Proiekturako metodoaren faseak

Azterketa jarduera honetan, bi helburu izango ditugu. Alde batetik, proiektua gauzatzeko faseak zein diren gogoratzea eta, beste batetik, proiektuaren abiapunturako motibagarri izan daitezkeen hainbat arazotxo aurkeztea. 
 
• Gogora itzazue zein diren proiektu bat aurrera eramateko pausoak eta faseak, eta azter ezazue nola emango zenieketen erantzun egokia hor planteatzen dizkizuegun arazoei. 
 
1. Hona hemen proiektu bat gauzatzeko oinarrizko faseak zein izan daitezkeen adierazten dituzten marrazkiak eta bakoitzaren izenburua. Konturatuko zineten bezala, ez daude behar luketen ordenan, nahas-mahas jarrita baizik. Ipin itzazue fase horiek behar den ordenan, 1etik 6rako ordenan. 
 
2. Hiru arazo planteatzen dizkizuegu hemen behean, eta arazo horiek magiaren bidez bakarrik gaindi daitezkeela pentsatuko du batek baino gehiagok. Hala eta guztiz ere, azter itzazue arretaz eta saiatu erantzun egokia aurkitzen kasu bakoitzean. 
 
a) Kilo bateko pisua 5 cm altxatu behar duzue, zuen biriken indarra erabiliz. Ez larritu: Hiru txerrikumeak ipuineko otsoak lan neketsuagoa egin behar izan zuen sistema bera erabiliz; hau da, putz eginez. 
b) Antzinako jentilen parean jarri nahi zaituztegu hurrengo pronarekin: intxaur bat apurtu ezazue behatz baten indarrez. 
c) Ziur aski, Perurena harri-jasotzaileak ez luke arazo handirik izango zuen gelako ikaslerik handiena, esku batez, 5 cm jasotzeko. Ezta zuek ere, burua apur bat nekatzen baduzue.  
 
Hasiera batean, zail samarra irudituko zaizue, agian, baina gogoratu gizakiok oztopo handiagoak gainditu ditugula makinak erabiliz. Zuen inguruan dituzuen tresnez baliatuz, saia zaitezte arazoei konponbidea aurkitzen. Orrialde honetan bertan dituzue pista batzuk: begiratu arreta handiz irudiei.
Fitxategia: