Soldaketa
Soldatzea
Material metalikoak erabiltzeko fabrikazio-tekniken artean, soldatzea aipatu nahi genuke jarduera honetan, eta, bereziki, eztainu bidezko soldatzea.
Eztainu bidezko soldadurak egiteko, soldagailu elektrikoa erabiltzen da. Soldagailuaren punta oso beroa egoten da, eztainuaren fusio tenperatura (232 ºC) eduki behar baitu, edo handiagoa. Beraz, eskuak babestea komeni da soldagailua erabiltzen dugun bakoitzean.
Bestalde, soldatzera zoazten materialek, metalak izaki, oso ongi eroaten dute beroa, ez inoiz heldu, beraz, esku hutsik, konturatu gabe erre zaitezkete eta. Eztainu bidezko soldadurak egiteko teknika era honetan esplika daiteke:
Soldatzeko teknika
Pentsa A metala B metalarekin soldatu behar dituzuela eztainua erabiliz.
a) A eta B metalak lotuko diren guneak ongi berotu behar dira soldagailuarekin.
b) A eta B metalen berotasunak urtu behar du eztainua. Eztainua soldagailuan urtzen baduzue eta berotu gabe dauden A eta B metalen gainean ipini, eztainua berehala gogortuko da, baina A eta B metalak lotu gabe geratzeko arriskua duzue.
c) A eta B metalak (beroak) elkartu eta eztainu urtuarekin lotzen dira, soldagailuaren laguntzaz (berotzen jarraituz).
Adibide gisa, motor baten borneak nola luza daitezkeen ikus dezakegu, soldaduraren teknika erabiliz.
Har ezazue motor bat eta bi hari eroale (plastikozko isolatzailea duten hari arruntak). Horiek izango dira lan hau egiteko behar ditugun materialak.
Zuritu itzazue bi hari eroaleen muturrak (ez daitezela oso luzeak izan, baina ezta oso laburrak ere), elektrikariaren guraizeak erabiliz.
Gure asmoa motorraren bi borneak luzatzea da, korrontea eroateko kontaktua motorraren bi borne horietan zuzenean egin beharrean, askoz urrutirago egin ahal izateko. Hori lortzeko erantsi dizkiegu bi hari eroaleak borneei (seguru asko, aurrerago aplikazioren bat aurkituko diogu motor beso luzeari).
Fitxategia: