Prozesuaren abiapuntua arazo teknologikoetan

Prozesu teknologiko bat aztertzen hasitakoan eman beharreko lehen pausoa arazoa zein den identifikatzea da.  
 
Nola konpondu eskolara liburu eta koaderno mordoa eramateko? Arazoa. Jolasean ari zarela pilota errekara jausten zaizu, nola hartu? Arazoa. 
 
Arazoa zein den ezagutzen duzunean bakarrik jakingo duzu zehazki zein diren ondoren eman beharko dituzun pausoak eta zer egin beharko duzun arazo hori gainditzeko. Arazoa konpontzeko kontuan hartu behar diren faktoreak ere aztertu beharko dituzu.  
 
• Unitate honetan ebatzi behar duzun arazo nagusiarekin hasi aurretik, ariketa erraz bat proposatuko dizugu trebatzen hasteko. Egin ezazu ariketa hori proposatzen dizugun bideari jarraituz. 
 
Ariketa 
Alboko irudia plano bat duzu: erdiko laukia gaztelu bat da eta erreten zabal batek inguratzen du. Erretenean ura eta uretan krokodiloak daude.  
 
Jo dezagun gure lagun bat gaztelu barruan gelditu dela, eta salbatu egin nahi dugula. Ingurua zehatz arakatu ondoren, bi ohol aurkitu ditugu, bakoitza 5 metrokoa. Baina erretena oso zabala da, 6 metro zabalekoa.  
 
Zer egin dezakegu laguna gaztelutik askatzeko? 
 
Aurreko testua irakurri ondoren, esan al dezakezu zein den arazoa? Ondoren, defini ezazu era egokian. 
 
Zer lortu behar duzu arazo horri irtenbidea emateko?
 
Zein dira egoera hori arazo bihurtzen duten faktoreak? Zein faktore aldatuta ez legoke arazorik?  
 
Krokodiloak egon beharrean erretenean ura bakarrik balego, laguna gaztelutik askatzeak arazo izaten jarraituko al luke? Zergatik? 
 
Taldean eztabaidatu ea zenbat irtenbide egon daitezkeen arazoa konpontzeko. Irtenbide horietatik guztietatik zein da egokiena? Zergatik? Idatziz eta marrazkiz adierazi. 
Fitxategia: