Perspektiban marrazten
Perspektiban marrazterakoan egiten diren akatsak
Gogoratuko dituzue, seguru asko, haurrek egiten dituzten marrazkiak eta marrazki horietan maiz egiten diren akatsak. Jarduera honetan izango duzue horiek gogoratzeko aukera.
• Egin itzazue hurrengo orrialdean proposatutako ariketak, eta erantzun han jarritako galderei.
1. ariketa
Begira iezaiozue hemen alboko marrazkiari, eta ohar zaitezte nola dauden marraztuta etxearen tximinia eta mendiko pinua.
Haur txikiek ez dute gaitasunik bertikaltasuna paperean adierazteko, eta marrazkian nabaritu egiten da hori. Haurrek, ondo marrazten ikasteko, derrigorrean gainditu behar dituzte akats horiek.
Azter ezazue hor gertatu dena, eta adierazi zer egin behar den marrazterakoan horrelako akatsik ez egiteko.
2. ariketa
Bertikalekin gertatzen zen gauza berdintsua gertatzen da horizontalekin ere, eta zailtasun hori gainditzeko, denbora asko behar izaten dute haurrek, eta behin baino gehiagotan akats berak zuzendu behar izaten zaizkie.
Ohizko akats hori botila bat zutik eta bestea etzanda erakusten dituen alboko marrazkian ikus dezakezue. Azter ezazue hor gertatu dena, erantzun hemen beheko galderei eta adierazi zer egin behar den horrelako akatsik ez egiteko marrazterakoan.
1) Ezkerreko botilan likidoaren marra ondo marrazturik al dago?
2) Zer gertatzen da bigarren marrazkian?
3) Eskuineko marrazkian, nola dago adierazita likidoaren marra? Ondo al dago?
4) Nola adierazi beharko litzateke?
3. ariketa
Goiko marrazkietan agertzen diren akats horiek oso nabarmenak irudituko zitzaizkizuen, agian, baina egizue kontu antzeko zerbait egiten dutela ikasleek aurreko perspektiba marrazten hasten direnean, eta, beharbada, zuek ere gauza bera egingo duzuela.
Zuen trebetasuna frogatzeko, hurrengo jardueran (44. orrialdean) baduzue ariketa bat: argazki bat oinarri hartuta, han ageri denaren aurreko perspektiba marraztu behar duzue.
Baina horrekin hasi aurretik, oso komenigarria duzue hemen proposatzen dizuegun 3. ariketa hau behar bezala egitea. Egia esan, hurrengo jarduerarako azterketa baten antzeko zerbait da ariketa hau, eta hurrengo orrialdeko galderek eta marrazkiek erakutsiko dizuete nola egin azterketa.
Azterketa
Hemen eskuinean bi marrazki dituzue. Biak ere aurreko perspektiban marrazturik egon daitezke, eta adierazi nahi dutena hauxe da: eskuinean bi leiho eta ezkerrean bi ate dituen korridorea.
1) Leihoetako goitik beherako marrak (kolore urdinez) makurtuta marraztu behar dira ala bertikal jarraitzen dute?
2) Korridorearen hondoko lerro horizontalek (kolore laranjaz) eta beren paraleloek horizontal jarraitzen dute ala ez?
3) Ikuslearen begiradarekiko paralelo dauden lerro horizontalek horizontal jarraitzen dute marrazkian ala ez?
4) Lerro bertikalen eta lurraren artean 90 °-ko angelua izan ohi dugu, baina marrazkian angelu hori izango al da, ala aldatu egin beharko dugu marrazterakoan?
5) Leihoetako izkinak (erpinak marrazkian) 90 °-koak marraztu behar al ditugu, ala beste era batera?
6) Aztertzen ari garen kasuan (benetako korridorearena) lurreko lerroek paretako lerro bertikalekin 90 °-ko angelua osatzen al dute? Eta guk horrela ikusten al dugu argazkian?
7) Nola marraztu beharko genuke egiten ari garen aurreko perspektibako marrazkian?
8) Aurreko orrialdeko marrazki batean agertzen zitzaigun tximiniaren eta pinuaren marrazketan egindako akats bera egin ote liteke korridore horretan leihoa marrazterakoan?
9) Adierazi grafikoki nola gertatuko litzatekeen fenomeno hori.
10) Begiratu berriz ere hemen alboko bi marrazkiei, eta ikusi zein izan daitezkeen azterketa honetatik ateratzen dituzuen ondorioak. Idatzi ondorio horiek.
Fitxategia: