Proiekturako

Proiekturako proposamenak 
 
Orain arte egindako jardueretan balizko egoera bat aipatu dizugu (gaiari gogoz heltzeko lagungarria izango zitzaizulakoan), baina, honenbestez, irudimenezko lanak utzi, eta unitate honetako proiekturako proposatzen dizkizugun arazoak aurkeztuko dizkizugu, aurreko unitateetan egin dugun bezala.  
 
Proposamen horietatik bat aukeratu behar duzu, eta, planteatutako arazoaren funtsa definitu ondoren, konponbidea diseinatu eta eraiki. Zure asmatzaile-sena piztu nahi dugu jarduera honen bidez. 
 
Aukera ezazu aurkezten dizkizugun proiektuen artetik bat, eta saiatu zure taldekideekin batera gauzatzen, unitatean markatzen dizkizugun atalei eta argibideei jarraituz. 
1. proposamena 
Zure herriko lantoki batean irristailu-ateak egiten dituzte.  
 
Ate horiek saltzeko, maketa bat egiteko eskatu dizu bertako jabeak, denda bateko erakusleihoan jarri eta bezeroek ikus dezaten.  
 
Atea irekitzeko eta ixteko, zirkuitu elektriko batez baliatu behar duzu. Ateak gelditu egin behar du posizio bakoitzean, eta, agindu berria jaso ondoren, beste posiziora mugitu. 
 
Ezaugarriak: 
a) Gehienezko neurriak: 500 x 280 x 18 mm. 
b) Erabiliko dituzun kontroladore guztiek zeuk diseinatu eta eraikitakoak izan behar dute. 
 
2. proposamena 
Zure ikastetxean beste igogailu bat jarri behar da, eta horretarako igogailu prototipo baten maketa egin, eta instalazio osoaren aurrekontua aurkeztu behar duzu, honako ezaugarri hauek kontuan izanik. 
 
Ezaugarriak: 
a) Maketako igogailuak 500 g-ko pisua duen objektua igo behar du 50 cm-ko altuerara. 
b) Kontroladore berarekin jarriko eta geldituko da igogailua martxan. 
c) Energia-iturria elektrizitatea izango da. 
 
3. proposamena 
Eski-estazio baterako teleferikoa egin behar duzu, baina benetako eraikuntza eta instalazio hasi aurretik, prototipoa maketa modura eraikitzea eta aurkeztea eskatzen dizute.  
 
Honako ezaugarri hauek bete behar ditu maketa horrek. 
 
Ezaugarriak: 
a) 30 cm-ko ibilbidea eginez, 10 cm egin behar ditu gora. 
b) 200 g-ko pisua eramateko gai izan behar du. 
c) Kontrol-puntu beretik martxan jartzeko eta gelditzeko balio behar du. 
 
4. proposamena 
Etxebizitzetako garajeak burdinazko atez itxita egon ohi dira. Autoa sartu edo atera nahi duten gidariek autotik irten gabe, leihatilatik bertatik, atea ireki eta itxi ahal izatea nahi lukete. Zer konponbide proposatuko zenuke? 
 
Aurreko unitateetan egin duzun bezala, aurkeztu dizkizugun proiektu-proposamenen artetik bat aukeratu behar duzu jarduera honetan. Beste era batera esanda, arazoaren identifikazioa eta deskribapena egin behar duzu, eta ondorengo fitxaren antzekoa idatzi, beste ezertan hasi aurretik. 
 
Defini ezazu zehatz-mehatz zein den aukeratu duzun proposamena, eta, ondoren, deskribatu, ahal dituzun argibide gehienak emanez, zein diren egoera horrek planteatzen dituen baldintza nagusiak edo mugak, arazoa gainditzeko eraikitako proiektuak zer egin beharko lukeen, eta abar.  
 
Osa ezazu proiektuaren txosteneko hurrengo orrialdea, azpian adierazten diren argibideei jarraituz. 
 
Gogoratu zer den puntu bakoitzean idatzi behar duzuna:  
Arazoaren identifikazioa dioenean, hautatu duzun proposamenak zein arazo dituen azaldu behar duzu, proposamenean adierazten dena zure hitzez berridatziz. 
 
Arazoaren deskribapenean, proposamenak aurkezten duen arazoaren aurrean kokatzen saiatu behar duzu, eta bertan gertatuko liratekeen baldintza eta muga material nahiz bestelakoak ahalik eta ongien deskribatzen.                                 
 
PROIEKTUAREN TXOSTEN TEKNIKOA 
Arazoaren identifikazioa 
 
Arazoaren deskribapena 
Fitxategia: