Kalibrea
Neurriak zehaztasun handiz hartzeko tresna da kalibrea. Gainera, neurri horiek hainbat era eta lekutakoak izan daitezke: kanpoko neurria, barnekoa, sakonera… Jarduera honetan, kalibrearen erabilerei buruzko informazioa eskainiko dizuegu, neurketak egiteko tresna hori asko erabili beharko baituzue teknologiako gelan hemendik aurrera.
Hemen beheko argazkian ikus dezakezue nolakoa den kalibrea. Irudia ikusi ondoren, segur aski, ezaguna egingo zaizue, arrunta baita lan teknologikoa egiten den leku gehienetan.
Kalibrearekin hainbat neurketa mota egin daitezke, hor beheko marrazkian ikus dezakezuen bezala. Komeni litzateke ondo ikastea nola erabili behar den. Oinarrian, kalibrearekin hiru motatako neurriak egin ditzakegu: kanpoko neurriak, barnekoak eta sakonerak.
Beheko argazkietan ikusten da nola egiten diren neurketa horiek, baina, lehenik, hona hemen kalibrearen erabilerari buruz oso kontuan hartzeko ohar batzuk.
1. Kalibrearen erregela nagusian alde batera eta bestera mugitzen den erregela txikiari nonius esaten zaio.
2. Neurketak egiteko, erregela nagusiko zenbakiak eta noniusa non dauden begiratu behar izaten da.
3. Neurketa egitean, bi kasu nagusi gerta daitezke. Hurrengo orrialdean ikus dezakezue bi kasu horiek zein diren eta bi kasuetan nola egiten den neurketa.
I. kasua. Noniusaren zero zenbakia eta erregela nagusiaren zatiketa (milimetroei dagokien marretako bat) bat datoz, pare-parean daude.
Kasu horretan, zenbaki zehatza emango du neurketak. Adibidez, noniusaren zeroa 21 mm-ko marraren pare-parean badago, neurketa 21 mm-koa izango da, edo nahi baduzue, 21,00 mm-koa. Ikusi hemen alboko marrazkian kasu horri dagokion irudia.
II. kasua. Noniusaren zeroa ez dator bat erregela nagusiaren zatiketarekin (ez dago milimetro jakin baten pare-parean); kasu horretan honako pauso hauek eman beharko ditugu:
a. Noniusaren zeroaren pareraino erregela nagusian zenbat milimetro dauden ikusi. Hori izango da neurriaren zati osoa. Esate baterako, noniusaren zeroa erregela nagusiko 14 mm-ko marra baino pixka bat aurrerago badago (15 mm-ko marraraino iritsi gabe), neurria 14 mm eta zerbait gehiagokoa izango da.
b. Goiko a ataltxoan esan dugu 14 mm eta zerbait gehiagoko izango dela, baina zenbat gehiagokoa?
Gero ikasiko duzu zerbait gehiago hori zehatz zenbat den kalkulatzen; oraingoz, kalibrearen bidez milimetroak baino neurri txikiagoak ere bereiz eta neur daitezkeela jakitearekin aski duzue.
Kontuan izan behar duzue aurreko hori informazio-jarduera bat dela, eta horrelako kasu askotan egingo dugun bezala, informazio-jarduera horrek bikotea osatzen du aplikazio-jarduera honekin.
• Aurreko jarduerako informazioa jaso eta ondo ulertu ondoren, neurketak egiten hasi behar duzue. Har itzazue zenbait pieza (objektu) edo erabil itzazue irakasleak eskaintzen dizkizuenak, eta egin neurketak, kalibrea eta noniusa ongi erabiltzen ikasi arte.
Fitxategia: