Perspetiban marrazten trebatu

Jarduera honen helburu nagusia aurreko perspektibaren teknikak erabili, eta lan horietan trebatzea izango da. Hemen eskaintzen dizuegun ereduarekin has zaitezkete praktikatzen, eta ondoren, teknika horretan hobetzen jarraitu; horretarako, zuen ikastetxeko edozein korridore irudika dezakezue. 
 
Marraz ezazue argazkian ageri den korridorea, aurreko perspektiba erabiliz, eta markatzen dizkizuegun pausoei jarraituz. Gero, saia zaitezte zuen ikastetxeko korridore bat marrazten. 
 
Prozedura 
Jarduera hau errazagoa suerta dakizuen, prozeduran adierazten dizkizuegun lehenengo hiru pausoak aurreratu egin dizkizuegu beheko zirriborroan. 
 
Lanean hasteko, landare-papera jar dezakezue argazkiaren gainean, eta bertako korridorea marrazten saiatu. 
 
Horrelako lan bat ondo bideratzeko, hauek dira pauso nagusiak: 
 
1. pausoa 
Marra ezazue korridorearen amaierako pareta (korridore hondokoa), eta seinalatu puntu nagusia edo ihes-puntua zuen begien aurrean. 
 
2. pausoa 
Sabaiaren eta zoruaren ertzek eratzen dituzten lerro zuzenak, zuen begiradarekiko paralelo doazen horiek, puntu nagusira zuzendu, korridore hondoko hormako izkinetatik pasatu ondoren. 
 
3. pausoa 
Leihoak, bonbillak eta berogailuak perspektiban marrazteko egingo dugun lehenengo gauza erreferentzia-lerroak markatzea izango da, eta gero denak puntu nagusira bideratu.  
 
4. pausoa 
Jarraitu falta diren elementuak marrazten, lerroen bertikaltasunari eta horizontaltasunari dagozkien berezitasunei eutsiz.
Fitxategia: