Zirkuloa Cavalieren
Zirkuloaren errepresentazioa, Cavaliere perspektiban
Orain arte Cavaliere perspektiban marraztu dituzuen objektuak kantoi edo ertz zuzenekoak ziren, baina nola marraz genezake pieza batean agertzen den kurba? Esate baterako, nola marrazten da zilindroa Cavaliere perspektiban?
Ez da oso erraza Cavaliere perspektiban zirkulua irudikatzea. Ez beti, behintzat. Zenbait kasutan, biribil bat marrazteko garaian, prozedura konplexua erabili behar izaten da.
Goazen pausoz pauso. Piezak, duen posizioagatik, zirkuluak aurrez ikusita egiteko aukera eskaintzen digunean, marrazketak ez du inolako zailtasunik, konpasez egitea posible baitzaigu. Ikusi, bestela, hemen beheko irudiak:
Baina zirkulu horiek, aurreko planoan egon ordez, aldamenetako batean badaude, eta Cavaliere perspektiban adierazi behar baditugu, prozedura ez da hain erraza.
Ikus dezagun nola egin. Hasteko, zirkulu lagungarria marraztuko dugu, aurretikoa (zirkulua izango da, eta, beraz, konpasez marraz daitekeena). Zirkulu lagungarri horren zeinahi puntu hartu (puntu urdinak), eta perspektibako alboko planoetara pasatzen dira (puntu gorriak). Nola egiten den garbi ikusteko, begiratu beheko irudiei.
Aurreko atalean lortutako puntuak (gorriak) elkartuz, kurbak egiteko txantiloia erabiliz edo eskuz, egin dezakezue zirkuluaren irudia aldamenetako planoetan.
Begiratu hemen beheko irudiei, eta ikusiko duzue nola geratzen diren zirkuluaren irudi horiek.
Lan hori –biribilak alboko planoetan adierazteko erabiltzen ditugun marrazkiak egitea, alegia– ez da beti erraza izaten, ordea. Egia esan, ez da aurrenekoan ondo ateratzen den horietako lana, eta praktika handia behar da, marrazkia askotan eginda ikasten den horietakoa baita.
Hau da Cavaliere sistemaren zailtasun nagusia, eta zailtasun hori dela eta, sistema isometrikoa aukeratu ohi da sarri. Perspektiba isometrikoan, gero ikusiko duzuenez, zirkuluen ordez egin beharreko irudi guztiak konpasez egin ahal izango dituzue.
• Egin itzazue jarraian proposatzen dizkizuegun ariketak.
1. ariketa
Hemen alboan duzue Cavaliere perspektiba erabiliz marraztutako kubo baten irudia. Egizue kontu kubo horretako aurpegietan zirkulu bana dagoela marraztuta. Alboko irudian horietako bat (errazena) marraztuta dago, baina beste bi falta dira irudia osatzeko. Marraztu itzazue falta diren bi zirkulu horiek.
2. ariketa
Saia zaitezte 1. irudian agertzen den bezalako piramidea 2. irudiko paralepipedoan inskribatzen.
3. ariketa
Irudika ezazue noranzko horizontalean proiektatutako laukiak oinarritzat dituen zilindroa, eredutzat ezkerraldeko 1. irudia hartuz.
Fitxategia: