Prozesu teknologikoaren faseak
Teknologia zer den aztertu dugunean esaten genuen bezala, teknologiak tresna edo objektu bat asmatu ohi du, arazo bati irtenbidea emateko. Zuk ere gauza bera egin beharko duzu: arazo bat konpontzeko zerbait asmatu.
Egin beharreko proiektu edo tresna horiek diseinatu eta eraikitzeko orduan, ordea, askotan eta askotan, ia pauso berberak eman beharko dituzula konturatuko zara, ia beti antzeko metodo bati jarraitu behar izaten baitzaio prozesu hori gauzatzean.
Metodo hori ziurra eta eraginkorra izateko, eman beharreko pauso guztiek ezagunak, ondo ulertutakoak eta hobeto koordinatuak izan behar dute.
Arazo bati erantzuna ematean, beraz, pauso horiek guztiak aurrez ezagutu behar dituzu, eta, gero, metodo egokiari jarraitu. Eman behar diren pausoak erakusten dizkigun metodo horri prozesu teknologikoa deritzogu.
Jarraian arautegi horretan ikus dezakezu zein den prozesua, edo garbiago esanda, zein diren prozesu horretako faseak edo pausoak. Irakurri arretaz eta jaso zein den lanerako bidea.
Gogoratu arautegi honetako fase guztietan etengabeko ebaluazioa oso garrantzitsua dela.
1- Arazoaren planteamendua
Lehen pauso honetan, arazoa zein den detektatu behar duzu, identifikatu eta zehaztu; hau da, zer egoera gainditu behar duzun oso argi definitu.
2- Informazio-bilketa: inguruari behatu, eta hori analizatu, ideiak bilatzeko
Pauso honetan, arazoari buruzko informazioa bilatzen saiatuko zara (jendeari galdetu, liburuak kontsultatu, egin nahi duzun objektuaren antzekoei behatu…) eta, zuk nahi duzun tresna hori eraikitzeko, irtenbide baliagarriak izan daitezkeenak analizatuko dituzu.
3- Diseinua
Hirugarrenean, dakizunarekin, eta behaketatik eta analisietatik ateratako ideiekin, arazoa konpontzeko eraiki behar duzun tresnaren diseinua egingo duzu (marrazkia, eraikuntzari buruzko azalpenak…). Komeni da lehendabizi bakoitzak diseinu bat egitea, eta, gero, taldean eztabaidatu ondoren, egokiena aukeratzea.
4- Planifikazioa
Ataltxo honetan, eraikuntzarako zer material aukera zenezakeen eta material hori non aurkitu aztertuko duzu. Era berean, material hori manipulatzeko zer erreminta erabili beharko dituzun erabaki beharko duzu, lanean nondik hasiko zaren, zer egingo duzun, eta, eraikuntza taldean egitekoa izango denez, pauso bakoitza nork egingo duen zehaztu.
5- Eraikuntza
Aurrez egindako plano edo marrazkia kontsultatuz, diseinatutako tresna eraikitzen hasiko zara. Kontuz ibili erremintak erabiltzerakoan, behar diren segurtasun-arauak errespetatu, eta erabili ondoren, erremintak txukun utzi. Ez alferrik galdu materiala eta zuhurtasunez erabili.
6- Proba egitea eraikuntzarekin
Eraikitako tresnak funtzionatzen duen ala ez progatu behar da, eta konpondu nahi zenuen arazoa konpontzeko balio duen aztertu. Egindako lanean (diseinua, eraikuntza…) zerbait aldatu behar den ikusi; aldatu beharko balitz, 3. pausora (diseinura) itzuli eta berriro ekin lanari.
7- Ebaluazioa
Aurkeztu egindako lana gelakideen aurrean, azaldu funtzionamendua, aurkeztu eraikuntzan izandako arazoak, eta egin lanaren laburpen eta gogoragarri izango den memoria.
Aurreko informazioa oinarri hartuta, ikerketa bat egingo duzu oraingoan, eta, bide batez, prozesu teknologikoa behar bezala egiteko eman behar diren pausoak zein diren eta zein eratara egin behar diren ikusiko duzu.
Abiatzeko proposatzen dizugun eginkizuna hauxe da: Jo dezagun kristalezko kanikak egiten dituen lantegi batean ari zaretela eta nagusiak kanikak hamarnaka bidaltzeko bilgarria (enbalaje-kaxa edo) eraikitzea nahi duela. Kaxa hori egiteko, ahalik eta material gutxien erabili behar duzu, baina kaxak dendetara apurtu gabe iristeko bezain sendoa izan beharko du eta biltegian erraz pilatzeko modukoa. Eraikuntzarako, kartoi mehea eta ukipen-kola erabiliko duzu, normalean.
• Hemen erakusten dizugun bideari jarraituz, egizu kristalezko kanikak kaxetan hamarnaka jartzeko diseinua, eta eraiki horrelako kaxa bat. Ikusi nolakoak diren talde bakoitzaren diseinuak, eta konparatu tamainak eta akaberak.
1. Arazoaren planteamendua
Zein da jarduera honetan planteatzen den arazoa?
Zer lortu behar dugu?
2. Informazio-bilketa, eta eraikuntza egiteko ideiak
Arazoari buruzko informazioa biltzeko, taldekoen artean hitz egin dezakezue eta, ahal balitz, liburuetatik, eta lagun, irakasle edota etxekoengandik, kaxa diseinatzeko ideia egokiak, bildu. Ondoren, adierazi ideia horiek zein diren.
1. ideia 2. ideia 3. ideia
3. Diseinua
Aurreko pausoan jasotako ideiak aztertu, eta zure ustez arazoari erantzun egokia emango liokeen kaxa diseinatu. Marrazkia ezkerreko aldean egin. Taldekideen diseinuak behatu eta aztertu, eztabaidatu bakoitzaren alde onak eta txarrak, eta diseinu onena aukeratu. Eskuinean marraztu.
Asmatutako ideia (diseinua) Taldean adostutako ideia (diseinua)
4. Planifikazioa
Zer material erabiliko duzu kaxa eraikitzeko?
Erabil al dezakezu besterik? Zein? Zein dira material horren alde onak? Eta txarrak?
Zer erreminta erabiliko duzu aukeratutako material horrekin?
Zer erabiliko zenuke beste materialen bat aukeratuz gero?
Zer pauso eman beharko dituzu diseinatutako kaxa eraikitzeko, eta nork egingo du pauso bakoitzean egin beharrekoa?
1
2
3
4
5
6
7
8
5. Eraikitze-lana
Aurreko pauso guztiak kontuan izanik, kaxaren eraikitzen hasteko garaia duzu.
6. Eraikitakoa probatzea
Kaxa eraiki ondoren, hasieran eskatzen ziren baldintzak betetzen dituen progatu beharko duzu. Froga hori eginda, zerbait gaizki dagoela ikusiz gero, 3. pausora (diseinua) itzuliko zara eta handik aurrera jarraituko, egindako akatsa topatzeko eta behar diren aldaketak eginik zuzentzeko.
7. Ebaluazioa
Egindako lana gelakideen aurrean aurkeztu behar duzu fase honetan. Eraiki duguna ongi dagoela progatu, eta izan ditugun zailtasunak komentatuko dituzu. Ohikoa ez den materialen bat erabili baldin baduzu, gainerako taldeekin konparatu beharko duzu.
Aurreko lerroetan adierazita duzu prozesu teknologikoa aurrera eramateko bide egokia, eta hemen behean, horretarako pausoen zerrenda. Hori kontuan izanik, ariketa honek adierazitako pauso guztiak (bat bakarra ahaztu gabe) ongi bete dituzula jakiteko zer egin behar duzun erakutsiko dizu.
• Proiektu batekin ari zarela, zerrendako pausoetako bakoitza betetzen duzula ziurtatzeko, pausoetako bakoitza behar bezala bete ahala, zenbatu ezazu zerrenda horretan, benetan denak bete dituzula jakiteko.
Taldea eratu Arazoa zein den aztertu Helburuak finkatu Ideiak bilatzen hasi Diseinatu Planifikatu/Lanak koordinatu Lanak banatu Eraikitzen hasi / Lana egin Progatu /Lana ebaluatu Aurkeztu Ebaluatu
Kontu izan, proiektu bat behar bezala burutzeko, garrantzi handia duela pauso horiek guztiak ongi eta zehatz errespetatzea.
Fitxategia: