Eraikitze-faseen planifikazioa
Gogora ezazue unitatearen hasieran proposatzen genizkizuen arazoetatik bat aukeratu zenutela, eta arazo horri erantzuna ematea zela unitatearen helburu nagusia, eta, horretarako, beharrezkoa zen eraikuntza egitea.
Zuen eraikuntza nagusiari heltzeko ordua da.
Dagoeneko zehaztu dituzue diseinuari dagozkion osagarri guztiak, eta osatu dituzue dagozkien planoak: has zintezkete lanean.
Baina eraikitze-lanean hasi aurretik, komeni da zuen lana antolatzea, alde batetik, jarritako eperako lana bukatzen lagunduko dizuelako, eta, bestetik, behar diren materialak, osagaiak eta abar eskura izango dituzuela ziurtatzeko era bakarra delako.
Proiektu bat eraiki behar dugunean, eta beste ezertan hasi aurretik, oso interesgarria izaten da eraikitze-lan horren garapenak nondik norakoa izan behar duen planifikatzeko denbora bat hartzea.
Behin baino gehiagotan gertatuko zitzaizuen, adibidez, denbora labur batean proiektu bat eraiki eta, gero, denbora asko behar izatea doikuntza edo konponketatxoren bat egiteko, planifikatzerakoan kontuan hartu ez zenutelako, adibidez, desmuntatzeko aukera.
Oraintxe hasi dugun atal honen helburu nagusia horixe da: garapen fase horiek bereizten ikastea (lanean hasi baino lehen).
Proiektu txiki baten faseak bereizteko eta horien planifikazioa egiteko, eredu bat prestatu dizuegu, eta eredua ikusiz, ikas dezakezue, neurri batean, behintzat, nola egin daitekeen era horretako planifikazio bat.
Demagun talde batek haizetako garbigailu bat eraiki nahi duela.
Haizetako garbigailua motor batez mugiaraztea erabaki dute talde horretako kideek, eta motorraren biren transmisioa egiteko, biela erabiliko dutela pentsatu dute.
Hemen alboko argazkian ikus dezakezue tresna hori nola osatu zuten.
Horiek horrela direla, hurrengo orrialdeetan izango dituzue eraikuntza gauzatzeko egin dituzten urratsen berri.
1. urratsa.
Lehenengo urrats moduan, egitura edo armazoi nagusia osatuko dugu.
Horretarako, behar ditugun elementu eta osagaiak moztu beharko ditugu lehenengo (zerraz, esku-zerraz…).
Neurtu eta moztu beharreko elementuak hauek izango dira: plastiko gardena, plastiko horrentzako markoa, beheko oinarria, markoak zutik iraun dezan beharko ditugun eskuairak…
Mozketa-lanak egiteko prozedura ere behar bezala planifikatu behar dugu: moztu behar ditugun elementuak ondo neurtu, nondik moztu behar diren markatu, lan egiterakoan segurtasun-arauak errespetatu…
2. urratsa.
Armazoia osatzea izango da bigarren urrats honetako lana, edo, beste era batera esanda, aurreko urratsean moztu ditugun elementu guztiak elkartzea egitura bakar batean.
Urrats honetan badugu arazotxo bat: piezen arteko loturak egiteko dauden hainbat eraren artean aukeraketa egin behar dugu, kasu bakoitzean erarik egokiena zein den aztertu ondoren (ez baita gauza bera kolaz lotzea edo iltzeak, gabilak ala torlojuak erabiltzea).
Oharra: muntaketa iltzez eginez gero, konponketak egiteko garaian zailtasunak edukiko ditugu; aitzitik, ez zaigu hori gertatuko gabilak edo torlojuak erabiltzen baditugu: konponketak edo zuzenketak errazagoak izango zaizkigu.
3. urratsa.
Armazoia definitu ondoren, mekanismoarekin hasiko gara.
Lehenengo, beiraren (edo plastikoaren) gainean alde batera eta bestera doan palankatxoa egingo dugu, eta birak emateko sistema fidagarri bat erabiliko dugu mugimendurako. Muntaketa egin eta eskuz probatuko dugu.
Hori egindakoan, ikusiko duzue mugimendu horri mugak jartzea egokia eta komenigarria dela.
Hori euskarri baten bitartez-edo egin dezakezue.
4. urratsa.
Bielak eta poleak osatzen duten sistemaren txanda da oraingoan.
Oso garrantzitsua izaten da mekanismoaren funtzionamendua eskuz ondo probatzea motorra jarri baino lehenago, eskuz egindako prona horietan ikus baitaiteke sistemak ondo funtzionatzen duen ala ez. Horrela, balorazio egokiak egiten dira.
5. urratsa.
Dena ondo joan bada, motorra jartzeko eta instalazio elektrikoa egiteko unea iritsi da.
Ondoren, ea ondo funtzionatzen duen ikusiko dugu, gero konprobaketa egingo dugu eta, azkenik, funtzionamendua edo beste xehetasunen bat konpon dezakeen azken ukituak egingo ditugu.
Hori, noski, ondo badabil; gerta daiteke, ordea, gaizki ibiltzea. Orduan, planteamendua beste era batekoa izaten da. Planteamendu berria egin beharko da, eta berriz ekin planifikazio berria eginez, beharko balitz.
Fitxategia: