematen diren argibideei jarraituz. 
 
1. ariketa 
Behaketa 
Beha itzazue arretaz honako lau argazki hauek. 
Azterketa 
Aurreko lau argazki horiek ondo behatu ondoren, azter itzazue arretaz, eta ikusi ea argazkilariak nondik atera duen argazki bakoitza.
                                                                1. Ezkerretik                                         2. Erditik baina goitik 
3.  Eskuinetik                                       4. Gela erditik eta beheko ikuspuntutik. 
 
2. ariketa 
Seguru asko, intuizio hutsez izanik ere, denok asmatuko zenuten aurreko ariketako azterketa nondik nora zihoan, baina badago sistema bat emandako erantzuna ondo dagoen ala ez ziurtatzeko. 
 
Begira iezaiozue alboko argazkiari, eta ikus ezazue nola asma daitekeen argazkilaria, argazkia egiten ari zenean, nora begira zegoen. 
 
Azterketa txiki bat nahikoa da ikusteko argazkilariak gela hondotik aurreko paretari begira atera duela argazkia, baina bada prozedura bat jakiteko, zehatz-mehatz, zer puntutara begiratzen zuen, hemen alboko argazkian ondo ikus dezakezuen bezala. 
 
Alboko argazki horretan egin dugun bezala, argazkilariak argazkia ateratzekoan zuen ikuspegia zein den jakiteko, nahikoa da noranzko paraleloko lerroak luzatu eta non elkartzen diren ikustea. 
 
Puntu horri perspektibaren puntu nagusia edo ihes-puntua esaten zaio.  
 
3. ariketa 
Har ezazue landare-papera, jarri gelako hainbat argazkiren gainean eta, aurreko ariketan adierazitako prozedurari jarraituz, asmatu non dagoen, kasu bakoitzean, argazki horien puntu nagusia edo ihes-puntua. 
 
4. ariketa 
Ez pentsa ihes-puntu edo puntu nagusi hori espazio itxietan bakarrik topatzen denik, edozein argazkitan suma baitaiteke. Horretaz konturatzeko, nahikoa duzue alboko argazki hori aztertzea. Argazkiko parke horretan ere, hor duzue ihes-puntua. Aurreko ariketan ikasitakoarekin, gainera, landare-papera eta arkatza nahikoa izango duzue ihes-puntu hori topatzeko.
Fitxategia: