Informazioa biltzea: diseinu egoki baterako abiapuntua

Hurrengo urratsa gaiari buruzko informazioa biltzea izango da. Izenburuak garbi adierazten duen bezala, informazioa biltzea eta ikerketa izango dira atal honetako helburu nagusiak, eta, bide batez, baita zuen proiektua gauzatzeko diseinu egokia osatzen laguntzea ere. 
 
Informazio hori aurkitzeko, ohiko bideak landu beharko dituzue: kontsulta-liburuetan begiratu; hiztegiak arakatu; irakasleari eta teknikariei galdetu; enpresetatik katalogoak hartu; inguruko tresnak, makinak eta objektu teknikoak aztertu… Lan hori guztia proiektuko hainbat diseinu-ikuspegirekin eta eginkizunekin lotu dezakezue, jarraian ageri den eskeman ikus dezakezuenez: 
 
Fabrikazio-teknikak 
 
Edozein eskulan mekaniko egiterakoan –egurra lantzerakoan, esate baterako–, hainbat tresna erabiltzen ditugu, gure beharren arabera. 
 
Atal honetako lanean materialak lantzeko gailu eta tresnekin harreman estua izango duzunez, horiek ezagutzen ahalegindu behar duzue. Esaterako, egurra lantzeko zer tresna erabili ohi diren eta tresna horiek erabiltzeko fabrikazio-teknikak zein diren.
 
Zura lantzeko fabrikazio-teknikak 
 
Esparru bakoitzean erabiltzen diren fabrikazio-teknikak materialen araberakoak izan ohi dira. Zura lantzeko erabiltzen direnak aztertuko ditugu ikerketa-jarduera honetan.
 
Zura lantzeko erabiltzen diren tekniken artean, honako hauek azter ditzazuela proposatzen dizkizuegu: zulatu, zerratu, karraskatu eta marrak egin.
 
• Fabrikazio-teknikak aztertzen ari gara jarduera honetan (zurari buruzkoak, bereziki). Jo ezazue informazio-iturrietara eta begiratu Eraikitze-teknikak liburuxkan azterketa egiteko. Beheko galdera horiek lagungarriak izan dakizkizueke zuen lanean. 
 
1. Zer gailu mota erabili ohi da zuloak egiteko? Zenbat mota aurkitu dituzue? Izenda itzazue. 
 
2. Zuloak egiteko tresna horietatik guztietatik zuek gehien erabiliko duzuena daratulua (taladroa) izango da. Esplika ezazue, pausoz pauso, nola zulatzen den pieza bat daratulua erabiliz. Eraikitze-teknikak liburuxkan baduzue hori ikusteko aukera, irudi eta guzti
 
3. Piezak egiten hasi aurretik, trazatua egin beharko duzu, eta horretan ari zaretenean, paper gainean egindako marrazketa etorriko zaizue gogora, ziur asko. Baina esango al zenigukete zer erreminta erabiltzen diren trazatuak egiteko?
 
4. Zerratzeko postura ugari daude, baina guztietan, bat da egokiena. Hemen alboko argazkiaren laguntzaz, esplika ezazue zein den zerratzeko posturarik egokiena
 
5. Pieza bati akabera egokia emateko erabiltzen da karraska, baina karraska guztiak ez dira mota berekoak. Ea izendatzen dituzuen lau karraska mota
Fitxategia: