Proiekturako proposamenak
Unitatean egin ditzakezuen zenbait proiektutarako proposamenak ageri dira jarduera honetan.
• Proposatzen dizkizuegunetatik, aukera ezazue proiektu bat eta egin ezazue, adierazten dizkizuegun bideak eta laguntzak kontuan hartuz.
Hemen behean eta hurrengo orrialdean proposatzen dizkizuegu proiektu nagusirako unitate honetan azter eta konpon ditzakezuen arazoak. Hemen alboko eta hurrengo orrialdeko irudietan ikus ditzakezue era horretako proposamenei zuen maila berean dauden ikasle batzuek emandako erantzunak.
1. proposamena.
Herriko burdindegian ez dute zerrarik, aizkorarik eta mailurik saldu aspaldian, eta jabeak pentsatu du, erakusleihoan erreminta horiek iragarriko dituen tramankulu mugikorren bat jarriko balu, gehiago salduko lukeela, eta horrelako zerbait egiteko eskatu digu.
Baldintzak:
a) Zapata-kaxa baten tamaina izan beharko luke, gutxi gorabehera.
b) Puntu bakar batean eraginda, tramankuluaren atalak mugitzea gustatuko litzaioke.
c) Nahi dugun materiala erabiltzeko esan digu, baina, bere ustez, zurezkoa egingo bagenu, politagoa izango litzateke
2. proposamena.
Burdindegiaren alboan dagoen oroigarri-dendakoak ere zerbait nahiko lukeela esan digu, aspertuta dagoela betiko oroigarriekin, eta, oraingoan, zerbait berezia egin nahi duela, herrian bertan sortu eta salduko dena. Bera prest dago merkaturatu eta saltzeko, eta, gainera, baditu ideia batzuk. Eskuin aldeko argazkietan ikusten dira ideia horiek: 1) ostikadak ematen dituen astoa, 2) herensuge mekanikoa eta 3) dinosauro mugikorra.
Baldintzak: Lehengo berberak.
3. proposamena.
Jo dezagun hiruhileko honen amaiera-aldera zure anaia, arreba edo ahizpa gazteago baten urtebetetze-eguna dela. Zuk, urtero bezala, opariren bat eman nahiko zenioke, baina ez zenuke diru askorik gastatu nahi. Zuk zeuk jostailu bat asmatzea eta eraikitzea izan liteke irtenbide egokia.
Baldintzak:
a) Aurreko tramankuluen antzekoa izan behar du, bai neurriz eta bai mekanismoari dagokionez ere.
b) Erraz erabiltzekoa izan behar du.
c) Ez du izan behar arriskutsua (zauriak-eta sortzeko modukoa).
Fitxategia: