Fabrikazio-teknikak:
Fabrikazio-teknikak: eztainuzko soldadura
Proiektua egiten hasteko, lehendabizi, honako alderdi hauek aukeratu behar ditugu: zer egin, zer metodologiari jarraitu, zer material erabili eta, noski, zer fabrikazio-teknikaz baliatuko garen. Unitate honetan, orain arteko beste guztietan bezala, fabrikazio-teknika berriak aztertzeko ikerketa-jarduera hau eskaintzen dizuegu, gero zuen proiektuan aplika dezazuen.
• Egin itzazue hemen behean datozen ariketak, adierazten diren urratsak eginez.
1. ariketa
Hauxe da lehenengo ariketa honen helburua: unitate honetan proposatu dizkizuegun zirkuitu elektrikoetako loturak nola egin behar diren aztertzea.
Ikusiko zenuten, behin baino gehiagotan, lotura mota asko erabiltzen direla eroaleak eta beste elementuak, edo operadoreak, elkarrekin konektatzeko: konexio-bloke bidezko loturak, eztainuzko soldadurak, eroaleak txirikordatzea, eta abar.
Teknika horiei buruzko informazio zehatza jasotzeko, Eraikitze-teknikak liburuaren azalpenetara jo dezakezue, eta gehiago nahi izanez gero, eskura dituzuen bestelako informazio-bideetara.
2. ariketa
Zirkuitu elektrikoetan loturak egiteko tekniken artean, eztainuzko soldadurarena topatuko zenuten aurreko ariketan. Arretaz aztertu duzuela frogatzeko, har ezazue motor txiki bat, eta haren konexio-borneetan erants iezazkiozue bi hari eroale, lotura teknika hori erabiliz.
Adieraz ezazue zer pausori jarraituko diezuen.
3. ariketa
Aurreko ariketa ondo egin baduzue, prest izango duzue motorra, haren hari eroale eta guzti, zuen proiektuan erabiltzeko, baina motorra gorde aurretik, lotura horri ziurtasun gehiago emateko, konexioko-soldadurak babes ditzazuela proposatzen dizuegu.
Motorraren konexio-borneak (soldatuak izanik ere), oso hauskorrak izan ohi dira, eta sarritan, erabili ezinda gelditzen dira, harietatik tiratzean borneak hausten direlako. Arazo horri aurre egiteko, aski izango duzue hariak motorrari zinta isolatzailez lotzea.
Begira iezaiozue alboko irudiari, eta presta ezazue zuen motorra hor agertzen denaren eran.
Fitxategia: